Josu Jon Imazek trantsizio energetikoa birpentsatzeko deia egin du
CEBEKek antolatutako solasaldian Repsolen kontseilari ordezkariak trantsizio energetikoa "gaizki egiten ari dela" esan du eta "industriari negatiboki eragiteko arriskua" dagoela nabarmendu du
CEBEK Bizkaiko enpresarien konfederazioak bere urteko batzarraren baitan burutako solasaldi batean Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuarekin eta Armando Martinez Iberdrolako kontseilariarekin batera aritu da Josu Jon Imaz.
Bertan Europak trantsizio energetikoa jorratzeko hartutako erabakiekin kritiko agertu da. "Kutsu ideologiko" handiegia eta "apaltasun energetiko gutxi" sumatzen dio Imazek Europari eta "oker" dabilela esan du.
Imazek deskarbonizazioa helburu handinahitsua izan behar dela esan badu ere, familiek kostu energetikoei aurre ezinik daudela eta enpresek jarduera eten behar dutela nabarmendu du, energia "oso garestia" delako. Trantsizio energetikoaren alorrean "irizpide ideologikoak teknologikoen gainetik jartzen ari direla" adierazi du. Birpentsatu beharra azpimarratu du "gizarte bezala jasangarria ez delako".
Repsolen buruaren ustez petrolioaren premia "denbora luzez" izango dugu trantsizio energetikorako "aplikazio askotan plastiko gehiago" beharko delako, ibilgailu arinagoak ekoizteko, besteak beste. Gas gehiago ere beharko dela azpimarratu zuen. "Hidrokarburoak prezio egokietan ekoiztuko direla bermatuko duen trantsizio energetikoa" aldarrikatu du Imazek, bestela lehiakortasun eta hornidura arazoak egongo direlako.
Gizartearen petrolio eta gasaren eskaria etengabe hazten ari dela gogoratu du Imazek baina ekoizpenari oztopoak jartzen ari zaizkiola. Honek ekar lezakeen prezioen gorakadaz ohartarazi nahi izan du Josu Jon Imazek.
Kritiko agertu da Imaz elektrifikazioaren aldeko erabateko apusturekin. Argi dauka ekonomiaren zati handi bat ez dela elektrifikatuko, "ez orain ezta hurrengo hamarkadetan ere".
Autogintzari dagokionez erosleak zalantzan ikusten eta horregatik ez dutela autorik erosten. Horrek industriari ez ezik, CO2 isurketei ere kalte egiten diela esan du, "autoak zaharragoak direlako".
Ibilgailu elektrikoa erosteko ematen diren diru-laguntzak eman beharrean "deskarbonizatzeko modu merkeagoak" badirela esan du. Izan ere elektrifikazioa hain garbia ez dela nabarmendu du. "Gaur egun Alemanian ekoitzitako auto elektriko batek, bere bizi osoa kontua hartuz gero, diesel motorea duen batek baino CO2 gehiago isuriko duela" esan du Imazek.
Gasari prezio muga jartzearekin bat etorri da Imaz, beti ere aldi jakin baterako baldin bada. Espainia araudiaren aldetik herrialde egonkorra dela esan du.
Hurrengo neguan energetikoki sor litezken arazoekin kezkatuta azaldu du Imaz. Izan ere, bere ustez, ez da posible egun batetik bestera aldatzea Europak Errusiarekiko duen erregaien menpekotasuna.