Argazkia: iStock

EKONOMIA

'Tax the rich!' edo aberatsak zergapetzearen aldarria

Azken bi urteetan mundu osoko populazioaren %1k gainerako biztanleria osoaren aberastasunaren ia bikoitza pilatu du. Aberatsa gero eta aberatsagoa den gizarte honetan, fortuna handiei zerga handiagoak ezartzeko aldarriak aregotzen ari dira nazioartean

“Tax the rich!” ohiuak oihartzuna hartu du urte berriaren hastapenetan. Nazioarteko aldarri bilakatu da aberatsenei zergak igotzearen oihua. Pasa den urtarrilaren 15etik 19ra bitartean Davosen egindako goi bileraren harira, nazioarteko jende ospetsu askok egin zuten fortuna handiei zerga handiagoak jartzeko eskaera formala. Hau da, beren aberastasun propioari zati handiago bat "kentzeko" eskaria.

“Jar itzazue zerga gehiago gure ondasunari” zioten besteak beste, Succession telesail ospetsuan enpresaburuaren papera egiten du Brian Cox aktore eskoziarrak edota Rockefeller dinastiaren oinordeko den Valerie Rockefellerrek. 17 herrialdeetako 250 aberatsek sinatzen zuten dokumentua, Munduko Ekonomia Foroan parte hartzen zuten agintariei zergak igo, eta aberastasuna zerbitzu publiko hobe batzuk lortzera bideratzeko eskatuz.

17 herrialdeetako 250 aberatsek sinatzen zuten dokumentua, Munduko Ekonomia Foroan parte hartzen zuten agintariei zergak igo, eta aberastasuna zerbitzu publiko hobe batzuk lortzera bideratzeko eskatuz

"Harritu egiten gaitu duela hiru urtetik hona egiten diegun galdera soila erantzuteari huts egin izanak: noiz zergapetuko dute muturreko aberastasuna? Ekonomia garrantzitsuenetako politikari hautetsiek neurririk hartzen ez badute desberdintasunaren gorakada izugarria konpontzeko, ondorioak katastrofikoak izaten jarraituko dute gizateriarentzat", dio Suitzako eski estazioan elkartutako gobernuburuei idatzitako gutunak.

Aberastasuna esku gutxitan

Intermon Oxfam nazioarteko elkartearen txosten baten arabera, azken bi urteetan mundu osoko populazioaren %1k gainerako biztanleria osoaren aberastasunaren ia bikoitza pilatu du. Hala, munduko %1 aberatsenak 2020az geroztik sortu den aberastasun berriaren bi heren bereganatu ditu. Datuok zera esan nahi dute finean: aberatsak gero eta aberatsagoak direla.

"Jende arruntak elikagaiak lortzeko eguneroko sakrifizioak egiten dituen bitartean, super aberatsek beren ametsik ausartenak ere gainditu dituzte. Bi urte igarota, hamarkada hau orain arteko onena da dirudunentzat: urrezko hamarkada, oparoaldi ekonomikoa munduko aberatsenentzat”, adierazi du Gabriela Bucher Oxfam erakundeko zuzendari exekutiboak.

Munduko %1 aberatsenak 2020az geroztik sortu den aberastasun berriaren bi heren bereganatu ditu

Besteak beste, pandemiak eta bizitza kostuen gorakadak eragin dute ondarearen desoreka gero eta nabarmenago hau. Biztanleriaren %1 famatu horrek 26 bilioi dolar bereganatu ditu azken urteotan. Munduko gainerako populazioak, aldiz, 16 bilioi dolar.

Halaber, inflazioak nabarmen eragin du energia, elikagai eta finantza sektoreetan, eta hauen atzean dauden enpresaburuen irabaziak nabarmen handitu ditu. 2023an, finantza erakunde eta bankuek inoizko etekinik handienak lortu dituzte, interes tasen gorakada dela eta. Gainera, Oxfamen txostenaren arabera, 95 energia- eta elikadura-enpresa handiek irabaziak bikoiztu baino gehiago egin dituzte 2022an. Zehazki, 306.000 milioi dolarreko mozkinak sortu zituzten, eta 257.000 milioi dolar (% 84) akziodun aberatsei ordaintzera bideratu ziren.

Fortuna handien zerga

Nazioarteko egoera honek, auzi eta gatazka politikoak sortzen ditu nonahi. Espainiako estatuan esaterako, iaz PSOEk fortuna handien zerga ezarri zuen estatu osoan. Gurera ekarrita, 2023 amaieran Elkarrekin Podemosek akordioa itxi zuen PSE eta EAJrekin Arabako aurrekontuak onartzeko, errenta altuei zergak igotzeko konpromisoa hartuz. Hori gutxi balitz, aurten, hauteskundeen ostean, zerga erreforma ailegatuko da Euskal Autonomia Erkidegora, eta ikusteke dago zer neurri hartuko diren gai honen inguruan.

2023 amaieran Elkarrekin Podemosek akordioa itxi zuen PSE eta EAJrekin Arabako aurrekontuak onartzeko, errenta altuei zergak igotzeko konpromisoa hartuz

Estatu osoan ezarritako fortuna handien zergak tirabirak sortu zituen Espainiako panorama politikoan. Isabel Diaz Ayuso buru duen Madrilgo erkidegoak helegitea jarri zuen Auzitegi Kontituzionalaren aurrean, erkidegoen konpetentzia kentzen zituela argudiatuz, baina helegiteak ez zuen aurrera egin. Hala, 3 milioi euro baino gehiagoko aberastatasunak zergapetzen ditu arauak. 3,7 eta 5,3 milioi euroko fortunei %1,7ko tasa ezartzen zaie, %2,1ekoa 5,3 eta 10,6 milioi eurokoei eta %3,5ekoa 10,6 milioi eurotik gorakoei. Iazko uztailean egindako autolikidazioan Espainiako ogasunak 623 milioi euro bildu zituen.

Arabako kasuan, fortuna handien gaineko elkartasun zerga aplikatzeko adostasuna lortuta, tasarik handiena ordaintzeko behar den ondarea 16 milioi eurotik 14,5 milioi eurora jaitsi zuten. Egun, EAEko hiru lurraldeetan %3,5 ordaintzen dute 14,5 milioi eurotik gora dutenek. 12,8 milioitik gorako ondarea dutenek, aldiz, %2ko tasa ordaintzen dute Bizkaian, eta %2,5ekoa Araban eta Gipuzkoan. Nafarroan, ondasunaren gaineko zerga daukate, zeina fortuna handien gaineko elkartasun zergarekin osagarria den.