Iberdrolak 300 milioi euroko mailegua sinatu du Munduko Bankuarekin
Garapen bidean dauden herrialdeetan energia proiektu berriztagarriak bultzatzea du helburu bi erakundeen aliantzak
Munduko Bankuak eta Iberdrolak beren aliantza indartu dute 300 milioi euroko mailegu baten bidez. Bankuaren IFC inbertsio erakundeak Iberdrolak garatuko dituen proiektu berdeentzat bideratuko du finantzazioa. Zehazki, erregai fosilekiko mendekotasun handia duten herrialdeetan egingo dira proiektuok, hala nola, Maroko, Polonia edo Vietnam.
Guztizko zenbatekotik 170 milioi euro Polonian energia eoliko hainbat proiektu egiteko bideratu dira jada. Halaber, bi erakundeek jakinarazi dutenez, garapen bidean dauden beste hainbat herrialdeetan energia berriztagarriak bultzatzeko proiektuak aztertzen ari dira.
Maileguak bi helburu nagusi ditu: 2030erako negutegi efektu gasen isuria %60ean murriztea eta konpainiaren energia ekoizpen gaitasuna bikoiztea, egun 41.000 MW garbikoa dena.
Jose Sainz Armada Iberdrolako finantza, kontrol eta garapen korporatiboko zuzendariaren hitzetan, mailegu honi esker “Iberdrolak energia-trantsizioa, deskarbonizazioa eta garapen bidean dauden herrialdeen elektrifikazioa bultzatzen jarraituko du, oraindik ere erregai fosilen oso menpe baitaude. Gainera, IFCrekin dugun harremana sendotzen du proiektu berriztagarrien finantzaketan gure aliatu handienetako bat bezala".