Iberdrolaren egoitza nagusia Bilbon | iStock

Energia

Estatu Batuetako Balore Merkatuaren Batzordeak Iberdrolak Avangrid erostea onartu du

Filialaren %18,4 erosi nahi du Iberdrolak, enpresaren erabateko jabe izateko, eta sare-negozioa hedatzea du helburu eragiketa honen bidez

SEC Estatu Batuetako Balore Merkatuaren Batzordeak oniritzia eman du Iberdrolak Avangrid enpresaren %18,4a erosteko. Ehuneko hori eskuratuta, energia konpainiak Estatu Batuetako filialaren %100 izango luke, eta fusioa gauzatuko litzateke urtea amaitu baino lehenago. Avangridek irailaren 26an egingo du akziodunen batzar orokorra Bostonen, eta bertan erabakiko dute akordioa onartu ala ez.

Iberdrolak, pasa den maiatzaren 17an iragarri zuen akordioa lortu zuela Avangriden erabateko jabetza eskuratzeko. Filialaren titulu bakoitzeko 35,75 milioi euro ordainduko ditu, hots, 2.551 milioi dolar (2.348 milioi euro) denera. Azken prezio honek hasiera batean energia konpainiak egindako eskaintza hobetzen du, izan ere, akzioko 34,25 euro eskaini zituen lehenago.

Avangriden akziodunen onarpenaz gain, beste hainbat erakunderen oniritzia jaso behar du eragiketak, hala nola FERC Estatu Batuetako Energia Erregulazioaren Komisio Federalarena eta Maine eta New Yorkeko zerbitzu publikoetako enpresa batzordeena.

Erosketa honekin sare-negozioa hedatu nahi du Iberdrolak AEBtan. Connecticuten du egoitza nagusia Avangridek, eta 8.000 langile eta 44.000 milioi dolar ditu aktiboetan, herrialdeko 24 estatuetan lan egiten duelarik.