Zerga bilketa %4,1 handitu da Araban 2023an
2.841,1 milioi euro bildu ditu foru ogasunak. Zuzeneko (%8,8) nahiz zeharkako (%1,9) zergetan izan da gorakada
Arabako Foru Aldundiak gaur jakinarazi duenez, 2023ko zerga bilketa 2.841,1 milioi eurokoa izan da, hots, 2022an baino 112,01 milioi gehiago. Hartara, urte arteko hazkundea %4,1ekoa izan da eta bai zuzeneneko bai zeharkako zergek izan dute bilakaera positiboa.
Zehazki, zuzeneko zergen diru bilketa (1.420,2 milioi euro) %8,8 hazi da 2022aren aldean, eta zeharkako zergena (1.074,02 milioi euro) %1,9.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) bidez, 1.077,1 milioi euro bildu dira, 2022an baino %8,4 gehiago. Sozietateen gaineko zergaren bilketa aldiz, 282,05 milioi eurokoa izan da, iaz baino %9,2 gehiago.
Zeharkakoei dagokienez, bi zerga nagusiak BEZa (712,8 milioi euro) eta hidrokarburoena (231,9 milioi euro) izan dira. BEZaren bilketa %4,8 handitu da, hidrokarburoena, berriz, %3,1 txikitu.