Zergen zergatiak: politika fiskalen astea
Foru ogasunen eta Sánchezen gobernuaren zerga proposamenak gurean hizpide izan diren bitartean mundua Bakura begira jarri da, COP 29 gailurrera, Trumpen eragina oraindik neurtu ezinda
Gobernu batek herrialdearen ekonomian eragiteko bere sarrerak eta gastuak kudeatzeko erari esaten zaio politika fiskala. Lurralde baten baliabide ekonomikoak nola bildu eta bideratzeko tresna da zerga politika, azken batean.
Gizarte eredua eta planeta nola, halaxe diseinatzen dute gobernuek zerga politika. Horretan egin dute azpimarra Emmanuel Macron, Mia Amor Mottley eta William Ruto, Frantzia, Barbados eta Keniako agintariek nazioarteko zenbait hedabidetan elkarrekin publikatu duten iritzi artikuluan. Azerbaijanen hasi berri den COP29 goi bileraren atarian argitaratu duten artikuluan klima larrialdiaren inguruan hausnartu eta defendatu dute "herrialde batek ere ez lukeela aukeratu beharko krisi klimatikoaren aurka borrokatzearen eta pobreziari aurre egitearen artean", horretarako "nazioarteko finantza arkitektura eraldatzearen" beharra nabarmenduta.
Gakotzat dituzte horretarako "elkartasun tasak", mundu guztiak bere neurrian laguntzeko. Hiru agintarien aburuz, badira asko kutsatu baina gutxi zergapetuta dauden jarduera ekonomikoak, itsas zein aireko garraioa edo erregai fosilen industriak, esaterako. Elkarrekin sinatutako artikuluak Tobin tasa aldarrikatzeaz gain, erregai fosilen erauztea eta garraioaren gaineko zergak proposatu dituzte txirotutako herrialdeei finantzaketa bideratzeko.
Aspaldi mahaigaineratu zen elkartasun tasaren beharra, txirotutako herrialdeek pairatuko dituzten ondorio klimatikoei aurre egiten laguntzeko. Aurtengo bileraren gai nagusia izanda ere, ez da espero aurrerapauso handirik ematea
Helburu hori du, hain zuzen ere, Bakuko goi bilerak. Aspaldi mahaigaineratu zen elkartasun tasaren beharra, txirotutako herrialdeek pairatuko dituzten ondorio klimatikoei aurre egiten laguntzeko. Aurtengo bileraren gai nagusia izanda ere, ez da espero aurrerapauso handirik ematea. Alde batetik, gailurraren irekiera ekitaldian Azerbaijango agintariek erregaiak “jainkoaren opari gisa” definitu zituen. Bestetik, berotze globalaren eragile nagusiek, Amerikako Estatu Batuek eta Txinak, ez dute lehen mailako ordezkaritzarik bidaliko. Europak eta Errusiak ere ez.
Drill and low taxes
Etxe Zurira Donald Trump bueltatzeak berotzeari aurre egiteko politikei ez die mesede egingo. Badira aurrekariak. Trumpek 2017an iragarri zuen Parisko Akordioa uzteko asmoa, eta hala egin zuen 2020an. Akats historiko hori Joe Bidenek emendatu zuen 2021ean, Etxe Zurira heldu eta berehala. Trumpek hauteskunde kanpainan zehar “drill, baby, drill” (zulatu, baby, zulatu), behin eta berriro errepikatu eta gero, erregai fosilen aldarria eginez, ez da espero berotze globala geldiarazteko konpromiso handirik duenik.
Erregaiena ez da izan Trumpek bozetarako garatu duen ildo bakarra. Zergak jaistearen beharra sarri entzun diogu Etxe Zuriko hurrengo maizterrari eta hala egingo du. Sozietateen gaineko Zerga %21etik %15era murriztuko du Trumpek. Hori izango da bere zerga politikako lehen urratsa. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak 2020an proposatutako gutxieneko tasa da %15ekoa, multinazional guztiek finantza publikoei ekarpen minimo hori egiteko.
Sozietateen gaineko Zerga %21etik %15era murriztuko du Trumpek. OCDEk 2020an proposatutako gutxieneko tasa da %15ekoa, multinazional guztiek finantza publikoei ekarpen minimo hori egiteko
Europa izan da OCDEko 140 herrialdeek onartutako araua ezartzen hasi zen lehen eskualde ekonomikoa. 2024ko urtarrilean sartu zen indarrean Bruselako zuzentaraua eta estatu kideek urtea bukatu aurretik aplikatu beharko dute. Espainiako gobernuak ekainean onartu zuen Bruselak agindutakoa estatu mailako lege-esparrura ekartzeko lege proiektua, urtea bukatu aurretik parlamentuak berretsi behar duena.
OCDEren proposamenak adostasun zabala badu ere, Madrilgo gobernua arazoak izaten ari da legea onartzeko, zaku berean zerga erreforma berri bat sartu nahi duelako. Ez da Sánchezek zergak moldatzen dituen lehen aldia. Egungo aritmetika parlamentarioak, ordea, zaildu egiten dio edozein lege onartzea, are gehiago fiskalitatearekin lotuta badago. Atzo behar zuen zerga erreforma berria onartzeko bilerak, baina, azken unean, astelehenera atzeratzea eskatu dute gobernuko alderdiek.
Irabazi altuak eta etxebizitza, bi hanka nagusiak
Zerga politika gizartea ulertzeko ispilua bada, argi dago estatuko gobernuak irabazi altuak dituztenak eta kapitalaren errentak jomugan jarri dituela. 2021etik zazpi puntu igo du kapitalaren errentaren tasa maximoa eta oraingoan, beste astindu bat eman nahi dio 300.000 eurotik gorako kapitalaren errentei. Errentaren gaineko zergatik aparte luxuzko ondasunei ere zergak igo nahi dizkie, besteak beste.
Etxebizitzarena izan da, zalantza barik, PSOEk eta Sumarrek adostutako zerga erreformaren ardatz nagusietako bat. Etxebizitza turistikoaren gorakada, ohiko alokairuaren eskaintza murriztuz, gizartearen kezka nagusi bihurtu da, politikariek esku hartzera behartuta. Hala hiriak eremu tentsionatu izendatzea eskatu dute hainbat udalerrik, tartean Hego Euskal Herriko hiriburuak eta Bilbo eta Donostiako udalek, halaber, etxebizitza turistiko gehiago irekitzea debekatu dute. Beste urrats bat eman nahi dute PSOE eta Sumar koalizioak oraingoan, alokairu turistikoen BEZ %10etik %21era igota. Ez da hori, baina, etxebizitzaren alorrean onartu nahi duten neurri bakarra.
Erreforma berriak, aurrera ateratzen bada behintzat, zerga tasa %25era igoko luke Socimientzat. Proposamenak Socimien kotizazioak hondoratu zituen, asteartean bertan finantza merkatuetan 590 milioi euro galduta
Socimi Higiezinen Merkatuan Inbertitzeko Sozietate Kotizatu Anonimoak fiskalitatean eman du zer esana aste honetan. AEBen 1960ko hamarkadan sortutako inbertsio-tresnak dira, partaideei etxebizitzen merkatuan inbertitzeko aukera emanda. Espainia mailan 2015ean onartu zen tresna horien legedia, eta egun 140 Socimi baino gehiago ari dira jardunean, 25.000 milioitik gorako fakturazioarekin. Legeak behartzen ditu mozkinen %80, gutxienez, dibidendu gisa banatzera. Trukean, Soziateteen gaineko Zergan %1eko tasa dute. Erreforma berriak, aurrera ateratzen bada behintzat, zerga tasa %25era igoko luke.
Proposamenak Socimien kotizazioak hondaratu zituen, asteartean bertan finantza merkatuetan 590 milioi euro galduta. Hautsak harrotu ditu neurriak hainbat enpresariren artean. Europan oso hedatuta dagoen inbertsio tresna izanik, Socimi nagusiek, Colonial eta Merlin Properties, beste estatu batera joateko mehatxua egin dute, eta Kataluniako Foment del Treball enpresarien elkarteak, Junts eta EAJ alderdiei dei egin die gobernuaren proposamena ez babesteko.
Osasun aseguruak
Sumar eta PSOEren erreforma proposamenak badu polemika piztu duen beste hari-mutur bat: osasun aseguruena. Aseguruek badute zerga sistema propioa. BEZik ordaintzen ez badute ere, %8ko Aseguru Primen gaineko zerga ordaindu behar dute. Bada, baina, salbuetsita dagoena, aseguruarena. Oso hedatuta daude halako polizak Hego Euskal Herrian eta IMQ konpainiak 400.000 bezero baino gehiago ditu. Sumarren aburuz “joera atzerakoi argia” dute aseguru mota hauek eta ”batez ere errenta altuko familietako pertsonei egiten die mesede”.
Horregatik zerga salbuespenarekin bukatu nahi du. Ez du horrela ikusten EAJk. Aitor Estebanek “EAJ hortik ez dela pasako” argi azaldu zuen, halako produktuak “ ez direlako Villaverdeko markesarentzat”. Ikusteko dago zerga ezartzeak nola eragingo lioken polizen prezioari eta zenbat lagunek utziko zioten horrelako aseguruak kontratatzeari. Badago, zeharka bada ere, osasun sistema publikoa are gehiago zamatzeko arriskua.
Oreka politikoen menpe
Ez du lan erraza izango gobernuak zerga erreforma aurrera ateratzeko. Bere ahulezia parlamentarioak ezker-eskuin negoziatzera behartzen du Sánchez, etengabe. Bankuen eta enpresa energetikoen gaineko zerga izan da horren adibide. Oreka lortu nahian bankuen gainekoa mantentzea erabaki dute, foru ogasunen esku utzita. Energetikoena, aldiz, bertan behera uztea eskatu zuen Junts alderdiak, Repsolek Tarragonan egin behar zituen inbertsioak arriskuan ez jartzeko.
Euskal Herrian ere zerga sistema moldatzeko proposamena aurkeztu dute EAJk eta alderdi sozialistak. Ezin daiteke esan sakoneko aldaketa denik, arazoei azaletik ekiten dielako. Erreforma berriak PFEZa aurkezteko gutxieneko sarrerak 19.000 eurora igo ditu. Orain arte minimoa 14.000 eurokoa zen ordaintzaile bakarra zutenentzat eta 20.000 euro bi zutenentzat. Diskriminazio galanta zen neurri hori, diru sarrera duinak izateko bi lanetan aritu behar zirenak zigortzen zituelako. Proposamen berriak egoera hori zuzenduko du.
Erreforma berriak PFEZ aurkezteko gutxieneko sarrerak 19.000 eurora igo ditu. Orain arte minimoa 14.000 eurokoa zen ordaintzaile bakarra zutenentzat eta 20.000 euro bi zutenentzat. Diskriminazio galanta zen neurri hori, diru-sarrera duinak izateko bi lanetan aritu behar zirenak zigortzen zituelako
Nabarmentzeko gakoen artean jasangarritasunarekin lotutako inbertsioak daude. Alde batetik, enpresei Sozietateen gaineko Zergaren kenkariak igoko dizkiete eta bestetik, norbanakoei auto elektrikoak erosteko eta karga puntuak instalatzeko kenkariak aplikatuko zaizkie errentaren gaineko zergan, Nafarroak hasitako ildoari jarraiki.
Erreformaren proposamenak, baina, jakin-mina piztu zuen etxebizitzaren inguruko neurriak jasotzeko. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa dira estatu osoan etxea erosteko kenkariak ezartzen dituzten bakarrak. Alderdi sozialista kenkari horien aurka agertu da azken urteotan, etxebizitza politikak alokairura batez ere bideratzeko. Hauteskunde kanpainan EH Bilduk ere aferari ekin zion, erosketarako kenkariak kentzeko eskatuz. Imanol Pradalesek koalizio abertzaleari hautu hori behin eta berriz leporatu zion, hiritarren poltsikoan eskua sartzea leporatuta.
Sozialista eta jeltzaleen arteko akordioa oreka puntua lortzen saiatu dela ematen du. Kenkariak kenduko ditu, baina soilik 80.000 euroko zerga oinarria duten hiritarren kasuan. Gainerakoei kenkariak mantenduko die, eta 30 urtetik 36ra igoko du kenkari berezia aplikatzeko adina. Alokairuen merkatuan ere eragin nahi dute Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek. Hala, alokairuak ohiko etxebizitzara bideratzeko jabeei kenkariak handituko dizkie, %50era helduta tentsionatutako eremuetan.
Batzar Nagusiak dira zergen inguruko eskumena dutenak eta bertan onartuko beharko da erreforma berria. PSEk eta EAJk Bizkaian baino ez dute gehiengo nahikorik erreforma aurrera ateratzeko. EH Bildu, Elkarrekin edo PPren babesa lortu beharko dute Gipuzkoan eta Araban araua onartzeko. Zergak nola eta zertarako nahi duten azaltzeko aukera ona izango dute alderdiek. Nolako zergak, halako gizarte eredua.