Iberdrolak eta Norges Bank taldeak 2.000 milioi euroko inbertsioa egingo dute berriztagarrietan
Energia ekoizpen osotik %40 eolikoa izango da eta %60 fotovoltaikoa
Iberdrola Norges Bank taldearekin batu da Espainian eta Portugalen 2.000 milioi euroko inbertsioa egiteko. Energia konpainiak eta Norvegiako funtsak hiru urtetara begirako inbertsioa dela adierazi dute, eta 1.300 MWko energia berriztagarria sortuko dute. Jada 674 MW gehitu dira enpresetan, eta iaz adostutako akordioari esker, denera 2.600 MW berriztagarri ekoizteko konpromisoa hartu dute.
Energia berriztagarri guztitk %40 eolikoa izango da, eta %60 fotovoltaikoa. Gainera, aliantza honi esker, 643,5 MWko eguzki plakak ere izango dira. Bi taldeek adierazi dutenez, “Espainian deskarbonizazioa bizkortzeko” batu dira.
Ignacio Galan Iberdrolako presidenteak Suitzako Davos hirian egiten ari den Munduko Ekonomia Foroan eman du akordioaren berri. “Iberiar penintsulan berriztagarrien garapena bizkortu eta sendotzeko aliantza globala” egin dutela azaldu du, eta pozik azaldu da Norvegiako taldearekin "urte askotako elkarlana" mantenduko dutelako.
Oraingo 674 MWko akordiorako 627 milioi euroko inbertsioa egin dute. Nicolai Tangen Norges Bank Investment Management taldeko kontseilari delegatuaren arabera, beren presentzia areagotuko dute Espainian eta Portugalen lehen urratsak emango dituzte aliantzari esker.