Zein herrialdek dituzte lanaldirik luzeenak?
OCDE osatzen duten 38 herrialdeen artean, badira astean 30 orduz lan egiten duten estatuak, baita 47 orduz lan egiten duten beste batzuk ere
Pandemia, telelana... eta lau eguneko lan astea? Badirudi gure lanaldiaren antolaketa norabide horretara bideratzen ari dela, PSOEk eta Sumarrek legegintzaldiko akordioa lortu ondoren. Akordio horretan, lanaldia 37,5 ordura murrizteko konpromisoa hartzen da, eta etorkizun batean 32 ordura ailegatzeko asmoa dute ere badutela azaldu dute. Xabi Muruak joan den astelehenean EnpresaBIDEAn adierazi zuen bezala, "lanaldi murriztuak nabarmen hobetzen du langileen ongizatea, edo hala diote datuek behintzat. Denbora gehiago ematen die langileei atseden hartzeko, familian egoteko edota aisialdirako".
Hala ere, lau eguneko lan aste honek oso disruptiboa -eta erakargarria- dirudien arren, alde batetik, baditu bere kontrakoak, eta, bestetik, badira aspaldi neurri hau hartu duten Europako zenbait herrialde. Herrialde bizilagun hauek lau egun baino gutxiagoko lan astea ere badute. Konparazioak gorrotagarriak dira eta, kasu honetan, saihestezinak: zein herrialdetan lan egiten da ordu gutxien astean? Eta zeintzuk dira gehien lan egiten dutenak?
Zeinek egiten du lan gutxien?
2010az geroztik, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (OCDE) bi ranking horiek egiten ditu, eta, bietako batean, Europako herrialdeak baino ez dira protagonistak:
Astean ordu gutxiago lan egiten den herrialdeak:
Herrialdea | Asteroko lan orduak (2022) |
Herbehereak | 30,4 |
Danimarka | 33,4 |
Norvegia | 33,8 |
Alemania | 34,5 |
Finlandia | 35 |
Austria | 35,1 |
Belgika | 35,2 |
Islandia | 35,5 |
Irlanda | 35,6 |
Suitza | 35,7 |
OCDEren taula honetan pertsona baten lanpostu nagusian astean lan egindako ohiko orduen batez bestekoaren datuak jasotzen dira, okupazio osoaren, lanaldi osoko okupazioaren eta lanaldi erdiko okupazioaren arabera banakatuta. Herbehereak argi eta garbi nabarmentzen dira rankingean, astean 30,4 lanorduko batez bestekoarekin, eta ondoren Danimarka eta Norvegia datoz, 33,4 eta 33,8rekin, hurrenez hurren.
Top 10a osatzen duten gainerako herrialdeek 34,5 eta 35,7 ordu arteko lan jardunaldiak dituzte, beraz, aldeak ez dira oso handiak. Alemaniak, Finlandiak, Austriak, Belgikak, Islandiak, Irlandak eta Suitzak berresten dute Europako erdialdeko eta iparraldeko herrialdeak direla, OCDEren arabera, astean ordu gutxien lan egiten dutenak.
OCDEren arabera, Espainian batez beste 36,6 ordu lan egiten dira astean
Bestalde, Espainia 13. postuan dago, 36,6 orduko batez bestekoarekin, Italiaren (36 ordu) eta Frantziaren (36,3) atzetik. Kontuan hartuta herrialdean astean 40 ordu lan egiten direla, OCDEk erakusten duen kopurua murriztu egin daiteke 37,5 orduko astea ezartzen denean. Hala ere, Belgikakoa bezalako kasu batzuetan, iazko otsailean lau eguneko lan astea ezarri arren, batez bestekoa 35,2 ordukoa da, 3,2 ordu gehiago zortzi orduko lau laneguneko astea imajinatzen badugu.
"Helburua da pertsonei eta enpresei askatasun handiagoa ematea beren lan denbora antolatzeko", adierazi zuen Alexander Croo Belgikako lehen ministroak neurria ezarri zuenean. Beste herrialde batzuekin alderatuta, Belgika "askoz ere dinamikoagoa" zela azpimarratu zuen. Bestalde, Erresuma Batuak ere begi onez ikusi du lau eguneko lan astea ezartzea, programa pilotua egin ostean. Programa horretan 61 enpresa britainiarrek eta 3.000 langilek parte hartu zuten, eta sei hilabetez lan aste berri bat izan zuten. Enpresa guztien % 92k neurria mantentzea erabaki zuten, "aurrerapauso handitzat" hartuta.
Zeinek du hobetu beharra?
Hala ere, mundu guztiak ez du (edo izan dezake) bere lan-astea laburtzeko aukera. Herrialde batzuetan oraindik lan handia dago egiteko arlo horretan, eta, horregatik, OCDEk lan gehien egiten duten herrialdeetako datuak ere ematen ditu:
Astean ordu gehiago lan egiten diren herrialdeak:
Herrialdea | Asteroko lan orduak (2022) |
Kolonbia | 47,5 |
Mexiko | 45 |
Costa Rica | 44,5 |
Txile | 42,6 |
Israel | 40,6 |
Portugal | 39,6 |
Polonia | 39,5 |
Hungaria | 39,4 |
Eslovenia | 39,2 |
Lituania |
39,1 |
Aurreko zerrendan Europako herrialdeen presentzia nabarmena nola, honetan latinoamerikarrak nabarmentzen dira, taularen behealdean Espainiatik hain urrun ez dauden herrialdeak egon arren. 47,5 ordu astean, Kolonbia Mexikoren (45) eta Costa Ricaren (44,5) gainetik dago. Ondoren, astean 40 ordutik gora daude Txile (42,6) eta Israel (40,6).
Kolonbia da astean batez beste ordu gehien lan egiten duen OCDEko herrialdea, 47,5
Astean ordu gehien lan egiten duten lurraldeen sailkapeneko azken bost herrialdeak europarrak dira, eta guztiak 40 ordutik behera egiten dute lan, kontinente osoko joerari jarraiki, antzeko batez bestekoarekin: Portugal (39,6 ordu), Polonia (39,5), Hungaria (39,4), Eslovenia (39,2) eta Lituania (39,1).
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko 38 herrialdeetatik, Japonia eta Korea dira Asiako bi lurralde bakarrak, baina erakundeak ez ditu horien datuak erakusten bere zerrendan. Hori eginez gero, ziur aski hiru kontinenteko ranking bati buruz hitz egingo genuke.
Artikulu hau VIA Empresa hedabiderako idatzi da, eta bertatik itzuli eta egokitu da