Instalazio fotovoltaikoak finantzatzeko maileguak eskainiko ditu Kutxabankek
Lankidetza akordioa itxi du GreenKw enpresarekin. Bezeroen energia kostuak %40 eta %60 artean murriztuko direla neurtu dute
Kutxabankek eta GreenKw enpresak lankidetza akordio sinatu dute gaur goizean. Finantza erakundeak GreenKw-k merkaturatzen dituen plaka fotovoltaikoen instalazioak finantzatzeko maileguak eskainiko ditu. David Vinagre eta Imanol Marquez GreenKw-eko ordezkariek eta Jabier Larrañagak, Kutxabankeko enpresetako banku zuzendariak izenpetu dute akordioa.
GreenKw eguzki energian espezializatutako Bizkaiko konpainia da, eta industriaren autokontsumorako eguzki instalazioak egiten ditu. Enpresa nahiz erakundeetan energiaren autokontsumoa sustatzea du helburu lankidetza honek, eta finantza erakundeak azaldu duenez, “eguzki komunitateek energia berriztagarrien arloan berrikuntzarako atea irekiko dute”.
GreenKw enpresaren arabera, akordioari esker 7.800 tona CO2 gutxiago isuriko dira atmosferara. Halaber, lehen urtean 15 megawatteko potentzia instalatuko dela neurtu dute, eta bezeroen energia kostuak %40 eta %60 artean murriztuko direla.