Sindikatuetan emakumeen parte-hartzeak gora egiteak eragin positiboa duela egiaztatu dute
'Emakumeen lidergoa EAEko sindikatuetan eta sindikatuen bitartez: bideratzaileak, oztopoak eta erronkak' azterlana aurkeztu berri du Emakundek
Emakundek azterlan berria aurkeztu du gaur: Emakumeen lidergoa EAEko sindikatuetan eta sindikatuen bitartez: bideratzaileak, oztopoak eta erronkak. Emakumearen Euskal Erakundeak azaldu duenez, lan hau garatzea posible izan da emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerketei ematen zaien beka baten bitartez. Ikerlanaren egileak dira Eliana Alemán Salcedo, Lohitzune Zuloaga Lojo eta Elisa Sierra Hernaiz. Hiruak dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileak.
Emakundeko zuzendari den Miren Elgarrestak ikerlanaren gaineko hausnarketa egin du, eta azaldu du azterlanean egiaztatzen dela sindikatuetan emakumeen parte hartzea handiagoa izateak eragin positiboa duela lan munduan. Bestalde, goi karguetan eta eragin handiagoko postuetan emakumezko gehiago egotea aldarrikatu du Elgarrestak, haren ustetan, justizia sozialeko gaia izateaz gain ere badelako “berrikuntzako, kalitateko, kudeaketa aurreratuko eta etengabeko hobekuntzarako elementu bat”.
Azaldu dutenez, argitaratutako txostena sindikatuentzako hausnarketarako tresna izatea nahi dute, eta, horregatik, ikerlanean parte hartu dute ehun bat emakumek, ELA, LAB, CCOO eta UGTkoak. Txostenak gomendioak ematen dizkie sindikatuei, hain zuzen, emakumeen lidergoa indartzen laguntzeko. Proposamen horietako batzuk dira: hausnarketa prozesuak hasi edo jarraitzea; modu berriak bilatzea lan sindikala eta emakumeen bizitzako beste esparruak bateragarri egiteko; baliabide gehiago bideratzea sektore prekarioetan lan egiten duten emakumeentzako…