Argazkia: Irekia

EKONOMIA

Soldata-arrakala hiru urtean sei puntu jaitsi da EAEn

Berdintasuna "bidezkoa izateaz gain, posible dela" adierazi du Idoia Mendia lehendakariordeak

Soldata Berdintasunaren Europako eguna da bihar, eta Idoia Mendia lehendakariordeak eta Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak emakumeen eta gizonen berdintasuna "lehen mailako helburu demokratikoa eta lehiakortasunaren motorra” dela gogorarazi du. Soldata Berdintasunaren aldeko foroa inauguratu du gaur Mendiak, eta egindako bidearekin pozik badago ere, “autoexijentzia” eskatu du.

Soldata-arrakala hiru urtean sei puntu jaistea lortu duten politika publikoak ere aldarrikatu ditu lehendakariordeak. Hala, INEk argitaratutako EAEko soldata arrakalaren azken datuak diotenez, %16,7koa izan zen 2021ean. 2018an, aldiz, %22,6koa zen. "Hiru urtean sei puntu gutxiago dira, tarte hori inoiz ez da izan hain denbora-tarte laburrean", gehitu du.

Berdintasuna "bidezkoa izateaz gain, posible dela" dio Mendiak, eta soldata-berdintasun handiagorantz goazela uste du. Berdintasun hori lortzeko neurrien artean hainbat nabamendu ditu: “lanbide arteko gutxieneko soldataren % 54ko igoera, batez ere emakumeei eta gazteei eragiten diena", edota "soldata-gardentasunaren eta ordainsari-auditorien betebeharra" enpresentzat, besteak beste.

Oraindik murrizteke dagoen soldata arrakala partzialtasunari egotzi dio lehendakariordeak, "nahiz eta bere enpresarekin lan-harreman mugagabea duten pertsonen kopurua zazpi puntu baino ez den igo bi urtean, ia herena lanaldi partzialekoa da, eta ia 20 puntuko aldea dago emakumeen eta gizonen artean", azaldu du.