EnpresaBIDEAren I. Topaketa
Zaparradara bidean doan zirimiria
Ekonomiak eta enpresek euskararekin duten loturaren inguruan aritu dira euskal ekosistema ekonomikoko zenbait eragile EnpresaBIDEAren I. Topaketako bigarren mahai-inguruan
EnpresaBIDEAk bere lehen topaketa egin berri du Bilboko BAT dorrean, euskal ekosistema ekonomikoko zenbait eragile bilduta. Hizpide izan duen gaietako bat euskarak ekonomia eta enpresa munduan duen rola izan da.
Mahai-ingurua sakonago aztertuta eta euskarak ekonomia eta enpresa munduan izan duen ibilbideari lotuta, guztiak bat datoz egoera pixkanaka hobetzen ari dela esatean, nahiz eta oraindik egiteko asko dagoen. “Euskara planak egin ditugu, ekonomiari lotutako hiztegia ere landu dugu euskaraz, baina oso oinarrizko lanetan dihardugu oraindik ere”, ohartarazi du Joseba Barandiaran Ekonomisten Euskal Elkargoko presidenteordeak. Are gehiago, pixkanaka urratsak ematen ari badira ere, kostatako lana izan dela dio Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidenteak. Izan ere, “ekonomia da euskarara hurbiltzea gehien kosta den sektorea”.
Ana Urkiza: “Ekonomia da euskarara hurbiltzea gehien kosta den sektorea”
Eta urratsak urrats, euskarak ere bere tokia egin du ekonomian eta enpresetan. Hori bai, Jasone Aretxabaleta SPRIko Euskara Planeko arduradunak “ ez du ulertzen egiten dugun guztiari ingelesezko izena jartzea, izan erakunde, enpresa edo proiektu”. Hori aldatu nahian, “euskara ere lehiakortasunaren sinonimo da” gogorarazi nahi izan du.
Leire Mugerza Mondragoneko Kontseilu Errektoreko presidentea ere iritzi berekoa da, eta adierazi duenez, “euskararen erabilerak prestigioa ematen dio enpresa bati, euskarak bat egiten duelako gu garenarekin”. Hori dela eta, erabili egin behar dela eta horretarako bideak ireki beharra dagoela azaldu du, “euskara oraindik zirimiria bada ere, pixkanaka indartzen ari delako, eta zaparrada bihurtzen lagundu behar zaiolako”.
Leire Mugerza: “Euskararen erabilerak prestigioa ematen dio enpresa bati, euskarak bat egiten duelako gu garenarekin”
Euskara jasangarritasunarekin lotu du, berriz, Barandiaranek, Km0 produktuekin. Bertakoari berebiziko garrantzia ematen zaion garaian, gurea den euskara ere zaku horretan sartu behar delakoan dago: “Gertutasunak duen balioa kontuan hartu behar da. Ez dago ahazterik nor garen eta non gauden, bertakoa izateak sinesgarritasuna ematen baitu, eta erakargarri egiten baitu”.
Etorkizunean euskarak izango ote du lekurik ekonomian?
“Euskararik ezean ez du zentzurik hemen errotuta egoteak. Ez dut etorkizunik ikusten hemengo ekonomian eta enpresetan euskararik gabe”. Hausnarketa horixe egin du aurrera begira Mugerzak, euskara normalizatzeko lanean jarraitu beharra dagoela adierazita. Hala, euskara ere eskatu egin behar dela dio Aretxabaletak, izan dei bat egiterakoan, lantokian, edota proiektu ekonomiko bat egitean. “Ohitura eta borondate kontua da”, gaineratu du.
Joseba Barandiaran: “Gertutasunak duen balioa kontuan hartu behar da. Ez dago ahazterik nor garen eta non gauden, bertakoa izateak sinesgarritasuna ematen baitu eta erakargarri egiten baitu”
Izendegia euskaraz jartzea, euskara planak enpresa eta erakunde orotan egitea, edota titular nagusiak ere euskaraz izatea dira etorkizunera begira erronkak. Horri lotuta, “eraman dezagun euskara goraino” dio Urkizak, askotan euskara bigarren mailan geratzen delako.
Mahai-ingurua honako hausnarketak itxi du: “Askotan pentsatzen dugu gazteek egin behar dutela euskaraz, baina euskaraz ikasi eta lanera joan eta erderaz aritzen badira denak, nola egingo dute euskaraz? Motxila ez da soilik gazteena. Motxila barruan dagoena denon artean banatu behar da”.