Uztailean, esportazioak %1,8 hazi dira EAEn
Nafarroan, ordea, %2,4 jaitsi dira esportazioak, eta %6,8 inportazioak
Eustat Euskal Estatistiken Erakundeak eskainitako datuen arabera, 2024ko uztailean EAEn ondasunen esportazioak %1,8 handitu dira. Zenbatekoa 2.550 milioikoa izan da, 2023ko uztailean 2.505 milioikoa izan zen bitartean. Lurraldeka, esportazioak %9,5 hazi dira Gipuzkoan eta %4,7 Bizkaian. Araban, ordea, %8,3 jaitsi dira. Nafarroan, EAEn ez bezala, %2,4ko beherakada egon da esportazioetan, 2023ko datuen aldean, 6.103,1 milioi eurora iritsita, Nastaten arabera.
EAEko ondasunen inportazioak, aldiz, %0,4 txikitu dira 2024ko uztailean, aurreko urteko hilabete beraren aldean. 2.267 milioi eurotara iritsi dira inportazioak, eta iaz, ordea, 2.276 milioi eurotara. Lurraldeka, inportazioek %13 egin dute gora Araban eta %21,2 Gipuzkoan. Bizkaian, aldiz, %10,9ko beherakada eman da. Nafarroan ere inportazioak %6,8 jaitsi dira, 4.010,1 milioi euro bilduta.
EAEn gehien esportatutako produktuak, 2024ko uztailean, hamar pertsona baino gutxiagoko autoak (225 milioi euro) izan dira, jarraian, ibilgailuen zatiak eta osagarriak (181,5 milioi) eta salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak (131,8 milioi) izanik. Lurraldeka, gehien esportatutakoa Araban hamar pertsona baino gutxiagoko autoak izan dira (esportazioen %27,2). Bizkaian petrolioaren olio finduak nagusitu dira (%7,6) eta Gipuzkoan ibilgailu automobilen zatiak eta osagarriak (%9,1). Nafarroan, EAEn bezala, hamar pertsona baino gutxiagoko autoak izan dira gehien esportatu dena, %17,7 igo baitira salmentak.