Deskarbonizazioa, ezinbestekoa baina erronka konplexua, Canales eta Amundarainen arabera
Iberdrolako Pertsona eta Zerbitzuen zuzendariak eta EEEko arduradunak 'Energiaren etorkizuna' ekitaldian hartu dute parte
Energiaren etorkizuna izeneko jardunaldia egin dute Iberdrola dorrean gaur goizean. Bilboko Gorputz Kontsularrak antolatu du ekitaldia, eta bertan parte hartu dute, besteak beste, Asís Canales Iberdrolako Pertsona eta Zerbitzuen zuzendariak eta Mikel Amundarain EEE Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak.
Batetik, Amundarainek adierazi du energiaren arloan erronka eta ziurgabetasuna dagoela, baina gehitu du EEEk "erabakiak hartzerakoan ziurtasuna eta etorkizunerako ikuspegia” eman nahi dituela “gizartearen garapenerako funtsezkoa den sektore” horretan. EEEko zuzendariak azpimarratu du ez dela “batere erraza” izango estrategia industrial bat bultzatzea zeinak "ekonomia lehiakor eta karbono gutxiko baterantz igarotzea ahalbidetuko duen". Hala ere, defendatu du etorkizuneko gakoak direla "industria gehiago, industria hobeagoa eta emisio gutxiago". jasangarritasuna "bai ala bai" beharrezkoa izango dela plazaratzeaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoak erronkari aurre egiteko "elementu asko" dituela iritzi dio.
Bestetik, Canalesek azaldu du “planetaren erronka nagusietako bat” dela energia eta trantsizio energetikoa. Deskarbonizazioaren garrantzia ere azpimarratu du, eta energia kostua murrizteaz gain aldaketa klimatikoa geldotzen ere laguntzen duela adierazi du. Hala, trantsizio energetikoa “deskarbonizaziorako bektore” dela gehitu du Canalesek, baina “lehiakortasunerako bektore” ere badela argitu du. Era hartan, energia berriztagarriak “energia iturri lehiakorrena” direla zehaztu du.