Unai Agirre: “Aurten sagardotegi denboraldi ona espero du sektoreak”
Sagardotegien denboraldia hastear da, eta prest dago Euskal Sagardoa sor-marka; jatorri deiturak zazpi urte bete ditu aurten eta poliki-poliki bere bidea egiten ari da
Urtero bezala, urtarrila eta maiatza bitartean sagardotegien denboraldia egiten da; garairik onena izaten da Euskal Herriko sagardotegiak bisitatzeko, sagardo naturalaren uzta berriaz kupeletatik zuzenean gozatzeko aukera paregabea.
Unai Agirrek, Euskal Sagardoa jatorri deituraren koordinatzaileak, aurtengo uztaren erradiografia bat egin du; eskasagoa izango da aurten, baina kolore eta gorputz gehiagokoa. Euskal Sagardoa 2016ko uztarekin batera sortu zen. Ordutik gogor lan egin dute sagarraren kalitatea uneoro bermatzeko nahiz merkatuan lekua aurkitzeko. Agirreren arabera, urte askotako lanaren eta etorkizuneko apustuaren emaitza da jatorri deitura, eta erakunde publikoek eta sagardoaren eta sagarraren sektoreak elkarlanean jardun dute.
Euskal Sagardoaren zigilua duten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituzte: %100 sagar autoktonoarekin eginak dira eta kalitatearen bermea dute. Gaur egun, Euskal Sagardoa Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako sagardogileek osatzen dute, baina Euskal Herriko gainerako sagardogileengana ere iritsi nahi dute.
Zer moduzko uzta da aurtengoa?
2024ko uzta aurrekoa baino txikiagoa izan da kopuruan, eta, beraz, izaera handiagokoa izango da. Guztira bi milioi kilo sagar bildu dira Euskal Sagardoaren baitan, eta 1,3 milioi litro ekoiztu dira. Kolore eta gorputz gehiagoko sagardoak izango ditugu orokorrean, baina egia da bertako sagarrarekin lan eginda, zonalde, sagardotegi eta produktu bakoitzak desberdintasunak markatzen dituela, produktu desberdinak egitea bilatzen delako, kontsumitzaile desberdinentzat.
Zer moduz doa negozioa?
Ez dira garai errazak modu honetako negozioentzat, baina sagardo sektorea lanean ari da orainari eta etorkizunari erantzuna emateko. Kontsumitzaileak eta merkatuak aldatzen ari diren neurrian, eskaintza ere zabaldu beharra dago eta generazio aldaketari ere heldu dio sektoreak, etorkizuna prestatzearen alde.
"Kontsumitzaileak eta merkatuak aldatzen ari diren neurrian, eskaintza ere zabaldu beharra dago eta generazio aldaketari ere heldu dio sektoreak"
Zer moduzko urtea dator? Zer aurreikusten duzue?
Aurten sagardotegi denboraldi ona espero du sektoreak. Aldaketak izan dira ohituretan; jendeak geroz eta gehiago asteburuetan eta eguerdiz inguratzeko joera du. Horrez gain, botilako Euskal Sagardoarekin lan handia egiten ari gara, ostalaritzara edo dendetara gehiago eta hobeto zabaltzeko eta baita salmenta zuzena edo online salmenta bultzatzeko ere.
Urtebete egin du Euskal Sagardoak markak, zer moduzkoa izan da lehen urte hau?
Jatorri deiturak zazpi urte bete ditu aurten eta poliki-poliki bere bidea egiten ari da. Apustua handia da, bertan egiten den sagardo guztia Euskal Sagardoaren barruan egitea baita helburua, bertako sagarrarekin. Eta apustu horrek merkatuan dagokion lekua egitea. Datozen urteak ere interesgarriak izango dira.
Aurrerapausorik ematea ahalbidetu dizue?
Bai, sektoreak ibilbide bat eta helburu batzuk zehaztuta ditu, eta horrek aukera ematen digu elkarlanean aurrera jarraitzeko. Orain Euskal Sagardoa Iparraldera eta Nafarroara zabaltzeko pausoak ematen ari gara eta horrek ere zabalkunde handiagoa emango dio markari eta sektoreei.
Gaur egun, zenbat sagardogile biltzen ditu Euskal Sagardoak?
Guztira Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 46 sagardotegi daude Euskal Sagardoan. Horrez gain, 250 sagargile ere badaude. Etorkizunean gehiago izango dira Iparraldearen eta Nafarroaren sarrerarekin.
"Orain Euskal Sagardoa Iparraldera eta Nafarroara zabaltzeko pausoak ematen ari gara eta horrek ere zabalkunde handiagoa emango dio markari"
Zer suposatu du Euskal Sagardoa sor-marka eratzeak?
Lehenik eta behin, bertako lehengaiari, sagarrari, garrantzia ematea eta kalitatezko sagardo baten aldeko apustua egitea. Horrek lanerako bide bat jarri du eta etorkizunerako apustu garbi bat.
Zer egiten duzue sor-markapean?
Bertako sagarrez egindako Euskal Sagardoaren arauak eta bidea zehaztu eta lagundu. Jatorri deitura batek bi zutabe nagusi ditu; alde batetik, bertako lehengaia, gure kasuan sagarra eta kalitatezko produktua, hau da, Euskal Sagardoa, eta, beste alde batetik, horren bueltan promozio eta merkaturatzeko lana ere egiten dugu.