Gipuzkoako Foru Aldundiaren ataria | Argazkia: iStock

EKONOMIA

Zerga bilketa %12,2 handitu da Gipuzkoan martxoan

Martxora arte izandako bilakaera positiboa lan etekinen atxikipenengatik diru-sarrerak hazi izanak azaltzen duela jakinarazi du Aldundiak

Gipuzkoako Ogasunak 1,039 milioi euro bildu ditu martxoan zergetatik, aurreko urteko hilabete berean baino % 12,2 gehiago. Denera, 2023ko martxoan baino 113 milioi euro gehiago jaso ditu. Era berean, diru sarrera osoak % 10,9 igo dira eta itzulketak, % 1,5 jaitsi . Zuzeneko zergen bilketak % 15,5 egin du gora, zeharkako zergenak % 6,9. 

Jokin Perona, Ogasun eta Finantza diputatuaren esanetan, 2024ko lehen hiru hilabeteko zerga bilketa "positiboa" izaten ari da jarduera ekonomikoaren garapen sendoaren ondorioz. Hala ere oraindik ere hiru hilabete bakarrik igaro direla eta goizegi dela urtearen inguruko irakurketa bat egiteko azpimarratu du eta "konfiantza osoz" euren gaitasunetan eta zuhurtziaz kudeatzen jarraitu beharko dutela gaineratu du.

Zergaz zerga, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZ) dagokionez, lan-etekinen gaineko atxikipenen kasuan 74,2 milioi euro gehiago bildu dira (%15,3). PFEZaren zerga bilketa garbia % 15,2 hazi da, denera 80,4 milioi euro. Sozietateen gaineko zergetan, kuota diferentzial garbiaren sarrerak 2,4 milioi handitu dira martxora arte, 2023ko aldi berarekin alderatuta. 

Foru Erakundeak kudeatzen duen BEZari dagokionez, aurreko urtearekin alderatuz, zerga bilketa metatua % 6,4 handitu da, 18,9 milioi euro gehiago. Esparru honetan, sarrerak 17,2 milioi gehiago hazi dira (+% 4,2), eta itzulketak, ordea, 1,7 milioi euro gutxitu. Zerga bereziak % 10,4 igo dira, hau da, 2,3 milioi gehiago.