15. Zuzendaritza Batzordea egin dute gaur | Argazkia: Hidrogenoaren Euskal Korridorea

Energia

Hidrogenoaren Euskal Korridoreak lau proiektu berri sustatuko ditu 2025ean

Hala adierazi du elkarteak Energy Intelligence Centerren eginiko zuzendaritza batzordean; 2024. urtea “arrakastaz beteta” egon zela gaineratu du

Hidrogenoaren Euskal Korridoreak (BH2C) gaur egin ditu 15. zuzendaritza-batzordea eta 5. urteko batzarra, Abanto-Zierbenako (Bizkaia) Energy Intelligence Centerren (EIC). Bertan, 2024. urtean egindakoak berrikusi eta balioztatu dituzte, baita 2025. urterako aurreikuspenak azaldu ere.

Adierazi dutenez, 2024. urtea “arrakastaz beteta” egon zen; hots, dagoeneko abian daude 56 proiektu eta 71 ekintza, zeinak helburu duten elkartearen posizionamendua hobetzea, bai autonomia-erkidegoan, bai estatu-mailan, bai nazioartean. 

Gogorarazi dute zenbait ekitaldi eta azokatan parte hartu zuela elkarteak, besteak beste, European Hydrogen Energy Conference (EHEC) ekitaldian eta World Hydrogen Summit & Exhibition biltzarrean. Horrez gain, 2024. urtean BH2Ck lortu zuen Clean Hydrogen Mission (CHM) plataformak hala definitzea elkartea: “erreferentziazko hidrogeno-harana da mundu mailan, eta gaur egungo haran aurreratu eta handietakoa izatea lortu du”.

2025. urtea “proiektu estrategikoz beteriko urtea” izango dela gehitu dute, elkarteak posizionamendua errotu nahi baitu. Helburu nagusi gisa ezarri dute lau proiektu abiatzea , ekoizpenari, biltegiratzeari, mugikortasunari eta industriari buruzkoak.

Gainera, EIC Fundazioaren inaugurazioa ere nabarmendu dute. Izan ere, erakundeak “elkarlanean aritzeko I+G+b plataforma kudeatuko du”, batetik, trantsizio energetikoa bultzatzeko, eta, bestetik, bai Bizkaia, eta, oro har, EAE “nazioarteko erreferentzia gisa” posizionatzeko arlo horretan.