Argazkia: iStock

EKONOMIA

Txirotasun menstruala: hilerokoa arazo ekonomiko

Milioika emakumeek ez dute produktu menstrualen, uraren eta saneamendu seguru baten eskuragarritasunik haien osasun eta higiene menstruala zaintzeko. Horrek haien bizitza eragin nabarmena du, eskubide eta askatasuna mugatuz.

Txirotasun menstrualak produktu menstrualak ordaintzeko ezintasunari edo horien eskuragarritasun ezari egiten dio erreferentzia. Baita osasun menstruala kudeatzeko saneamendu eta higiene instalazio, hezkuntza edo ezagutza falta izateari ere.

Estigmak, produktu menstrualen prezio altuek, eta ur eta saneamendu instalazio faltak sortzen du txirotasun menstruala mundu osoan. Txirotasun menstrualaren ondorioz, eskolara edo lanera joateari uzten diote, osasun ondorioak pairatuz. Mundu mailako arazoa da, ekonomikoki aberats eta txiroak diren herrialdeetan bizi diren emakume eta haurrei eragiten diena.

Estigmak, produktu menstrualen prezio altuek, eta ur eta saneamendu instalazio faltak sortzen du txirotasun menstruala mundu osoan

Produktu menstrualak erosterako garaian, aldaketa handia dago diru-sarrera eta bizilekuaren arabera (hiri eta landa eremuan bizitzea, kasu). Bangladesh, India, Egipto, Madagaskar edota Zimbabwen, adibidez, hiri eremuko nerabe eta emakumeek konpresak erabiltzeko joera handiagoa dute landa eremukoek baino, zeinak trapu modukoak erabili ohi dituzten. Osasunaren Munduko Erakunde (OME) eta Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren (UNICEF) arabera, nerabe eta emakumeen 5etik 1ek, Etiopiako landa eremuetan, ez du inolako produktu menstrualik erabiltzen hilerokoa duen bitartean. Beste herrialde batzuetako landa eremuetan 20tik 1ek bizitzen du egoera hori.

AEBn, nerabeen 4tik 1ek eta helduen 3tik 1ek zailtasunak ditu produktu menstrualen prezioari aurre egiteko, eta bereziki, azal zuria ez duten nerabeek eta diru-sarrera txikiagoak dituzten familiek. 2020an, Erresuma Batuan, haurren 10etik 3k produktu menstrualen prezioari aurre egiteko edo horiek eskuratzeko zituzten. Erdiak baino gehiagok produktu menstrualak komuneko paperarekin ordezkatu zituzten.

Krisi ekonomikoen eraginak

Krisi ekonomikoek ere eragin zuzena dute txirotasun menstrualean. Gero eta adostasun handiagoa dago hilerokoaren kudeaketa higiene eta osasun gaia ez ezik, giza eskubide eta genero berdintasunarekin zeharo lotuta dagoela. Egun gatazka egoeran dauden zonaldetan 614 milioi emakume eta haur bizi dira, eta are gehiago dira gatazka, krisi eta hondamendi egoeretatik ihes egiten dutenak. ACNUR erakundearen arabera, 2023 urtean errefuxiatuen %51 emakume eta neskak ziren. Eta krisi egoeratan hilerokoa desagertzen ez bada ere, higiene menstruala, osasuna eta emakume eta nesken duintasuna ez da lehentasun bat izaten. Bidaian zehar eta kanpamentuetan emakume eta neskek pribatutasun falta izaten dute aldatu eta garbitzeko.

ONUko ikerketa baten arabera, Gazan 540.000 neska eta emakumeek haien higiene eta osasun menstruala zaintzeko produktuak lortzeko arazoak dituzte. Horien faltan, trapu edota belakiak erabiltzen dituzte. 10 milioi konpresa beharko lirateke Gazako neska eta emakumeen higiene eta osasun menstrualeko beharrak asetu ahal izateko.

Libanoko kirisi ekonomikoan herrialdean ekoitzitako konpresa eta higiene produktuen prezioak %98 eta %234 tartean hazi ziren

Libanoko kirisi ekonomikoan herrialdean ekoitzitako konpresa eta higiene produktuen prezioak %98 eta %234 tartean hazi ziren. 2020ko apirilean, nesken %66k produktu mentstrualak erosi ezin zituztela baieztatu zuten, baina gaia tabua denez, neska eta emakumeen gehiengoak ez duela horren inguruan hitz egiten.

Ildo beretik, COVID-19aren pandemiak ere ondorioak ekarri zituen txirotasun menstrualean. Esaterako, uraren erabilera beste behar batzuk asetzeko erabiltzeko beharra ikusi zuten, hilerokoaren higienea alde batera utziz. Izan ere, konfinamenduak uraren irisgarritasuna mugatu zuen hainbat lekutan, higieneak hileroko garaian lehentasunezkoa izateari utziz. Komunak, kutsadura fokuak saiheste aldera itxita mantendu dira, enplegua eta ekonomia mugatuta geratu da, emakumeena bereziki, ezegonkortasun ekonomikoa handitu eta lan merkatuko egoera gehiago okertuz. Gizarte zerbitzuetara edota osasun zerbitzuetara jotzeko zailtasun handiagoa izan da.

Zerga arrosa

Pobrezia beraz harago, zergetan ere desberdintasunak ikusi ohi dira. Ezaguna da, esaterako, zerga arrosa deritzona. Zerga horrek erreferentzia egiten die emakumeentzako produktuen kostu gehigarriari, bereziki funtzionalki gizonezkoei bideratutako horien berdin-berdinak direnei loturikoa (esaterako, makinillak), baina baita oro har ere, hileroko produktuen kasuan, adibidez. Are gehiago, duela gutxira arte, Espainian hilerokoaren inguruko produktuak BEZ handiagoa izan dute beste oinarrizko produktuek baino. Izan ere, espainiar gobernuak 2022. urtean hileroko produktuen BEZ %10etik %4ra jaitsi zuen, zerga arros horri aurre egiteko asmotan.

Urte berean Europar Batasunak kide diren herrialdeei produktu menstrualak BEZik gabe saltzeko baimena eman zien. Egun, ordea, Irlanda da horri heldu dion herrialde bakarra, bertako produktu menstrualen gainean BEZa kenduz. Beste herrialde batzuetan, ordea, BEZ altua mantentzen jarraitzen dute: Hungariak % 27ko BEZa du, eta Suedia eta Dinamarkak, aldiz, %25ekoa. Beraz, txirotasun menstrualak ere, modu ezberdinean eragiten duen arren, ekonomikoki aberatsagoak diren herrialdeetan ere eragiten du. Belgikan hamabost pertsonatik batek ez du bere gustuko produktu menstrualak erosteko aukera, oinarrizko behar bat edo bestea asetzeko produktuen artean erabakitzeko behartuta egonik, Bruzelle gobernuz kanpoko erakundearen arabera.

2022an Europar Batasunak kide diren herrialdeei produktu menstrualak BEZik gabe saltzeko baimena eman zien. Egun, ordea, Irlanda da horri heldu dion herrialde bakarra

Produktu menstrualen prezio garestiei aurre egiteko modu bat da produktu berrerabilgarrien erabilpena. Katalunia kopa menstruala, bi konpresa berrerabilgarri edo bi braga menstrual banatzen hasia da; astebetez aritu zen, txirotasun menstrualari aurre egiteko asmoz. Ekimen aitzindaria emakumeen osasunean produktu menstrual berrerabilgarriak doan eskainiz. Izan ere, Kataluniako Generalitatearen arabera emakumeen %23ak erabilera bakarreko produktuak berrerabiltzen ditu eta %44ak ezin ditu produktu menstrualak lehenengo hautu bezala aukeratu.

Hala ere, produktu berrerabilgarriek emakume askoren egoera hobetu ditzaketen arren, sortzen dituzte zailtasunak. Hilerokoa duten pertsonen esfortzu logistiko handiagoa suposatzen du, horiek sakonki garbitu eta lehortu behar baitira, emakumearen buru karga areagotuz baina batez ere ur-higienearekin arazoak dituzten tokietan sortu ditzakeen gaixotasunengatik. Horrek ez du esan nahi aldaketa klimatikoaren aurrean neurria oso lagungarria ez denik. Erabilera bakarreko produktu menstrualak sortzen dituen hondakinak gutxitzen laguntzen du.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoan?

Gurean ere, txirotasun menstruala eta zerga arrosaren eragina nabarikoa da. Jordi Gol i Gurina Lehen Mailako Arretako Ikerketako Unibertsitate Institutuak Espainia mailan hainbat datu bildu zituen. Lortutako portzentajeak EAEko 13-49 urte bitarteko emakumeengan aplikatuz, 105.000 emakumeek produktu menstrualak erosteko arazo ekonomikoak eduki ahal izan dituzte. 188.000 emakume produktu menstrual merkeagoak erostera behartuta sentitu ahal izan dira zailtasun ekonomikoak direla medio. Ildo beretik, produktu menstrualen erabilera txarra ere behatu ahal izan da, produktuen denbora gomendioa luzatuz, adibidez, horrek dakarren osasun arazoekin (infekzioak, arazo emozionalak…).

EAEn 2021 urtean Emakundek garatutako ikerketaren arabera, emakumeen hamarretik seik (%60,3) arazo ekonomikoak izan dituzte produktu menstrualak lortzeko

EAEn 2021 urtean Emakundek garatutako ikerketaren arabera, galdetutako emakumeen hamarretik seik (%60,3) arazo ekonomikoak izan dituzte produktu menstrualak lortzeko. Hamarretik zortzik (%82,5) produktu merkeagoak erostera behartuta sentitu dira arazo ekonomikoak direla medio. Alegia, deserosoago diren eta deserosoago sentiarazten dieten produktuak erostera bultzatua sentitzen dira, baliabide ekonomikoak direla eta. Emakumeen erdiak produktu menstrualak gomendatutako denbora baino gehiago erabili dituzte dirua aurrezteko asmoz eta %51,3k produktu menstrualak erosteari utzi dio beste gastu batzuei aurre egiteko (janaria, etxebizitzaren inguruko gastuak…). Galdetutako emakumeen %44,6k ere bestelako produktuak erabili ditu (komuneko papera, painalak…) produktu menstrualak erosteko arazo ekonomikoen aurrean.