Argazkia: iStock

Berdintasuna

Sindikatuek bat egin dute LGTBIQ+ mugimenduaren aldarrikapenekin

Langile mugimenduak bat egin du LGTBI harrotasunaren eguneko aldarrikapenekin. Jazarpena eta diskriminazioari aurre egiteko eta lan eremu seguruak lortzeko neurriak exijitu dituzte

Erabateko babesa adierazi die langile mugimenduak Ekainaren 28ko aldarrikapenei. Hego Euskal Herrian, aurten LGTBIQ+ kolektiboko kideek, trans pertsonek bereziki, pairatzen duten diskriminazio eta jazarpenari aurre egiteko mezuei aldarrikapen berria gehitu zaie. Espainiako Diputatuen Kongresuan otsailaren 28an onartutako 4/2023 legeak, trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorrari eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzkoak, enpresetan berdintasuna bermatzeko neurriak ezartzeko derrigortasuna nabarmendu dute sindikatuek haien aldarrikapenetan. 

LGTBI pertsonen eskubideak aldarrikatu dituzte euskal sindikatuek sexu askapenerako egunerako egindako agerraldi eta deialdietan. Kolektibo horretako pertsonek gaur egun pairatzen duten jazarpen egoera salatu nahi izan dute, eta lan eremuetan ere diskrimazioa ematen dela nabarmendu dute. Iren Ibisate Cuartero Euskadiko UGT-Anitzako kideak azaldu bezala, Espainiar estatu mailan UGT sindikatuak egindako inkesta baten arabera, egun LGTBI kolektiboko pertsonen % 40k lan eremuan "armairura" bueltatzen dela onartzen du.

Iren ibisate (UGT Anitza): "LGTBI pertsonen % 40 lan eremuan armairura bueltatzen da"

Trans pertsonak dira lan eremuan jazarpen handiena pairatzen dutenak. Hala, aipatu inkestaren arabera, hamarretik hiruk onartzen du ahozko erasoak pairatzea lan eremuan eta, horien artean, % 74k behin baino gehiagotan. Ibisatek nabarmendu du "inkesta honek agerian uzten duela lan eremuan, gizartearen bestelako alorretan bezala, gorroto diskurtsoek gero eta eragin handiagoa dutela". Trans pertsonen inguruko txantxak eta mespretxuak egitea ohikoa da, Ibisateren iritziz, eta horregatik, inkestak azaldu bezala, trans pertsonen erdia ez dira "armairutik" ateratzen lan eremuan. Espainiar estatu mailan UGT sindikatuak Madrilen egingo duen Aurrera goaz, LGTBI pertsonak negoziazio kolektiboan eta gizarte elkarrizketan jardueretan parte hartuko dute EAEko UGT Anitzako kideek.

Trans pertsonen egoeraren salaketa muinean

UGT ez da trans pertsonen egoera aldarrikapenen muinean kokatu duen sindikatu bakarra. Astelehenean, hilaren 26, ELA sindikatuak Gasteizen topaketa egin zuen sexu askapenerako nazioarteko egunaren harira, eta "trans borroka klase borroka dela" aldarrikatu zuen. Bertan Federación Plataforma Trans, Loratuz Lotu (Euskal Herriko Trans Helduen Elkartea) eta Ikusgune (Gasteizko LGTBi+fobiaren Aurkako Behatokia) elkarteek parte hartu zuten. Mar Cambrolle Federación Plataforma Transeko lehendakariak aldarrikatu zuen trans kolektiboa izan dela demokraziaren ahazturik handiena: "Transak gara diskriminazio eta eraso gehien jasaten ditugun pertsonak, baina gu gara gutxien salatzen ditugunak. Eta lanean apartheid bat jasaten dugu. Ez nuen uste hainbesteko indarkeria jasango genuenik. Diskriminatu egiten gaituzte emakume izateagatik, eta trans izateagatik”. Gasteizko topaketan gorrotoaren diskurtsoa urtez urte hazten ari dela salatu zuen Ikusguneko ordezkariak: "Trans kolektiboaren deshumanizazioa dago".

ELA: "LGTBI borroka eta, bereziki trans borroka, klase borrokaren parte da"

Erasoak ez dira hitzezkoak bakarrik edo sare sozialetan, gero eta indarkeria fisiko eta jipoi gehiago daude. Beldur hori ere badago lan eremuan. Badira trantsizioan dauden bitartean lana uzten duten pertsonak, kaleratuak izateko beldurrez. Testuinguru horretan, sindikatuekiko aliantza behar dugu, lantoki guztietan ingurune atseginak sortu ahal izateko”.

Informazio gehiago E28: enpresek aniztasuna bermatzeko ordua

Topaketaren bitartez ELAk LGTBI pertsonen afera lehen lerrora ekarri nahi izan du, "alde batetik, giza eskubide kontua delako, baina baita LGTBi borroka eta, bereziki trans borroka, klase borrokaren parte delako. ELAk argi du trans pertsonen eskubideen defentsa borroka sindikalaren parte dela".  Gipuzkoako Metaleko hitzarmena borroka horren adibide da, ELAren ustez, bertan norbere izenaz izendatua izateko eskubidea jasotzen duelako, nahiz eta tramite administratiboak oraindik ere eginak ez izan.

Eraso LGTBIfobikoen kezka

LAB sindikatuak "aske maitatzearen harrotasuna" aldarrikatu nahi izan du Ekainaren 28rako deialdian. Kezka ere azaldu du sindikatuak "gure auzo, kale eta lantokietan eraso LGTBI+fobikoek gertatzen jarraitzen dutelako", eta horren aurrean "sexualitatea askatasun osoz bizitzeko hautu zilegia baino are gehiago dela aldarrikatzen du: kapitalismo heteropatriarkalak inposatutako leku, eredu eta roletatik askatzen gaituen hautu bezala ulertuz". Hala, LABek tresna izan nahi du LGTBI harrotasunerako lan eremuan bermeak jartzeari begira, langile guztion eskubideen alde eginez.

Ildo horretan LABek negoziazio kolektiboan klausulak proposatu eta borrokatzen jarraitzeko asmoa nabarmendu du diskriminazio guztiak ekiditeko. Horrela, otsailaren 28ko 4/2023 legeak horretarako bermeak ematen dituela nabarmendu du: "enpresak diskriminazio guztiak ekiditera eta prebenitzeko neurriak hartzera behartuta daude, eta, zentzu horretan, sexu aniztasunarengatiko diskriminazioa ere hartu behar dute kontuan. Era berean, neurri eta prozedura zehatzak ezarri behar dituzte jokabide homofoboak prebenitzeko, kexak eta salaketak jasotzeko eta horiei erantzun egokia emateko.

LABek tresna izan nahi du LGTBI harrotasunerako lan eremuan bermeak jartzeari begira, langile guztion eskubideen alde eginez.

CCOO sindikatuak ere eraso LTGBIfobikoen aferari heldu dio, horretarako ”LGTBIfobia lan arriskuen prebentzioaren ikuspegitik" izeneko gisa sortuz. LGTBIQ+ pertsonen eskubideen benetako berdintasunaren alde borroka egitea sindikatu osoaren lana dela nabarmendu nahi izan du: "CCOOren balioen muinean txertatutako borroka da: elkartasuna, gizarte justizia, eskubideen berdintasuna, osasuna eta lan segurtasuna". Gidak sindikatuko kideei lan eremuetan espazio seguruak lortzen lagundu nahi die, prebentzioaren ikuspegitik.