Haizea Wind Groupek eginiko monopilotea | Argazkia: Haizea Wind Group

Ereduak

Haizea aldeko duen talde industriala

2017an eratutako Haizea Wind Group aerosorgailuen metalezko egituren diseinuaz, fabrikazioaz eta muntaketaz arduratzen den erreferentziazko enpresa taldea da Europan

Iberdrolarekin sinatutako 200 milioitik gorako akordioari esker, Bilboko portuan duten fabrikaren handitze obrak ekin berri ditu Haizea Wind Groupek. Taldeak Erresuma Batuan duen East Anglia Three parke eolikorako 50 monopilote fabrikatuko ditu instalakuntza berrietan, eta hitzarmenak 150 milioi euroko inbertsioa ekarriko badu ere, 350 lanpostu berri emango ditu aldi berean.

Monopiloteak aerosorgailuak itsas hondoan finkatzeko erabiltzen diren altzairuzko egitura handiak dira. 10-12Mwko aerosorgailuentzat 8 edo 9 metroko diametroa, 80-90 metroko luzera eta 1500 tona inguruko pisua izan ohi dute. Enpresa gutxi dira Europan halako produktuak ekoizteko gai, eta horietako bat da Haizea Wind Group. Halaber, egitasmo horri esker, East Anglia Three parkeak 1,4 Gwko ahalmena izango du eta energia garbiz hornituko ditu milioi bat etxe britaniar.

Borja Zarraga: “Sektoreko bi garatzaile garrantzitsuenek emandako konfiantzak itsasoko haize energiako elementuen fabrikatzaile nagusien artean kokatzen gaitu”

Iaz, Orsted enpresa daniarrarekin itxitako akordiarekin batera, Iberdrolarekin erdietsitakoa Haizean Wind Groupen ibilbidean mugarri bat dela iritzi dio Borja Zarraga taldeko Zuzendari Nagusiak: “Sektoreko bi garatzaile garrantzitsuenek emandako konfiantzak itsasoko haize energiako elementuen fabrikatzaile nagusien artean kokatzen gaitu, eta akordio horiei esker, gure instalakuntzen dimentsioa eta gure ekoizpena bikoizteaz gain, langile kopurua ere handituko dugu”, nabarmendu du.

Taldeak egun 1.200 bat pertsonari ematen die lana bere jarduerari esker, eta Bilboko fabrikako 48.000m2ko lantegian 500 bat langile dituzte. Instalakuntza berria amaitzerakin batera ordea, 200.000m2 izango dituzte, eta hurrengo lau urteetan 1.500 milioi euro baino gehiagoko lan kargara iritsiko dira.

Erreferentziazko fabrikatzailea Europan

Grupo WEC eta Tecnoaranda enpresen elkartzearekin sortu zen Haizea Wind Group duela sei urte. 2018an, Haizea Sica dorre eolikoen fabrika ireki zuten Santa Fen, Argentinan, eta urte berean, itsas dorreen fabrikazioa abiatu zuten Haizea Bilbao izenarekin Bilbon bertan. Iazko urrian, taldeak itsas dorreak ekoizteko beste lantegi bat zabaldu zuen Frantzian (Haizea Breizh). “Bilboko fabrika berriaren osagarria da Frantziako planta. Merkatu eolikoa goraka doa, eta Europako erreferente izaten jarraitu ahal izateko aukera asko topatzen ari gara”, nabarmendu du Zarragak.

 Haizea Wind Groupek Bilboko portuan izango dituen pabilioi berrien proiektua. Amenabarrek eginiko eredua

Iaz 200 milioi euro baino gehiago fakturatuta, aurten 300 milioitara gerturatzea espero du taldeak. Haien jarduera hiru negozio lerroetan bana daiteke. Lehenik, Haizea Grupo WECek galdaketan dihardu. “Aerosorgailuentzat osagai burdinurtu handiak fabrikatzen ditu, parke eoliko eta offshorentzat. Aguraingo plantan galdategia dugu, eta Itziarren mekanizatzen dugu. Gainazal-tratamendua eman eta produktuen muntaketa egiten dugu”, dio zuzendariak. Bigarren negozio lerroa lehen aipatutako onshore eta offshore dorre eolikoak dira. “Haizea Tecnoaranda, Haizea Sica eta Haizea Bilbaoren esperientziarekin dorre eolikoak hornitzeko gai gara”. Azkenik, offshore zimendatzeak (monopiloteak, trantsizio piezak..) dira hirugarren negozioaren oinarri, eta lantegia Bilboko portuan dute, atrakalekura sarbide zuzena edukirik.

Iazko urrian, taldeak itsas dorreak ekoizteko beste lantegi bat zabaldu zuen Frantzian (Haizea Breizh)

Horren harira, Haizea Wind Group, Europa hegoaldeko offshore dorre eoliko hornitzaile handiena da, eta Euskal Herrian, Espainian, Argentinan eta Frantzian lantegiak izateaz gain, hainbat proiektu garrantzitsu ditu nazioarteko beste hainbat lekutan: East Anglia One eta Dogger Bank eta Hornsea Two (Erresuma Batua), Borselle 1&2 eta HKZ (Herbehereak), Seamade (Belgika), Formosa (Taiwan), St. Nazaire eta St. Brieuc (Frantzia) edo Hywind Tampen (Norvegia).

Bestalde, erreferentziazko enpresa izanda ere, Haizea Wind Group sektore eolikoan —itsasokoan batik bat— gorakada handia izaten ari diren hainbat zona identifikatzen dihardu, hala nola Europa, Asiako hego ekialdea eta Estatu Batuak. “Europak izan du orain arte lidergotza itsas energian, eta hor zeregin garrantzitsua du gure taldeak. Hurrengo merkatua Estatua Batuak da, eta hor eman nahi dugu hurrengo urrats estrategikoa”, dio Zarragak. Hala, jada sinatu dute akordio bat garatzaile estatubatuar batekin (US Wind) Baltimoren, euren bazkide teknologiko zein operatibo bilakatzeko asmoz.