Argazkia: GES Global Energy Services

Energia

GES enpresak eguzki-energia parke berria eraikiko du Erriberrin

2025. urte amaieran abiaraziko den parkeak urtean 85.000 MWh energia garbi eta berriztagarri ekoitziko du, alegia, gutxi gorabehera 24.000 familiek kontsumitzen dutena

GES Global Energy Services izeneko enpresak eraikiko du eguzki-parke fotovoltaikoa berria Erriberrin. Konpainiak eraikiko duen instalazioak 50 MWp-ko gaitasuna izango du, eta 74.000 moduluz osatuta egongo da. CL Grupo Industrial taldeko kide denak egingo du EPC (Ingeniaritza, erosketak eta eraikuntza siglak ingelesez) lan guztia, hau da, bera arduratuko da ingeniaritzaz, diseinuaz, ekipoak eskuratzeaz, azpiegiturez…

Eguzki-parke berria Olite izeneko azpiestaziora konektatuta egongo da, eta handik banatuko da parkean sortutako energia garbi eta berriztagarri guztia. GESekoek adierazi dute obrak burututa egongo direla 2025eko lehen hiruhilekorako, eta instalazioak martxan jarriko direla urte amaiera baino lehen. Azaldu dutenez, parkeak urtean 85.000 MWh ekoitziko ditu, hots, 24.000 etxebizitzetan urtebetean kontsumitzen den energia. Aldi berean, 20.000 tona CO2 aireratzea saihestuko da.

Nafarroan ekoizten den eguzki-energia %25 haziko da, 2023. urtearen aldean, “proiektu enblematiko” horren bitartez, eta “ekarpen esanguratsua egingo dio komunitateari”. Izan ere, 2023. urtean Nafarroak 170 MWko eguzki-energia instalazioak zituen; hala, eguzki-energia fotovoltaikoa komunitateko laugarren teknologia izan zen instalatuta dagoen ahalmenaren arabera (%5,1), eolikoaren, ziklo konbinatuaren eta hidraulikoaren ostean.