CAFen hidrogenozko trena | Argazkia: Europa Press

Energia

CAFen hidrogenozko trena probaldiekin hasi da Zaragoza-Canfranc linean

14 milioi euroko aurrekontua duen FCH2 Rail proiektuaren baitan egin dute lehen proba

Hidrogenozko trena garatzeko FCH2Rail proiektuak bere lehen probaldia egin du Zaragoza eta Canfranc lotzen dituen linean. Beste enpresa batzuk parte hartzen badute ere, CAFek gidatutako proiektua da, 14 milioi euroko aurrekontua duena. Beasaingo enpresak jakitera eman duenez, arrakastaz gainditu du lehen proba, zati handi bat aldapan gora egin behar izan badu ere. Ondorioz, beste ibilbide batzuetan barrena egingo ditu probak laster, batez ere, Aragoin, Galizian eta Madrilen.

Ibilbide guztia ez du hidrogenozko pilekin egin. Linea elektrifikatuetan dabilenean, unitate hori energia elektrikoaz baliatzen da, eta elektrifikatuta ez dauden trazaduretarako CAFek hidrogeno-piletatik eta baterietatik energia sortzeko gai den soluzio bat diseinatu du.

Hurrengo urratsa ezaugarri desberdinak dituzten beste trenbide mota batzuetan barrena zirkulatzea izango da, hidrogenozko tren horren portaera ebaluatzeko eta sor litezkeen beharretara egokitzeko. Izan ere, hidrogenozko trenaren helburu nagusia diesela ordezkatzea den arren, CAFek dio aztertu egin behar dela bideragarria ote den.

Era berean, Renfeko makinistek eta tren-buruek prestakuntza jaso dute hidrogenozko trenaren funtzionamendua ezagutzeko. Aurreikuspenen arabera, proiektua 2024rako amaituta egongo da.