Txikizkako merkataritza %4,2 hazi da hirugarren hiruhilekoan EAEn
Urte artean, %0,3 hazi dira salmentak elikaduraren sektorean, eta %1,8 jaitsi automobilgintzako erregaienean; gainerako produktuen sektorean %6,9 handitu dira
Hirugarren hiruhilekoan %4,2 handitu da EAEko txikizko merkataritza, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Salmentak ere %4,8 hazi dira (gasolindegiak kontuan izan gabe) Eustat Euskal Estatistika Erakundeak eskainitako datuen arabera. 2024ko bigarren hiruhilekoaren aldean ere %1,7ko hazkundea izan da salmentetan, urtaro-ondorioak kenduta.
Sektoreka, 2023ko hiruhileko beraren aldean, elikaduraren salmentak %3,0 gehitu dira; automobilgintzako erregaiaren sektorean, ordea, salmentek %1,8 egin dute behera; kontrara, gainerako produktuen sektoreak izan du hazkunderik nabarmenena urte artean, %6,9 handitu baitira salmentak.
2024ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, aldiz, elikaduraren sektorean jaitsi egin dira salmentak, %0,2; gorakada egon da, ordea, beste bi sektoreetan: %1,5koa automobilgintzarako erregaietan eta %4,2koa gainerako produktuetan.
Lurraldeka, urte arteko emaitzak positiboak izan dira, bai Gipuzkoan (%4,7), bai Bizkaian (%4,2), baita Araban ere (%2,9). Aurreko hiruhilekoaren aldean ere hazkundea izan da hiru lurraldeetan: Bizkaian %2,0koa, eta Araban zein Gipuzkoan %1,3koa.
Azkenik, landun kopuruari dagokionez, sektorean %1,7ko hazkundea egon da urte artean; bigarren hiruhilekoaren aldean, ere, igoera egon da, %0,8koa.