Janis Rey, Espainiako Engie Solutionseko zuzendari nagusia, eta Íñigo Martínez, Viscofan Españako zuzendari nagusia | Argazkia: Viscofan

Energia

Galdara aitzindaria eraikiko dute Viscofanek eta Engiek energia termikoa sortzeko

Kasedan (Nafarroan) kokatuko da. Energia ekoizteko biomasa eta zelulosazko haragi bilgarria nahasiko dituen munduko lehen galdara izango da, ekonomia zirkularra sustatuz

Viscofanek, elikagaien industriarako bilgarrien ekoizpen eta salmentan aritzen den enpresak, eta Engiek, energia eta karbono gutxiko zerbitzuetan aritzen denak, bat egin dute, galdara berritzaile bat martxan jarri asmoz. Erregaia sortzeko basoetako biomasa eta haragi-bilgarria —zelulosaz eginikoa— bateratuko ditu galdarak, mundu mailan aitzindari izango delarik. Erabiliko den haragi-bilgarria soberakina izango da, eta, beraz, ekonomia zirkularra sustatuko dute. Soluzioak ahalbidetuko du 9.000 CO2 tona gutxiago isurtzea urtero, eta 4.000 tona zelulosazko bilgarri balorizatzea.

Orduko 7,5 tona lurrun ekoizteko gaitasuna izango du, 5MWtren baliokidea, eta Kasedan (Nafarroan) kokatuko dute, Viscofanen egoitzan. 2025eko abendutik aurrera izango da martxan, eta 15 urtez operatuko du bertan. Urte horietan guztietan kudeaketa eta mantenua Engieren esku geratuko da.

Íñigo Martínez, Viscofan Españako zuzendari nagusiak, nabarmendu du "alternatibak teknikoak bilatzeko urte askoko lanaren" emaitza dela. Era berean, Janis Rey, Espainiako Engie Solutionseko zuzendari nagusiak azpimarratu du "soluzio energetiko jasangarri eta berritzaileen alde eginiko apustuaren" ondorio dela. Biak ala biak pozik eta harro daude lankidetza aukerarekin.