Energia
Argindarraren merkatua arautzeko aurreakordioa lortu du Europako Batasunak
Erregai fosilengandik urruntzea du helburu erreformak, eta energia berriztagarrien hedapena bultzatu nahi da
Argindarraren merkatua erreformatzeko akordioa lortu dute Europako Batasuneko Kontseiluak, Europako Batzordeak eta Parlamentuak. Akordioaren helburua argindarraren prezioan erregai fosilen menpekotasuna murriztea da, prezioak hain aldakorrak izan ez daitezen, eta era berean, iturri berriztagarrien erabilera bultzatu nahi da.
EBko herrialdeek jada adostu zuten argindarraren merkatuaren arautzea, eta orain Europako estamentu gorenek lortu dute akordioa. Orain, ordea, adostasun hauek lege bihurtzea izango da erronka. Teresa Riberak, Espaniako Trantsizio Ekologikorako ministroak azaldu duenez, akordioari esker ”merkatuak epe luzean egonkortu, energia iturri berriztagarrien hedapena bizkortu, argindar merkeagoa eskaini eta lehiakortasun industriala hobetu ahal izango dugu".
Era berean, Europako Batzordearen arabera, arau berriek kontsumitzaileak babesteko neurriak izango ditu. Errusiako gasarekiko menpekotasuna murriztu nahi dute, eta argindarra asko garestituz gero, horri aurre egiteko eskumen gehiago izan nahi dituzte. Esaterako, energia krisi bat deklaratzeko eskumena izango dute, eta kasu horretan, kontsumitzaile zaurgarrienen fakturak murriztu beharko dituzte EBko estatuek.
Gainera, merkatuaren erreforman erantsi nahi den araudi bat ere nabarmendu dute. Energia enpresa handiek merkatuan egiten dituzte manipulazioak eragozteko, eta gertatzen badira zigorrak handitzeko araua izango da.