Zergak harmonizatzea subiranotasunaren esparruan eztabaidatu izan da | Argazkia: iStock

Ituna

Zerga zuzenen harmonizazioa: EAEren etorkizunerako erronka

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak zerga-araubide propioa eta bereizia duen arren, Europa mailan araudia harmonizatzeak euskal erakundeek enpresengan duten erabaki-ahalmena mugatu ahalko luke

Gaur egun, zerga-politika maila askotan garatzen eta erabakitzen da. Europar mailan zeharkako zergen harmonizazio zabala ematen da, eta estatuek eta erakunde azpi-zentralek nagusiki zuzeneko zergen gainean dute ahalmena. Hala ere, foru erakundeek Europar Batasunean (EB) duten ordezkaritza mugatua denez, EBko zerga-harmonizazioak euskal zerga-araudiari eragin diezaieke eta haren eskumenak mugatu.

Azores kasuaren ostean, euskal erakundeek haien arautze-ahalmena mantentzeko aukera izan zuten, baina baldintza batzuen pean. Ekonomia Itunak eta euskal autogobernu sistemak baldintza horiek betetzen dituenez, zerga-ahalmen hori euskal erakundeen esku mantendu da eta erabiltzen jarraitu izan dugu 2006tik aurrera.

EBko Justizia Auzitegiak ezarritako autonomia test hirukoitzaren betekizuna

Zerga-ahalmena oso garrantzitsua da EAEko enpresa eta ekosistema ekonomikoarentzat. Azken finean, Espainiar estatuaren menpe egon beharrean, Aldundiek lurralde bakoitzaren zerga-sistema doitzeko aukera dutelako. Horrek eragin zuzena du euskal enpresetan eta EAEko ekonomia-jardueran.

Adibidez, sozietateen gaineko zergaren elementu asko desberdinak dira foru lurraldean Espainiako lurralde erkideko sistemarekin alderatuta. Besteak beste, une honetan sozietateen gaineko tipoa baxuagoa da —EAEko hiru lurraldeetan %24koa da, eta %25ekoa Espainian—, baina beste puntu asko daude, hala nola kenkariak, salbuespenak, etab. Gainera, I+Gren gaineko kenkari erregimen propioa, edo Gipuzkoa moduko herrialde batean, kooperatiben gaineko zerga-erregimen berezi eta lagungarria aplikatzeko aukera dago.

Foru gobernuen erabaki-ahalmen murrizketa

Orain arte, zeharkako zergen harmonizazioa ez da arazo handia izan Euskal Autonomia Erkidegoarentzat. Zuzeneko zergen europar harmonizazioak, ordea, foru gobernuek enpresengan duten eragina mugatu ahalko luke, batez ere, Espainia barruan erabakitzeko fasean dagoen egitura dela eta.

EBko erabaki-prozesuetan parte-hartzea estatuaren menpe dago erabat, eta euskal erakundeek ez dute ahots zuzenik eztabaidatzen ari diren gaietan, nahiz eta euren eskumeneko gaiak izan

Gaur egun, EBko erabaki-prozesuetan parte-hartzea estatuaren menpe dago erabat, eta euskal erakundeek ez dute ahots zuzenik eztabaidatzen ari diren gaietan, nahiz eta euren eskumeneko gaiak izan. Hori dela eta, euskal erakundeen helburu nagusia da euskal administrazioek Europa mailan ematen diren erabakien gainean ahots zuzena edo erabakitzeko ahalmena edukitzea, Espainiako sistemaren barruan bada ere, harmonizazio prozesuan ahotsa izateko eta Euskadiren autonomia fiskala eta autogobernu eskubideak ez galtzeko.

Etorkizunerako erronka eta ekintza-ildoak

Zergak harmonizatzea subiranotasunaren esparruan eztabaidatu izan da, batez ere, estatu kideen adostasuna ezinbestekoa delako zerga-neutraltasuna bermatzeko eta Batasunaren barruko paradisu fiskalen aurka borrokatzeko. Momentuz, zuzeneko zergen harmonizazioaren integrazioan urrats handiak eman ez diren arren, garrantzitsua da foru gobernuak EBeko instituzio eta erabaki-mahaietan egotea, foru sistemak araudi autonomoko tributu itunduengan duen legegintza- eta erabaki-ahalmena mantendu ahal dezan.

Garrantzitsua da foru gobernuak EBeko instituzio eta erabaki-mahaietan egotea, foru sistemak araudi autonomoko tributu itunduengan duen legegintza- eta erabaki-ahalmena mantendu ahal dezan

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa uztartzeko, koordinazio bertikala nola hobetu aztertu beharko litzateke, europar mailako erabakietan eskualdeak entzun eta kontuan har daitezen. Modu horretan, EAEren eta gainerako EBeko eskualdeen eskumenetan eragina duten xedapenak ez lituzkete maila goreneko organoek onartu eta aplikatuko. Era berean, erkidegoak dagokion prestakuntza- eta zehaztapen-prozesuan parte hartu ahalko luke. Modu horretan, euskal erakundeek askoz eragin eta eraginkortasun handiagoz parte hartuko lukete EBn erabakiak hartzeko prozesuaren goranzko fasean, eta ahalmena izango lukete geurera hobeto egokitutako politika-fiskalak aplikatzeko eta helburu ekonomiko zehatzak lortzeko.