bilboko portua kruzeroa

Energia

Bilboko portuan, trantsizio energetikoa jomugan

Urteak dira energiari lotutako eraldaketa hasi zenetik Bilboko portuan. Izan ere, portuek rol garrantzitsua jokatu dezakete deskarbonizaziorako eta jasangarritasunerako prozesuetan

Trantsizio energetikoa gertatzen ari dela gutxik jarriko dute zalantzan. Are gutxiagok, segur aski, oraindik asko dagoela egiteko. Portuek, esaterako, ekarpen bikoitza egin diezaiokete: batetik, itsas-jarduera jasangarriagoa egiten, adibidez, kutsatzen duten itsasontziei edo enpresei mugak eta tasa berdeak jarrita; bestetik, trantsizioa bera bultzatuz, esaterako, bestelako energia iturrien garapenarekin edota industriari lehengaiak modu jasangarriagoan erraztuz.

Hala jaso du Macarena Larrea Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzaileak txosten batean, Portuen zeregina energia-trantsizioan izenburupean. Eta lan hori abiapuntu hartuta, jardunaldia antolatu zuten institutuak eta Bilboko Portuko Agintaritzak, azken honen egoitzan.

Txostenean ezaugarri desberdinetako lau portu alderatu dira: Bilbokoa, Rotterdamekoa (Herbehereak), Los Angeles (AEBtan), eta Valentziakoa (Espainia). Emaitzek erakusten dute, hain portu desberdinak alderatzeko zailtasunak zailtasun, ekarpenak egin ditzaketela deskarbonizazioari eta zarata gutxitzeari lotuta, besteak beste. Horretarako, digitalizazioa eta automatizazioa, finantzazio iturri berriak, eta eragileen arteko elkarlana gakotzat jo dira.

Efizientzia, aukera

Nazioarteko itsas-garraioak berotegi efektuko gasen 100 milioi tonako isuria du, eta Europa da isuri gehien egiten dituen munduko seigarren lurraldea. Hala ere, zenbait aukera ere sortzen ditu. “Milia bakoitzeko garraiatutako tona kontuan izaten bada, garraio-bide efizienteena da itsaso bitartezkoa”, azaldu zuen ekitaldian Carlos Alzaga portuko zuzendari nagusiak.

"Trantsizio energetikoa ez da gaurko zerbait, baina orain erritmo handiagoa hartu du", adierazi zuen Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak. Azkeneko urteetan, trantsizio hori bultzatzeko zenbait pauso eman ditu Bilboko portuak, Alzagak azaldu zuenez. Esaterako, 2013tik kontsumo energetikoa %40 murriztu du, 1,5 milioi euroko inbertsioa egin dute argi-sistema guztia ordezkatu eta ledak jartzeko, eta enpresa estrategikoei portuan lan egitea ahalbidetu diete. Ricardo Barkala Bilboko Portuko presidenteak gaurdaino martxan jarritako zenbait proiektu nabarmendu zituen, hala nola energia eolikoaren ordezko erregaiak portuan hedatzea, kaiak elektrifikatzeko BilbOPS proiektua, edo berrikuntzaren aldeko apustua Bilbao Port Laben bidez.

Jardunaldiko parte-hartzaileak | Argazkia: Bilboko Portua

Hala ere, erronkak ere baditu. Aipatutako zenbait proiektu oraindik garatze prozesuan daude —BilbOPS, kasu—, eta Alzagak beharrezkotzat jo du “neurri indibidualizatuetatik estrategiara” salto egitea. Estrategia horren adibideetako bat da Energiaren Euskal Erakundetik bultzatzen ari diren deskarbonizazioa. Bestalde, portuak “erdigune” izanik, Hidrogenoaren Korridoreak ere horretarako bidea ahalbidetu dezake. “Industriaren eta teknologiaren garapenerako aukera da”, plazaratu du Jose Ignacio Zudaire Petronorreko Pertsona, Antolakuntza, Erakunde Harreman eta Finantza Saileko zuzendariak. Deskarbonizaziorako Hubak, hain zuzen, bide horretatik joko du, baita garatzen ari diren findegi berriak ere.

Zerbitzu-emaile eta sustatzaile

Bai Ansolak, bai Zudairek, jardunaldi bukaerako mahai-inguruan hartu zuten parte, baita Andima Ormaetxe Bilboko Portu Agintaritzako Operazio, Merkataritza eta Logistikako zuzendariak ere, eta Orkestrako Energia ataleko koordinatzaile Jorge Fernandez izan zen moderatzaile.

Ormaetxek aipatu zuenez, Bilboko Portuak zerbitzua eskaini behar du epe luzera begira, baina baita sustatzaile edo bultzatzaile lanak egin ere, ekarpena egiteko industriari, eta gizarteari oro har. Horretarako ezinbestekotzat jo zituen berrikuntza eta digitalizazioa—datuen analisia, sentsorika...—. Berrikuntzaren partea Zudairek eta Ansolak ere aipatu zuen, besteak beste itsasontzi sofistikatuetara trantsizioa egiteko beharra —hidrogenoa garraiatzeko, adibidez—.

Beste bi gako dira kooperazioa —proiektuak martxan jartzeko—, eta hinterland edo barne-garraioa zabaltzea, tartean Iparralderekin. Horretan guztian Bilboko portuaren sakonera lagungarria izan daitekeela uste du Zudairek.