Uztailera arteko zerga bilketa %1,6 murriztu da Gipuzkoan
Araban iazko epe berean baino 273.000 euro gehiago bildu dira
Uztailera arte, Gipuzkoan, zerga bilketa metatuak %1,6ko murrizketa izan du aurreko urtearekin alderatuta. Sarrera gordinak %4,7 hazi dira, eta itzulketak %21,4. Era berean, zuzeneko zergak %2,5 apaldu dira eta zeharkakoak %2,7.
Gipuzkoako ogasunak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak mutualisten tributazioaren inguruan emandako epaiei erantzuteko, berrikusi egin ditu preskribatu gabeko urteetako (2019, 2020, 2021, 2022) aitorpenak, eta 145,4 milioi euro itzuli ditu uztailean. Kopuru hori gehitu behar zaie 2023ko errenta-kanpainan arrazoi beragatik itzulitako 59 milioi euroei.
PFEZaren zerga bilketa garbia %6,5 jaitsi da, hau da, 70,3 milioi euro gutxiago. Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiaren sarrerak 3,7 milioi gutxitu dira uztailera arte, 2023ko aldi berarekin alderatuta. BEZaren zerga bilketa metatua %7,3 murriztu da.
Bestalde, Araban uztailera arteko zerga bilketa 1.310 milioi euroko izan da, aurreko urteko epe bereko kopuru parekoa (273.000 euro gehiago bildu dira aurten).
Bildutako guztizkoa zuzeneko zergen bidez lortutako diru-sarreren ondorioa da, %2,9 handitu baitira, baita zeharkako zergen bidez lortutako diru-sarreren emaitza ere (%3,9ko jaitsiera).
PFEZaren zergan 499,7 milioi euro bildu dira, aurreko urtean baino %2,2 gehiago. Sozietateen gaineko Zergaren bilketa 57,7 milioi eurokoa izan da, iazko epe berean baino %2,3 gehiago. Azkenik, BEZari dagokionez, 355,9 milioi euro bildu dira, 2023ko lehen zazpi hilabeteetan baino %7,3 gutxiago.