Argazkia: iStock

Energia

Iberdrolak 4.134 milioi euroko irabaziak izan ditu 2024ko lehen seihilekoan

Hiru errekor berri erdietsi ditu energia erakundeak: mozkinetan, inbertsioetan eta zergen ordainketan

Etengabeko hazkundean murgilduta dago Iberdrola, eta epe laburrean ere martxa onean jarraituko duela diote adierazle ekonomikoek. Hiru errekor berri erdietsi ditu 2024ko seihilekoan: mozkinetan, inbertsioetan eta zergen ordainketan. Urtarriletik ekainera bitartean 4.134 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu, iazko epe berean baino %65 gehiago. Energia erakundeak jakitera eman duenez, Mexikoko aktiboen salmentak bultzatuta handitu dira nabarmen irabaziak eta nazioarteko hedapena (batez ere Brasilen, Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan) eta sendotasun ekonomikoaren isla dira emaitza horiek.

Arestian esan bezala, inbertsioek ere sabaia jo dute, inoizko handienak izan baitira. Denera 5.276 milioi euro inbertitu ditu konpainiak lehen seihilekoan, iazko epe berean baino %16 gehiago. Ignacio Galan Iberdrolako presidenteak arrakasta hiru ardatzetan finkatu du: nazioarteko proiekzioa, negozioa dibertsifikatzea eta ponpaketa hidraulikoa Espainian. 

Ustiapeneko emaitza gordina, hau da, EBITDA, ekaina amaieran, 9.613 milioi eurokoa izan da, 2023ko lehen seihilekoan baino %27 handiagoa. Iberdrolaren negozio-zifra aurtengo urtarriletik ekainera 22.637 milioi eurokoa izan da, %13,8ko jaitsierarekin 2023ko aldi beraren aldean.

Emaitza horiekin, energia konpainiak 2024rako planteatutako helburu guztiak lehenago beteko dituela iragarri du, eta irabazi garbiak bikoiztea espero du bigarren seihilekoan. Halaber, finantza-zor garbia 45.153 milioi eurokoa izan da, hau da, 2.679 milioi euro gutxiago 2023ko abenduaren aldean.