Oñatin jarritako instalazio fotovoltaikoa | Argazkia: H-Enea Living Lab

Energia

Instalazio fotovoltaikoak: kasu errealen bidezko sentsibilizazioa

Egun, Debagoieneko 20 komunitatetan instalazio fotovoltaikoak ezartzeko proiektuak martxan dira. Faktura erdira murriztu zaie jada instalatuta duten bizilagunei

Kasu praktikoak martxan jarriaz, instalazio fotovoltaikoen alde egin dute hainbat ekimenek, autokontsumoaren nahiz energia berriztagarrien alde egiteko asmoz. H-Enea Living Lab eta D2030 Garapen Iraunkorreko Sarearen bidez finantzatu den FV Etxean egitasmoan praktikotasun hori abian jarri dute 2021.urtetik, eta jada badira hainbat emaitza garrantzitsu. Debagoieneko zenbait bizilagunek autokontsumitu egiten dute energia propioa, horrek dakarren ingurune zein aurrezpen onurekin. Emaitzak ikusita, zonaldean beste hainbat proiektu gauzatu dira etxebizitza gehiagotan instalazioak gauzatzeko.

Autokontsumoa ahotan, beraz, 2021 eta 2022 artean estrategia jakin bat jorratu zen egitasmotik, kasu zehatzak aztertuz. Hiru autokontsumo tipologietako kasu errealak lortu ziren orduan: autokontsumoa komunitateetan, etxebizitzetan eta teilatu beretik bi komunitateetan sortutakoa. Arrasaten, Antzuolan eta Oñatin egin dira proiektu hauek, eta Oñatiko kasuaren inguruko azterketa aurkeztu nahi izan dute H-Eneatik. Martxotik autokontsumitzen ari dira auzoko 31 eta 54 etxeak.

Eñaut Iturbe: “Pisu komunitateetan konplexuagoa da instalazioa, hainbat bizilagun proiektu berean ados egotea zaila delako”

Eñaut Iturbe Anduaga H-Eneako langilea da, eta elizateko San Lorenzo auzoan eman den proiektua aztertu nahi izan du: “hainbat zailtasun izanda ere, bizilagunek balorazio ona egin dute”. Izatez, komunitate batean instalazioa sustatu nahi zutela azaldu du adituak, eta ez bakarrik etxe unifamiliarretan. “Pisu komunitateetan konplexuagoa da instalazioa, hainbat bizilagun proiektu berean ados egotea zaila delako”. Hala ere, onurez jakitun, bizilagunen erabakian eragina izan zuten 2021 hartan, eta emaitzak esanguratsuak izan dira.

Atarte horiek urtean sortutako energiak 4,7 tona CO2 murriztuko ditu gutxi gorabehera autokontsumoaren bitartez. Horretarako 36 eta 32 m2 plakak dituzte instalatuta etxeen teilatuan, 9.001 eta 7.071kWhko sorkuntza izaten ari direnak urtero. Datuak datu, Iturbek dio emaitza nabarmenena faktura jasotzean nabaritzen dutela bizilagunek: “Faktura erdira murriztu zaie”.

Instalazioak 1.879,95 kostua izan du etxe batean, eta 2.011,39 eurokoa bestean, komunitateko instalazio elektrikoaren berritzeak suposatu duen gainkostua barnean dagoelarik eta jasotako dirulaguntzak kontuan izan gabe

Aurrezpen ekonomiko esanguratsua jaso dute bizilagunek, baina zailtasunak ere izan dituzte. Instalazioak 1.879,95 kostua izan du etxe batean, eta 2.011,39 eurokoa bestean, komunitateko instalazio elektrikoaren berritzeak suposatu duen gainkostua barnean dagoelarik eta jasotako dirulaguntzak kontuan izan gabe. “Instalazioa martxan jarri ahal izateko, auzoko etxe hauek egungo segurtasun arauetara berriztu behar izan ziren”. 1980ko hamarkadako etxeak zirenez, energia banatzaileak eguneraketa egitea eskatu zien, kasu honetan Oñatiko Udaleko banatzailea. Ekitermik enpresak egin zituen instalazioak.

“Honek inbertsioa apur bat handitu zuen, baina hainbat dirulaguntza zein hobari ere jaso zituzten”, argitu du Iturbek. Hasierako ordainketa kopuruari EEEko laguntza kendu behar zaio, atariko 5.000 euro inguru dena. Gainera, Oñatiko udalak IBI zergan hobaria ere emango die: “inbertsioaren ehuneko bat murriztuko diete urtetik urtera”. 18 hilabetera luzatu zen instalakuntza prozesu guztia.

Kasu errealak oinarri

Adituak dio H-Eneatik kasu “errealak” sortu behar dituztela bizilagunekin batera. Honako proiektuak kasu erreal gisa aurkezten ditu, etorkizunera begira lagungarriak izan daitezkeenak: “Behin emaitzak ikusita, jende gehiago erakarri nahi dugu, ahoz-ahoko kontua sortu”. Horretarako, lortutako emaitzak aztertu eta modu “ulerterrazean” azaldu behar direla uste du Iturbek, zabalkunde hori egoki gauzatzeko. Sentsibilizazio lana behar dela argi du adituak, nahiz eta instalazioen onurak praktikoki erakutsi nahi izan: “sentsibilizazio lana kasu praktikoekin egiten dugu”.

Eñaut Iturbe: "Behin emaitzak ikusita, jende gehiago erakarri nahi dugu"

Egun 20 komunitatetan jarri dira antzeko proiektuak martxan Debagoienan, 116 etxebizitzen autokontsumoa ahalbidetzeko. Hori bai, bidea egiteke dagoela oraindik uste du adituak. Batetik, energia banatzaileen kasuan. “Instalakuntzen espendienteak jorratzerako orduan epeak luzatzen ari zaizkie, haientzat ere prozesua ere berria baita". Debagoienean herri ia guztietan Iberdrola da banatzailea, Oñatin aldiz, Oñargi udal enpresa da banatzaile. Bestalde, energia merkaturatzaileei dagokienez ere enpresa batzuk zailtasunak edukitzen ari dira "autokontsumoko fakturak bezeroei helarazterako orduan, hauentzat ere prozesua berria baita", mahaigaineratu du Iturbek. Hala ere, etorkizunera begira hobetzen joango den prozesua dela iritzi dio.