Zerga erreforma 2025etik aurrera ezarriko da, atzeraeragintasunez
Bizkaian eta Araban erreforma fiskala urte amaiera baino lehen aurkeztuko da, Gipuzkoan, ordea, “ezinezkoa izango da”, Mendozaren hitzetan
EAEko ogasunak bildu ziren atzo, asteartean, eta azaldu zuten erreforma fiskala ez dela 2025a baino lehen onartuko. Hala adierazi zuten ahaldun nagusiek, Arabako Ramiro Gonzalezek, Gipuzkoako Eider Mendozak eta Bizkaiko Elixabete Etxanobek.
Zerga erreforma, atzeraeragintasunez, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko den arren, Bizkaian eta Araban urtea amaitu baino lehen aurkeztuko da araua. Ez da hala izango Gipuzkoan, Mendozak adierazi baitu ez dela bideragarria, "ezinezkoa izango dela", alegia.
Erreformak aldaketak ekarriko ditu, baina ahaldunen esanetan aldaketa horiek “oso antzekoak izango dira hiru lurraldeetan”. Hala ere, argi utzi dute lurralde bakoitzak bere eran landuko duela erreforma, eta desberdintasunak egongo direla lurraldeen artean.
Bestalde, EH Bilduk aurrekontuen zirriborro bat eskaini die Mendozari eta Gonzalezi. Izan ere, biek ala biek behar dute akordioa, eta biek ondo balioztatu dute eginiko eskaintza. Mendozak gaineratu du “herritarrek akordioak egiteko eskatu dutela”, eta Ramirok gehitu du espero duela “epe laburrean hauteskunderik ez egoteak akordio prozesua erraztea”.