Hitz bitan
Ana Goyen: "Plan globala behar dugu, kate-begi guztietan fokua jar dezagun, errentagarriak izateko"
Energia berriztagarrien sektorean lan egiteak gizarteari egin dakiokeen ekarpena azpimarratu du Enerclusterreko presidente berriak. 2022an Nafarroako mix energetikoaren %45 inguruk zuen jatorri berriztagarria
Ana Goyenek urteak daramatza Ingeteameko Energia Eolikoko arloko zuzendari lanetan. Urtarriletik, baina, beste kargu bat ere badu: Enerclusterreko administrazio kontseiluak zuzendaritza batzordea berritu zuen, eta presidente izendatu zuen Goyen. Energia berriztagarria sortzeko Nafarroako gaitasuna bikoizteko proiektuak onartu diren urtean iritsi da lehendakaritzara, elkarlana sustatzeko asmo irmoarekin. Baina sektoreak bizitako inoiz baino galera handiagoek erronkak areagotu diezazkioke klusterrari.
Enerclusterreko presidentzia hartu zenuen urtarrilean. Nolakoak izaten ari dira lehen hilabete hauek?
Gezurra dirudi bost hilabete igaro direla ikustea. Eskertzekoa da Nafarroako industriak nigan konfiantza jarri izana eurak ordezkatzeko ahotsa izateko. Horrekin batera ardura ere sentitzen dut, baita ez konformismoa ere. Eta, era berean, lehendakaritza paper hau uztartzen dut Ingeteameko zuzendaritzako kide izatearekin, nire lan kargaren parte handiena hartzen duena, eta ohartzen naiz ezin duzula nahiko zenukeen guztia egin. Zentzu horretan, sekulako gozamena da ikustea Iker Chasco zer nolako papera egiten ari den gerentziatik, eta Kikoren —Maza, Komunikazioko zuzendaria— taldea ere izatea. Horrek ahalbidetzen du egunerokotasunean egin nahi duguna egitea.
Zein helburu dituzue?
Enpresen hazkuntza, berrikuntza eta lankidetza sustatzea. Elkartearen hazkundea bultzatzea bidelagun berriekin, boterea eta eragiteko gaitasuna irabaziz, baina baita ikusgarritasuna ere Nafarroako gizartearen baitan. Eta helburua da azken batean Nafarroak berreskuratzea eta areagotzea energia berriztagarrien sektorean zuen erakargarritasuna. Horregatik, epe motzean Trantsizio Energetikoaren Nazioarteko Kongresua antolatu dugu. Urriaren 25ean izango da, eta ahalbidetuko digu sektoreko eragile eta aditu garrantzitsuak erakartzea.
Eta zein erronka?
Ez dira falta. Sustatzaileei dagokienez, administrazioarekin lanean ari gara proiektu berrien baimenak izapidetzea errazteko, zailtasunak izan baititugu. Eta industriari lotuta, egoera ez da erraza: txinatarrak ez diren OEM edo ekipamendu originalen ekoizle eolikoak inoiz baino galera handiagoak izaten ari dira, orain arte izan ez dituztenak, eta horrek hornidura-kate guztiari eragiten dio, errentagarritasuna pikutara doalako. Iaz, gainera, pilaketari dagokionez ere arazoak izan genituen, nahiz eta orain badirudi hobetzen ari dela.
Eta horri gehitu behar zaio kontsumoaren elektrifikazioa lortzea. Instalazio berriak sortzen ari gara, eta energia berriztagarrietatik datorren elektrizitate gehiago ere, baina kontsumoaren parte asko ez dator hortik.
Horretan guztian, elkarlana eta lehia uztartzea gako al da?
Kluster gisa, asoziazionismoa eta kolaborazioa sustatzea bilatzen dugu enpresen eta sektoreko eragileen artean. Danimarkan ikusi daiteke, esaterako, nola babesten duten elkar. Halako ispiluetan ikusi behar dugu geure burua, falta zaiguna baita ondoan dagoenarekiko konfiantza eta babesa, eta elkarrekin lan egitea. Iraganean izan genuen horri berriro ekin behar diogu. Azken batean, bilatzen dugu gure industriak arrakasta izatea, eta gizarteari bere osotasunean balioa ekartzea.
Administrazioarekin egiten ari zareten lanean, zein puntutan zaudete?
Nafarroako sektorearen ahotsa garenez gero, bildu egiten ditugu hornidura-kate guztiko enpresen ezinegonak, beharrak eta zailtasunak, eta administrazioko erakundeekin partekatzen ditugu soluzioak bilatzeko, bai bazkideen, bai gizartearen onurarako.
2022ko datuen arabera, energia berriztagarrien sektoreak Nafarroako BPGaren %8,5 suposatu zuen, 3.250 milioi euroko fakturazioarekin. Hirugarrena da automozioaren eta elikaduraren atzetik, eta 10.700 enplegu sortzen ditu. Datu esanguratsuak dira.
Hori guztia kontuan izanda, guk nabarmentzen duguna da enpresen %60 txiki eta ertainak direla. Horrek baieztatu besterik ez du egiten elkarlanean aritzeko behar hori, nazioartean indartsuak izateko eta erakargarritasuna irabazteko.
Bestalde, gure jardueratik sortzen denaren %80 esportaziora zuzenduta dago. Horrek aberastasun garbia ekartzen dio lurraldeari. Gainera, sortzen den enpleguen %68 tituludunena da. Kalitatezko enpleguaz ari gara, balio erantsi handiarekin. Horregatik guztiagatik uste dugu garrantzitsua dela sektore honen aldeko apustua egitea.
"Sektore honetan, geruza industrial eta teknologiko indartsua izateaz harago, garrantzitsua da azpimarratzea energia berriztagarriek gizarteari egiten diogun ekarpena. Hori, hain zuzen, gakoa izan daiteke emakumeak erakartzerako garaian"
Emakume eta gizonen desberdintasunean, baina, erronka duzue oraindik.
Emakumezkoen okupazioa %23koa da. Oso portzentaje baxua. Are gehiago, industriaren batez besteko %30aren azpitik dago. Hor arreta jarri behar dugu. Lan egiten jarraitu behar dugu erakargarritasuna areagotzeko emakumeen artean. Esaterako, sektore honetan, geruza industrial eta teknologiko indartsua izateaz harago, garrantzitsua da azpimarratzea energia berriztagarriek gizarteari egiten diogun ekarpena. Hori, hain zuzen, gakoa izan daiteke emakumeak erakartzerako garaian.
Azken urteetan gora egin du energia berriztagarrien sektorean aritzen den emakume kopuruak?
Ez. Esango nuke zifra berdin mantendu dela. Are gehiago, nire belaunalditik behera beheranzko joera izan duela esango nuke goranzkoa baino. Oro har, STEM esparruko titulazioekin gertatzen ari dena ikusten ari gara. Eskoletatik landu behar dugu hori, ikuspegi kritikoa bultzatzeko, norbere buruarekiko konfiantza izateko, eta ikusteko zein ekarpen egin dezaketen STEM esparruko karreren bitartez.
Energia berriztagarrien sektoreak Nafarroan duen eraginaz hitz egin dugu. Baina mix energetikoaren zenbat dira energia berriztagarriak?
2022an, energia berriztagarriak mix energetikoaren %45,4 izan dira. %35 energia eolikotik dator, %4 hidraulikotik, %3 fotovoltaikotik eta % 3 gainontzekoetatik. Egia da eolikoko 1355 MW instalatuta ditugula egun, eta fotovoltaikoko 166 MW. Horrekin batera, DIA ingurumeneko inpaktuaren deklarazioa aldeko duten zenbait proiektu berri ditugu onartuta, zehazki, 450 MW eolikoan eta 1350 MW fotovoltaikoan. Horietako gehienak Nafarroaren gobernuaren bitartez bideratu dira, eta beste batzuk Espainiako gobernuaren bitartez, 50MWtik gorako proiektuak izateagatik.
Eta esan beharra dago joan den asteko asteartean, Espainian, bederatzi orduz —goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:00etara—, kontsumo elektrikoaren %100 ekoizpen berriztagarriko energiarekin hornitu ahal izan zela. Pausoz pauso, baina iristen ari da.
Proiektu horiek ahalbidetuko dute, bestela esanda, orain dagoen energia berriztagarrien potentzia bikoiztea.
Orain arte eoliko asko eta fotovoltaiko gutxi bagenuen, onartutako proiektuak kontrako noranzkoan doaz, baina bai, hala da. Datuak oso positiboak dira. Baina ezin dugu ahaztu 2015etik 2022ra bitarte 370 MW instalazio berri izan direla eolikoari dagokionez, eta 6 MW fotovoltaikoari dagokionez. Alegia, zenbait urteetan Nafarroa, lurralde bezala, oso geldirik izan da energia berriztagarriko proiektu berrien instalazioan.
Eta zergatik irauli da orain egoera?
Nik “zergatik orain irauli den” baino, “zergatik 2015etik hona instalazio gutxi egin den” izango litzateke galdetuko nukeena. Egia da energia berriztagarrien sektoreak paper garrantzitsua izan duela energiaren kostuaren pisua gutxitzeko. Berrikuntza proiektuekin aritu gara lanean, LCoErekin —energia kostua—, energia ekoizteak geroz eta kostu txikiagoa izan dezan. Lortu dugu, berriztagarrien bitartez, energiaren kostua gutxitu dadin, erregai fosilen bitartezko kontsumoarekin erkatuta, energia ez berriztagarriek dituzten bestelako alderdiak alde batera utzita. Beraz, erabat justifikatuta dago berriztagarrien aldeko apustua. Egia da orain gehiago instalatuko dugula eta gaitasun gehiago izango dugula, eta garrantzitsua izango da kontsumoa elektrizitate bitartez etortzea gas kutsakor guztiak gutxitzen joan daitezen.
Sektorea prest dago horretarako?
Horretarako lanean ari gara. Horregatik garrantzitsua da honi iraultza gisa heltzea, baina trantsizio energetikoa bere osotasunean hartuta. Alegia, ez gara ari soilik energia berriztagarriez; trantsizio energetiko osoa behar dugu, non kontsumoa gutxitu behar den, arrazionalizatu, elektriko bihurtu, eta elektrizitate hori jatorri berriztagarrietatik lortu. Aldaketa klimatikoa eteteko modu bakarra da, eta gure garapena jasangarri egiteko ere.
"2015etik 2022ra bitarte 370 MW instalazio berri izan dira eoliko dagokionez, eta 6 MW fotovoltaikoari dagokionez. Alegia, zenbait urteetan Nafarroa, lurralde bezala, oso geldirik izan da energia berriztagarriko proiektu berrien instalazioan"
Halako parkeen instalazioak herritarren gaitzespena izan ohi du, sortu dezakeen inpaktuagatik. Kluster gisa, pentsatu duzue prozesu parte-hartzaileren bat abiaraztea?
Nafarroako gobernuak bultzatutako Plan Energetikoa marko parte-hartzaile batekin egin da, sektoreko zein gizarteko eragile askoren kezkak eta iradokizunak bilduz. Uste dut hori aberasgarria dela denontzat. Gu beti pozik gaude askotariko hausnarketak entzuteko, hau bultzatzeko modu bakarra baita elkarrekin aritzea. Horrekin batera, Enercluster beti dago zabalik komunikazio kanpainetan parte hartzeko. Hala ere, gure errekurtsoak mugatuak dira, beraz ezin dugu ezer masiborik egin. Horrek ez du esan nahi ez gaudenik prest entzuteko, ideia berriak jasotzeko, eta elkarrekin sortzeko eta eraikitzeko, betiere ikuspegi kritiko horretatik, etorkizunari ekarpena egiteko.
Nola dago energia berriztagarrien legeria?
Legeari dagokionez, pozgarria da ikustea 2023an Europar Batasunak eguneratu egin duela Energia Berriztagarrien Europako Zuzentaraua. Horrekin batera, NetZero Industry Act bezalako iniziatibak sortu dira, Espainian itsas-eremuaren ordenaziorako plana onartu berri da, offshore itsas-energiari loturikoa, eta Energia eta Klimaren Plan Integratua berritu da. Eta Nafarroan, ondo bidean, Nafarroako Plan Energetiko berria onartuko da maiatzaren 31an, datorren asteazkenean. Neurriak hartzen ari dira, geroz eta anbiziotsuagoak, garapen jasangarria lortzeko, eta pauso handiak emateko epe ertain eta luzera.
Baina industriaren egoerari erreparatzen badiogu, ez da erraza. Badirudi berriztagarrietan dena ondo doala, eta guztiarekin ahal dugula. Ez da egia.
Sektorea orain ez dagoelako ondo, lehen aipatu bezala?
Bai. Siemens Gamesa eta Nordex galera multimilionarioekin ditugu. Eta horiek albistegietan ateratzen diren enpresak dira, baina kate guztia berdintsu dago, diru galerak dituenak behekoak estutuko dituelako diru-sarrerak mantentzeko. Ez da egoera erraza, nahiz eta egia den aldeak daudela dibertsifikatuago dauden enpresen kasuan. Horregatik, gogotsu ekin behar diogu, sektoreak lider izaten jarrai dezan mundu mailan, eta berriztagarriek behar duten bultzada emateko. Plan globala behar dugu, kate-begi guztietan fokua jar dezagun, errentagarriak izateko. Eta horrekin batera kontsumoaren elektrifikazioa sustatu, pendiente dagoena.
Koiuntura kontua da, edo egiturazkoa da arazoa?
Duela pare bat urte galdetu bazenit esango nizuke koiunturala dela, baina denbora dezente daramagu egoera honekin baieztatzeko egiturazkoa ez dela. Horregatik, arrazionaltasuna jarri behar diogu kate guztiari.
Hor gakoa izan daiteke talentua erakartzea?
Sektoreak talentua behar du, zalantza gabe, punta-puntako teknologia garatzeko. Azken batean, horrek bereiziko gaitu. Kostu baxuak dituen herrialde batetik ezin gara bereizi ekoizpen edo eskulan merkeagoa eskainita. Gainera, bizitza kalitatea nahi dugu, baina horretarako esfortzua eta konpromisoa behar ditugu, baita pentsamendua erabili ere. Ondo jarritako zutoinak ditugu. Gurean Nafarroako Unibertsitate Publikoa bezalako zentroak ditugu, formakuntza espezializatua dutenak —Energia Berriztagarrien masterra, kasu—, sektoreak dituen beharretara oso enfokatuta. Erreferentziazko zentro teknologikoak ditugu, Cener, esaterako. Enpresetan punta-puntako ikerketa egiten dugu. Eta talentu hori bultzatu eta aprobetxatu behar dugu. Unibertsitateen bitartez, talentu hori erakartzea aukera izan daiteke.
"Gogotsu ekin behar diogu, sektoreak lider izaten jarrai dezan mundu mailan, eta berriztagarriek behar duten bultzada emateko. Plan globala behar dugu, kate-begi guztietan fokua jar dezagun, errentagarriak izateko"
Sekore askok duten arazoa da. Baina zerk erakarri dezake talentu hori?
Jendea zaindu behar dugu, eta proiektu anbiziotsu baten parte sentiarazi behar ditugu. Egunero zortzi orduz fitxatzera joan ordez, zortzi ordu joatea zure onena ematera, denontzat etorkizun handiagoa eraikitzeko. Eta noski, talentua atxikitzeko eta atzerrira joandakoena berriro ere bueltan erakartzeko gai ere izan behar gara. Izan ere, mundu global batean bizita, mundu mailako esperientzia duten pertsonekin kontatzea interesatzen zaigu. Eta Nafarroan, iruditzen zait, badagoela gabezia bat erdi erraz konpondu daitekeena: joandako pertsona horiek, orain familiekin itzultzen direnak, ez dute topatzen nahiko luketen eskola euren seme-alabentzat, lanean aritu diren herrialdeetako exijentzia maila izango duena, hizkuntza aldetik-eta. Hezkuntza aldetik, adibidez, buelta bat eman beharko genioke.
Cortesek aerosorgailuen palak birziklatzeko Europako lehen planta izango du, EnergyLoop, Iberdrola eta FCCk eginiko proiektua. Ekonomia zirkularrak gero eta sarbide gehiago du energia berriztagarrien sektorean?
Ekonomia zirkularra bai ala bai iritsi behar da energia berriztagarrien sektorera. Beharrezkoa izango da osagaiak birziklatzea, berrakondizionatzea eta berrerabiltzea. Wind Europen datuen arabera energia eolikoko 18 GWek 20 urte bete dituzte, hasiera batean estimaturiko balio-bizitza optimoa. Eta 75 GW inguruk 20 urte beteko dituzte 2030erako. Zirkulartasuna, beraz, beharrezkoa da.
Iberdrolako proiektuaz gain, klusterreko kideek garatuko duten beste proiektu handienetakoa izango da RenerCycle. Kasu horretan, parkea guztiz deseraikitzeaz ari gara. Alegia, ez soilik palez, baizik eta gainontzeko osagaiez ere, soluzio global batekin. Sozietate horretan, bazkide industrialak gaude, osagaien eta ekipamenduen ezagutza duguna, promotoreak, bestelako inbertsiogileren bat eta Nordex. Bi proiektu horiek Nafarroan izango dute euren egoitza, eta ekarpen handia egin dezakete etorkizunari begira.
Energiaren biltegiratzea da gizarte bezala dugun erronka garrantzitsu bat. Enerclusterretik Aepibal Espainiako bateria eta energia biltegiratzeko elkartera batu zarete. Zein asmorekin?
Nafarroako enpresen lotura izan nahi dugu Espainian dauden enpresekin, eta identifikatzen doazen beharrekin. Guk ikusten dugu bai ala bai iritsi behar dela, eta hazi egingo dela, batez ere bateriei dagokienez. Energia berriztagarrien sorkuntza geroz eta handiagoa izan, doikuntza eza areagotu daiteke, eskaintzaren eta eskaeraren artean. Biltegiratzeak eskaria hobeto kudeatzea eta malgutzea ahalbidetuko digu, eta sare egonkor bati ekarpena egitea, eskariari erantzuteko nahikoa izan behar dena.
Hala ere, egia da Espainian erregulazioa falta dela, ordainsari formula argiekin, biltegiratze horrek indarra har dezan. Egun biltegiratzeko 8,3 GW ditugu erabilgarri. Helburua da 2030erako 20 GWera iristea. Horri bultzada ematea ezinbestekoa da. Hasi dira dirulaguntzekin berrikuntza proiektuetarako. Iazko urte amaiera aurretik 150 milioi euro bideratu ziren horretara, eta aurten beste horrenbeste zegoen aurreikusita lehen seihilekorako. Baina hori errealitate bihurtzeko erregulazioa behar da.
"Egia da Espainian erregulazioa falta dela, ordainsari formula argiekin, biltegiratze horrek indarra har dezan. Egun biltegiratzeko 8,3 GW ditugu erabilgarri. Helburua da 2030erako 20 GWera iristea"
Hidrogeno berdeari dagokionez, zein puntutan dago?
Hidrogeno Mahaia sortu zen, AIN Nafarroako industria elkarteak koordinatuta. Azkeneko deialdian 45 enpresek eta 15 erakundek hartu zuten parte. Lurraldearen interesa nabarmena da. Hub industriala eta teknologikoa izan nahi dugu, eta proiektu oso interesgarriak daude. Horietako bat da Zangozako planta, Acciona Plug Powerren lidergopean garatuko dena. 87 milioi euroko inbertsioarekin eta 25 MWeko gaitasunarekin, 3.800 tona hidrogeno berde sortuko ditu urtean. Rocaforteko poligonoaren ondoan dago, eta energia bertatik lortuko du. Aldi berean, energia poligonoari berari saltzeko asmoa du. Oso tokiko proiektua da: energia bertatik lortu, hidrogeno bihurtu eta bertan kontsumitzen da. Hor ere ikusten da nola industria saiatzen den aurrera egiten ahalik eta jasangarriena izateko, eta ahalik eta inpaktu gutxiena sortzeko.
Beste proiektu bat da Nordex Electrolizersena, elekrolizadoreen fabrikaziorako. Barasoainen kokatuta izango da, 70 milioi euroko inbertsioarekin, eta 150 langilerekin guztizko gaitasuna duenean. Eta aplikazio industrialak ere baditugu, Viscofanen kasuan bezala. Horrek noski, balio-kate guztian eragiten du —Ingeteamen kasuan, adibidez, elektrolizadoreetan—.
Eta nola sentitzen zarete?
Industria eta sektore bezala, gogotsu gaude aurrerapausoa emateko. Orainaldian eta etorkizunean izan nahi dugu. Eta bultzada behar dugu, denon artean eman beharrekoa: enpresen, erakundeen eta gizartearen artean. Izan ere, hiritarrek ere ikusi behar dute zein ekarpen egin dezakegun sektoretik. Egia da energia berriztagarrien ezarpenak inpaktua izan dezakeela ingurunean. Baina ezin ditugu berriztagarriak eta ingurumena aurkako izango balira bezala mahai-gaineratu. Ikusi beharko da nola egin energia berriztagarriek ahalik eta inpaktu txikiena izan dezaten. Baina beti hobea izango da parke fotovoltaikoa edo eolikoa izatea erregai fosilak erreta sortzen den kutsadura baino. Saia gaitezkeen denon artean soluzio bat eraikitzen, gizartearentzat bere osotasunean ahalik eta onena izango dena, eta ingurunean ahalik eta inpaktu txikiena izango duena. Erregulazio zorrotzenetakoa eta berme handikoena dugu. Jar dezagu horretan konfiantza. Eta jarrai dezagun lan egiten, egunero denek hobeto egin ditzagun gauzak.