Bertso saioa Leitzan | Argazkia: Lanku

Jaiak

Udako bertso saioen ekonomia

Herriko jaietako bertso saioak antolatzeko Lanku kultur enpresara jotzen dute hainbat antolatzailek. Udaran zehar saio ugari egiten dira Euskal Herri osoan zehar eta horiek antolatzeak badu bere kostu ekonomikoa

Plaza dute nagusi bertsolariek, eta plaza izan ohi da protagonista herriko jaietan. Topagunea dute honakoa herritarrek uda aldeko ospakizunetan, bazkariak eta beste bertan gauzatzen baitituzte. Berau poztu nahi dute saioekin bertsolariek, emanaldi ugari ematen dituzte udako jaietan, baina hainbat aurrekontu zein gastu dituzte prestakuntza guzti horren atzetik. Autonomo gisa altak eta bajak, Gizarte Segurantza edota burokrazia administratiboa bezalako eragozpenei aurre egin behar izaten diete.

1.700 bat bertso emanaldi ematen dira urtero euskal lurraldeetan, eta 300 bat bertsolarik betetzen dituzte oholtzak. Jaien antolatzaileek hautatze prozesu nabarmena egiten dute herriko plazak alaitzeko. Bertsolarien hautaketa zein saioaren egitura prestatu behar izaten dute, lan konplexua bilakatu daitekeena. Hori horrela, egun, Lanku kultur enpresak gauzatzen ditu bitartekaritza lan horiek.

1.700 bat bertso emanaldi ematen dira urtero euskal lurraldeetan, eta 300 bat bertsolarik betetzen dituzte oholtzak

2003.urtean sortutako kultur enpresa da Lanku, antolatzaileen zein bertsolarien arteko harremanetan bitartekaritza lanak eskaintzen dituen erakundea, hain zuzen. Bertso saio jakin bat prestatu nahi duen antolatzaile bat zuzenean Lankurekin jartzen da kontaktuan eta azken honek, aurrekontu bat medio, bertso saio ezberdinak eskaintzen dizkio. Oier Iurramendi Lanku enpresako kidea da eta kultur enpresaren izaeraz aritu da: “saio bat prestatzeko behar duten guztia eskaintzen diegu bezeroei”.

Argazkia: Lanku

Berez, Lankuk hiru zeregin nagusi ditu. Lehenik, bertso emanaldiak prestatzeko bitartekaritza lanak eskaintzen ditu; bestetik, emanaldi bereziak eskaintzen ditu ostera horiek komertzializatzeko; eta, bukatzeko, bertsolarien egile eskubideak kudeatzen ditu. Azken zeregin honekin bertsolarien kontratazioa bideratu nahi dute, artistaren ongizatea bermatzeko.

Autonomo bilakatzeko zailtasunak

Modu erregularrean jarduteko aukera dute horrela artistek, autonomo gisa alta emateko gutxienekoa ez dutelako lortzen. Iurramendik dio bertsolari gutxi batzuk baino ez dutela aukera autonomo gisa lan egiteko, eta, beraz, Lankuren bidez gauzatzen dituztela kontratazioak. Era berean, bertsolariek tarifa jakin batzuen baitan lan egiten dute: “hiru tarifatan jarduteko aukera dute bertsolariek, eta beraiek hautatzen dute zer tarifa erabiliko duten”.

A, B eta C mailak dira tarifa horiek, eta bakoitzean soldata ezberdin bat kobratzen dute. Aurrekontua egiteko orduan, antolatzaileek bertsolarien hautaketa egiten dute, eta tarifen arabera moldatzen dira ordainketak. “Antolatzaileak nahi duen horrekin eta bertsolarien tarifekin bitartekaritza lan hori egiten dugu”, azpimarratu du Iurramendik. Era berean, antolatzaileak izaten dira  bertsolarien hautaketa egiten dituztenak.

Oier Iurramendi: “Herri mugimenduko antolatzaile asko ditugu, eta horrek gure lana errazten du”

Hautatze prozesuan, gainera, kasuan kasuko herrietako bertso eskolak zein bertsozaleak eragin zuzena izaten dute, harreman estua izaten dutelako bertsolariekin. “Herri mugimenduko antolatzaile asko ditugu eta horrek gure lana errazten du”, nabarmendu du Iurramendik. Ildo berean, askotan Lankuk kontratazioak soilik prestatzen dituztela azaldu du, jadanik antolatzaileek zein bertsozaleek saio guztia prestatu dutelako, "ezaugarri mota hori du bertsolaritzak”. Borondatez egiten den lan bat dela dio Iurramendik, beste diziplina batzuetatik aldentzen duena bertsolaritza.

Burokrazia gehiegi

Berezitasunak bestalde, etorkizunera begirako hausnarketa egin du Iurramendik: “Osasun ona dugu, bertso saio kopurua mantendu dugulako azken hamarkadetan”. Hala ere, fiskalitate aldetik “zailtasunak” izaten dituztela argitu nahi izan du, autonomo txikiak udalekin lan egitean gero eta “eragozpen” handiagoak jartzen dituztelako. “Burokrazia handia dago udalekin fakturak egiterakoan, eta erraztu egin beharko zen zerbait dela uste dugu”, kontatu du Iurramendik.

Argazkia: Lanku

Lankuko kideak uste du kultur jarduera “sinple” bat egiteko prozesua asko zailtzen dela, eta guzti honek kostuen garestitzea dakarrela. Hau da, kontratazioek beregain dute soldata garbia eta langilearen eta enpresaren Gizarte Segurantza, baina, gainera, aholkularitza eta kudeaketa kostuak ere ditu, betiere BEZa kontuan hartuta. Guzti honen kudeaketa garestitzen du soiltasun falta honek, eta antolatzaileei aurrekontua garestitzen zaie ondorioz. Finean, herriko jaietako bertso saioen garestitzea dakar administrazio zailtasun hauek, eta berau aldatzeko beharraz dabil Iurramendi. “Administrazio publikoek kulturaren alde gehiago egitea behar dugu”, aldarrikatu du Lankuko kideak.

Tarifen arabera moldatzen dira aurrekontuak, baina lauko saio batek 1.500 eurotik 2.500 eurora bitarteko kostua izan ohi du

Bestetik, herriko jaietara moldatutako saioak egiteko prozesua bi edo hiru hilabete arinago egiten dela dio Iurramendik. Lau bertsolariko saioak dira ohikoenak, baina seikoak zein zortzikoak ere eskaintzen dituzte. Tarifen arabera moldatzen dira aurrekontuak, baina lauko saio batek 1.500 eurotik 2.500 eurora bitarteko kostua izan ohi du. “Ostera, bertso bazkari eta afariak merkeagoak izaten dira, bi bertsolarik soilik egiten dutelako lan, 500 eta 1.000 euro bitartekoak izaten dira”, gehitu du.

Honako aurrekontuak adosten dituzte saioa eman baino aurreko hilabeteetan, baita bertsolarien prestasuna aztertu ere. Are gehiago, bertsolari batek saiora hurbiltzea ezinezkoa badu, Lankuk berak proposatzen ditu ordezkoak.