Energia
Sara Irastortza: “Herritar askok ez dute faktura elektrikoa ulertzen"
Goierriko energia sektoreko eragileen arteko koordinazioa sustatu nahi du Goierriko Energia Bulegoak. Trantsizio energetikoaren bidea erraztu nahi die herritarrei, trantsizio energetiko bera ulertu dezaten
Herritarren sentsibilizazioa ahotan, energia gaien inguruko kezkak argitzeko premia du Goierriko Energia Bulegoak. Goieki Goierriko (Gipuzkoa) Garapen Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, azaroaren bukaeratik dabil Energia Bulegoa faktura elektrikoaren nondik norakoak argitzen zein aurrezpen ekonomikoa hobetzeko aholkuak ematen. Azterketa plan jakin batekin, urteroko diagnostikoa egiten dute zentrotik, energia sektorearen joan-etorriak herritarrei taxuz plazaratzeko xedearekin. Sara Irastortza Energia Bulegoko teknikaria da, eta sentsibilizazio prozesuak mantentzeko eta indartzeko premia agertu du etorkizunera begira.
Zein beharrizan ikusi zenuten Energia Bulegoa eratzeko?
2021ean diagnostiko bat egin genuen ikusteko zeintzuk ziren goierritarrei kezkatzen zieten arazoak. Energia gaia asko errepikatu zen bertan, baita pobrezia energetikoa ere. Ikusi genuen ezjakintasun handia dagoela sektorearen inguruan eta, beharrizan horiei erantzuteko, gune bat behar zela ondorioztatu genuen. Energia Bulegoaren proposamena egin genuen orduan, aztertuta ea zein izango litzatekeen formula efizienteena eskualdean bulegoa txertatzeko. Proposamena aurrera eraman genuen 2021 bukaeran eta 2022 hasiera bitartean, kontsumitzaileen bulegoaren formatua kontuan izanda, zonaldeko hiru herri handienetan zentratzen zirela: Beasainen, Ordizian eta Lazkaon. Ikusi genuen herritarrak oso barneratuta zutela zerbitzu hau, eta hura errepikatzea erabaki genuen.
Zer nolako galderak egiten dizuete kontsultetan? Zeintzuk dira herritarren kezka nagusienak energia arloan?
Azaro bueltan hasi ginen, denbora gutxi daramagu, baina orain arte ikusi duguna izan da kontsulta gehienak fakturaren inguruan direla. Herritar askok ez dute faktura ulertzen; ez dakigu bere barnean zer datorren, eta kontsultan zenbat ordaintzen duten argitzen diegu. Prezioa egokia dela uste badugu aurrera egiten dugu, baina altuegia baldin bada, kezkatzen gara eta aholkuak ematen dizkiegu. Kontsultak ildo horretatik bideratzen dira; herritarrek tarifa egokia ordaintzen duten edo ez argitu nahi dute, eta zertan fijatu behar diren hori lortzeko galdetzen dute. Tarifa horiek hobetzeko zein aukera duten aztertzen dugu elkarrekin.
"Herritarrek tarifa egokia ordaintzen duten edo ez argitu nahi dute, eta zertan fijatu behar diren hori lortzeko galdetzen dute. Tarifa horiek hobetzeko zeon aukera duten aztertzen dugu elkarrekin"
Zer nolako aholkuak ematen dizkiezue?
Aholkuak ez dira berdinak izaten. Tarifa ugari aurkitzen ditugu, pertsona bakoitzak faktura jakin bat kontratatua duelako. Orduan oso zaila da ikustea pertsona berdina faktura berarekin. Indibidualki aztertzen ditugu tarifak, baina askotan uste dugu telebistan ikusten duguna guri ere eragiten digula, ordutegi garestienak zeintzuk diren edo antzerako aholkuak entzutean. Kontsultan azaltzen diegu garrantzitsuena bakoitzak zer duen kontratatua jakitea dela; faktura bera ulertzea, ostera kontsumo propioa era batera edo bestera moldatzeko. Hortik abiatuta, aholku pertsonalizatuak eskaintzen dizkiegu.
Herritarrek sektorean interesa dutela uste duzu? Sentsibilizatu nahi dute auzian?
Interesa dute bai, baina egun fakturak ulertzea eta aurrezpen ekonomikoa lortzea dute batez ere buruan. Azken hiru urteetan prezioen gorakada eman denez, aurrezpen ekonomiko hori bilatzen dute batez ere, horri ematen diete garrantzia. Dena den, kontsulta ugari izan ditugu energia berriztagarrien inguruan edo komunitate energetikoaren inguruan, eta ikusten da sektorean interesatuta daudela. Energia berri horiek modu kolektiboan bultzatzearen garrantziaz galdetzen dute, herri edo elkarte mailan. Gainera, etorkizunera begira Energia Bulegotik autokontsumoa edota mugikortasun jasangarria bezalako gaiak jorratu nahi ditugu.
"Jendeak markatuko digu poliki-poliki zein gaiekin jarraitu dezakegun zerbitzu hauek ematen, baina hasiera batean oinarrizko gaiekin hasi nahi genuen"
Gai konplexuagoak aurkezten ere joango zarete orduan.
Hori da. Jendeak markatuko digu poliki-poliki zein gaiekin jarraitu dezakegun zerbitzu hauek ematen, baina hasiera batean oinarrizko gaiekin hasi nahi genuen. Jendea gogotsu ikusten dugu, informatzeko eta ulertzeko nahiarekin. Orduan oinarri batetik hasita, astiro nahi dugu abiatu jendea ahalduntzen gai hauetan, ostera gaiak zabaltzen joan ahal izateko.
Zelan lortu dezakezue sentsibilizazioa indartzea etorkizunean?
Energia Bulegotik zerbitzua emateko unean nondik abiatu genezakeen aztertzen hasi ginenean, iruditu zitzaigun energia berriztagarriak eta trantsizio energetikoa bulegotik bultzatu behar zela, baina argi genuen kezka asko zeudela eta oinarri jakin batetik hasi behar genuela. Daukaguna ulertuz, aurrera egitea nahi genuen, ostera gai konplexuagoak sartzeko. Bulegoarekin lortzen ari garena da trantsizio hori errazago ematea, eta jendearen kezkak argitzeko gune bat sortzea, aukera hori ematea. Hurrengo urteetara begira, bulegoa beste ekintza batzuekin mantenduko dugula uste dugu, gai espezifikoagoak lantzen. Posiblea da baita ere bulegotik haratago beste ekintza batzuk gauzatzea ere, baina bulegoa bera energia inguruko gaietan lagunduko duela sustatu nahi dugu, oinarri moduan.
Energia Plana ere garatu zenuten testuinguru honetan.
2015ean herritarren kezkak energiaren inguruan ikusita, 2017 bukaeran sortu zen Goierriko Energia Plana, 2025 urtera arte iraungo duena. Honakoa urtero edo bi urterik behin eguneratzen goaz, plana berrikusteko.
"Kontsulta ugari izan ditugu energia berriztagarrien inguruan edo komunitate energetikoaren inguruan, eta ikusten da sektorean interesatuta daudela"
Zer nolako prozesua izan du planak orain arte?
Bi urte gelditzen zaizkigu oraindik. 2018an jarri genuen indarrean, eta helburua zen Espainiatik zein Eusko Jaurlaritzatik zetozen legeei erantzuna ematea, baita energia berriztagarrien trantsizioan laguntzea ere. Estrategia plana bi zatitan banatuta dago: administrazio publikoa alde batetik eta, bestetik, herri mailako administrazioa. Azkenaldian ikusi da administraziotik beharrezkoa dela ekintza batzuk betetzea, eta plan honekin ekintza horiek nola bete dezakegun jakin nahi genuen. Legeak ulertzeko eta horiei aurre egiteko estrategia bat da.
Zein da plana berrikusteko prozesua?
Urtero edo bi urterik behin ekintza plan bat sortzen dugu; orain daukaguna 2022-2023 urtekoa da. Bertan, Energia Planak biltzen dituen ekintza guztiak jasotzen dira aztertzeko nori eman behar zaion lehentasuna. Era berean, Energia Mahaia izeneko prozesua sortu genuen estrategia hura egoki koordinatzeko. Talde bat behar zen horretarako, eta mahaia hura eskualdeko 18 udalek, Goiekik, Goiturrek eta Goierri Valleyek osatzen dute. Erakundeen koordinazioa errazteko helburua du, eta horretatik ateratzen diren ekintzak Gipuzkoako Foru Aldunditik finantzatzen dira.