Roseo Eólica Urbana aitzindaria izan da hirietako energia eolikoko proiektua garatzen. Irudian, Mario del Rio fundatzailea, euren produktuarekin | Argazkia: Roseo Eólica Urbana

Trantsizio energetikoa

Energia 'berdeago' baten bila

Bi urteko etenaldiaren ondoren, Berdeago Energy eraginkortasun energetiko eta ingurumen berrikuntzaren azokak ateak zabaldu ditu berriro ere Durangon. Energia fotovoltaikoaz gain, badira beste hainbat esparru lantzen dituzten enpresak, hala nola hiri inguruetako energia eolikoa eta zura

Azken urteetan geroz eta jende gehiagok egin nahi izan du energia berriztagarrien aldeko apustua. Sentsibilizazioak goranzko bidea hartu du, eta arrazoi ugari izan daitezke horren atzean. Bata, energiaren prezioen gorakada bera, zeinak bestelako irtenbideak bilatzera eraman duen gizartea. Bestea, klima aldaketaren kontra borrokatzeko kontzientziazio handiagoa. "Zaila da ekonomia edo ekologia den sentsibilizazioa areagotu izanaren arrazoia. Faktore askok egin dute bat. Gobernu politiketan aldaketak ere etorri dira, eta lehen kontra egiten bazen, orain energia berriztagarriak babesten dira", nabarmendu du Mario del Río Roseo Eólica Urbanako fundatzaileetako batek.

Start-up honek Portugaleteko (Bizkaia) Zitek enpresa mintegian du egoitza, baina Landako Gunean (Durango, Bizkaia) dabiltza egun hauetan Berdeago Energy azokan euren produktuak aurkezten. Energia berriztagarrien "zerbitzu integrala" eskaintzekotan dira, fotovoltaikoa barne. Hala ere, une honetan bi dira euren produktu nagusiak: bata, haize-sorgailu propioa, hiriguneetako eraikinetan instalatzen dena, eraikinaren egiturarekin "bateragarria"; bestea, leku jakin bateko potentzial eolikoa neurtzeko sistema, instalazioa amortizatu daitekeen jakiteko. Energia eolikoko proiektu ugari badira ere, ezohikoa da hiri eta herri inguruetako energia eolikoa lantzen duten proiektuak topatzea: "jendeak oro har ez du ezagutzen hirietako energia eolikoa. Hori da gure abantaila nagusia eta, aldi berean, zailtasuna. Izan ere, aitzindariak gara, baina inori ez zaio burura etortzen aukera hau existitzen denik ere", dio Del Ríok. Euren kasuan, duela sei urte abiarazi zuten proiektua, Euskal Herriko Unibertsitateko Eibarreko campusean, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza ikasi zuten hainbat ikaskidek. "Zenbait balio oso argi genituen hasieratik, besteak beste, energia ez zedin izan soilik berriztagarria, baizik eta ekologikoa eta iraunkorra ere, eta eskuragarria gure ingurukoentzat. Hala deskubritu genuen energia eolikoaren potentziala".

Mario del Río: "jendeak oro har ez du ezagutzen hirietako energia eolikoa. Hori da gure abantaila nagusia eta, aldi berean, zailtasuna. Izan ere, aitzindariak gara, baina inori ez zaio burura etortzen aukera hau existitzen denik ere"

Haize-sorgailurako erabiltzen duten teknologia ez da hiriguneetatik kanpo erabiltzen den energia eolikoan erabili ohi dena. Euren produktua eraikinaren goiko partean jartzen da. "Duela ehun urte patentatu zen Savonius izeneko eredua erabiltzen dugu. Berez, ardatz bertikaleko turbina bat da, baina etzan egin dugu eta eraikinetako goiko bistan jarri dugu, hori baita eraikinak izan dezakeen potentzial handieneko puntua", azaldu du Del Ríok. Eraikinak berak haizea kaptatzeko lanak egiten ditu. "Berrikuntza nagusia kontzentratzailea da. Horrekin egiten duguna da, batetik, aire korronteak bizkortu Savonius efektuaren bitartez, inbutua balitz bezala, eta, bestetik, arkitektonikoki turbina txertatu. Beraz, eraikinaren gehigarri txiki bat bezala izango litzateke, baina eraikinaren ezaugarriekin bat etorriko dena", gehitu du.

Jasangarritasuna erdigunean

Energia eolikoaz harago, Berdeago Energyk aukera anitz eskaintzen ditu askotariko energia berriztagarriak lantzen dituzten enpresak ezagutzeko. Bide luzea du azoka honek. 2013an sortu zen, eta hasiera batean jasangarritasunarekin lotutako eremu guztiak biltzen zituen. Azken urteetan, ordea, bitan banatu dute: Berdeago Energy, eraginkortasun energetiko eta ingurumen berrikuntzaren azoka, atzo hasi eta igandean bukatuko dena; eta Berdeago Nature, kontsumo arduratsuaren azoka, maiatzaren 14an eta 15ean egingo dutena. "Sentsibilizazio horrek aurrera egin duelako egin behar izan dugu bereizketa hori", azaldu du Diana Garcia Berdeago Europako Jasangarritasun Elkarteko proiektu arduradunak.

Berdeago Energyren kasuan, "ekoberrikuntza, energia eraginkortasuna, mugikortasun jasangarria, eta eraikuntza jasangarria" dituzte hizpide. "Halako azoka batera datorren jendeak jakin nahi du kontsumo arduratsua nola praktikatu", azpimarratu du Garciak. Askotariko energiak daudela nabarmendu du: geotermia, eolikoa... Dena den, "egia da energia berriztagarriei buruz hitz egitean, jendeari datorkion lehen irudia fotovoltaikoa dela", esan du arduradunak.

Diana Garcia: "Halako azoka batera datorren jendeak jakin nahi du kontsumo arduratsua nola praktikatu"

Hain zuzen, hori da Lansolar enpresaren espezialitateetako bat. Enekuriko Gaina eta Erandio artean (Bizkaia) dago enpresa, eta duela 17 urte sortu zuten. Bi arlo lantzen ditu: "eguzki energia, eta eraikuntza arloko energia berriztagarriak —ur beroa eta berogailua— bereziki", kontatu du Ruben Amparan zuzendariak. Ekidom energias renovables enpresa, berriz, 2006an sortu zen. Eurak ere lantzen dute energia fotovoltaikoa. "Energia berriztagarrien sistema guztiekin egiten dugu lan, bai termikoak —geotermia—, bai fotovoltaikoak", dio Lourdes Saez enpresako kideak. Berrizen dute egoitza nagusia, baina Zornotzan eta Gasteizen ere topa daitezke.

Energia fotovoltaikoaren hazkundea nabaria izaten ari da, eta igoera hori areagotu egin da azkeneko hiru urteetan, bai Amparanek, bai Saezek diotenez. "Diruz gehiago laguntzen da, eta elektrizitatea ere oso karu dago. Karu dagoenez, jendea gutxiago gastatzeko aukerak aztertzen dabil", dio Lansolarrekoak. "Next Generation Europako funtsen laguntzekin sustatu nahi da independentzia energetikoa lortzea. Horri gehitu zaie kostu energetikoaren eta erregai guztien prezioen igoera", azaldu du Ekidomekoak. "Egia da guk 2006tik daramagula lanean, eta energia berriztagarriak izan dira gure iturria, baina azken hiru urteetan hazi egin da, zalantza barik", gaineratu du Saezek.

Lansolarrek eta Ekidomek hasiera-hasieratik ezagutu dute Berdeago azoka, eta egin izan den urte guztietan etorri dira. "Gu zonaldekoak gara eta hemendik izaten gara. Azoka hau guretzat nahiko garrantzitsua da, batez ere irudiari begira. Normalean ez dugu ezer saltzen hemen; asko jota katalogoa hartuko dute. Baina euren behar energetikoak zeintzuk diren esaten digute, eta azoka bukatuta-edo harremanetan jartzen da departamentu teknikoa eurekin proposamenak egiteko", nabarmendu du Berrizeko enpresakoak. "Gu etortzen gara zer egiten dugun erakustera. Negozio bila. Hemen ez dira salmentak ixten, baina hasi egiten dira. Galdezka datoz, eta ondoren harremana egiten dugu", esan du Enekuri Gainako enpresakoak.

Egurra eraikuntzan

Euskal Herrian jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duten enpresa eta eragileen erakusleihoa izan nahi du Berdeagok, baita hausnarketarako topagunea ere. Zentzu horretan, egurraren sektoreak ere bere txokoa du Berdeago Energy azokan, EAEn ia 19.000 lanpostu sortzen dituen sektorea. Egoin enpresa bizkaitarra, esaterako, bertan da, beste urtebetez. Eraikuntza sektoreari lotutako zurezko egitura-soluzioen diseinuan 30 urteko esperientzia du, eta Natxituan dute egoitza. Naiara Iribar enpresaren ordezkariak azaldu duenez, Egoinen "egurraren materialak aprobetxatzen ditugu, eta horrek jasangarritasunaren aldeko apustu irmoa dugula erakusten du". Horrekin batera, passive house edo etxe pasiboen alorrean geroz eta lan gehiago egiten dute enpresaren Ingeniaritza departamentuan. Eraikuntza mota hori 1980ko hamarkadan sortu zen, Suediako Bo Adamson ingeniaria eta Alemaniako Wolfgang Feist fisikariek abiatutako proiektu baten ondorioz. Egun estrategia mundu osora hedatu da, eta geroz eta arkitekto gehiagok erabiltzen dute. "Aholkularitza zerbitzua ere badugu", aipatu du Iribarrek.

Egoinen bezero nagusiak arkitektura estudioak badira ere, "argi dugu halako azoketan oso garrantzitsua dela azken bezeroak gure marka ezagutu dezan. Bidea zabaltzeko modu bat da", adierazi du enpresako ordezkariak.