Baltic Eagle itsas parke eolikoan 50 aerosorgailu jarri ditu Iberdrolak
Abu Dhabiko Masdar enpresarekin elkarlanean burutu du proiektua. Parkea abian jartzean energia berriztagarria eskainiko zaie ia milioi erdi etxebizitzari
Iberdrolak eta Masdarrek 50 aerosorgailu jarri dituzte Baltic Eagle itsas parke eolikoan. 2024ko maiatzean ipini zuten lehena, eta jada amaitu dute orotara 476MWko gaitasuna duten aerosorgailu guztiak jartzen. Prentsa oharrean adierazi dutenez, parkea sarera konektatuta dago, eta martxan jartzean, 475.000 familia hornituko ditu energia berriztagarriz, eta 800.000 tona karbono dioxido atmosferara isurtzea saihestuko du. Aerosorgailu bakoitzak 9,53MWko gaitasuna edukiko du, Vestas enpresak hornitu ditu eta Fred Olsen Windcarrier ontzi-enpresak instalatu.
Baltikoko itsasoko parkea Iberdrolak Alemanian duen hiru parkeetako bat da, baina Masdarrekin egiten duen lehen proiektua da. Ignacio Galan Iberdrolako presidenteak adierazi du “itsas parke eolikoa abiarazitakoan Alemaniako trantsizio energetikoa sustatuko dela” eta “energia garbia eskainiko diela ia milioi erdi familiei”. Masdarreko kontseilari delegatua den Mohamed Jameel Al Ramahik azaldu du “itsas parke eolikoetako energia funtsezko teknologia dela trantsizio energetikorako” eta Masdarrekoek “grina dutela Iberdrolarekin proiektu eraldatzaile gehiago egiteko”.
2023an sinatu zuten lehen akordioa Arabiar Emirerri Batuetako taldeak eta Iberdrolak, COP28an. Hitzarmenean adostu zuten hamabost milioi euro inbertituko zituztela, bien artean, itsas-energia eolikoko eta hidrogeno berdeari loturiko proiektuetan, bai Alemanian, bai Erresuma Batuan, baita AEBen ere.