Joseba Madariaga eta Ibon Urgoiti, Laboral Kutxako Ikerketa saileko zuzendaria eta Negozio Garapenerako zuzendaria | Argazkia: Laboral Kutxa

EKONOMIA

Urte amaieran Euskadin %7,6ko inflazioa izango dela iragarri du Laboral Kutxak

Banketxeak aurreikusi duenez, euskal BPGa Jaurlaritzak iragarritakoa baino bederatzi hamarren gutxiago haziko da eta hazkundea Espainiako batez bestekoa baino txikiagoa izango da

Laboral Kutxak euskal ekonomiari buruzko txosten berria aurkeztu du 2022rako aurreikuspen makroekonomikoekin. Banketxeak iragarri duenez, Euskadiko BPG %3,6 baino ez da haziko, hau da, bederatzi hamarren gutxiago Eusko Jaurlaritzak martxoan egindako berrikuspenarekin alderatuta, euskal ekonomiaren hazkundea %6,7tik %4,5era jaitsiko zela aurreikusi baitzuen Jaurlaritzak.

Txostenaren arabera, enpleguaren hazkundea Espainiako batez bestekoaren erdian geratuko da Euskadin, %1ean, Espainiako gainerako lurraldeen %2aren aurrean.  KPIari dagokionean, %7,6ko inflazioa izango du Euskadin, Laboral Kutxak Espainia osorako iragarri duen %7,9tik hiru hamarren eskasera.

Banketxeak ziurtatu duenez, Ukrainako gerrak "erabat irauli du taula ekonomikoa" eta "bereziki kaltegarria" izan da Europako ekonomiarentzat. Ondorioz, aurreikuspen ekonomikoak "hondoratu" egin direla dio inflazioa dela eta.

Hala ere, Laboral Kutxak positibotzat du 2021eko Euskadiko bilakaera ekonomikoa eta bereziki nabarmendu du industriak eta zerbitzuen sektoreak (eraikuntza kenduta) Espainia osoarekin alderatuta izan duten bilakaera ona. Era berean, 2023ko egoera ekonomikoari dagokionez, BPG %2,7 haztea (berriro ere Espainiako 3,2aren azpitik) eta inflazioa %2,3an geratzea aurreikusten du datorren urte amaierarako.