Solaria enpresa madrildarrak Arabako hainbat lursail erosi ditu plaka fotovoltaikoak instalatzeko
1.000 lurjaberekin akordioak itxi ditu. Arabako zenbait sindikatu eta elkarte proiektuaren aurka azaldu dira, "astakeria" bat dela argudiatuz
Solaria enpresa madrildarrak Euskal Herriko 1.000 lurjaberekin akordioak itxi ditu beren lurretan instalazio fotovoltaikoak egiteko. Eguzki energia fotovoltaikoa ekoizten du Solariak, eta gaur jakinarazi du akordioen berri, Araban egitekoa duen proiektuari alegazioak aurkezteko epea amaitzen den egunean hain justu.
Enpresak adierazi duenez, hektarea eta urte bakoitzeko 1.500 euroren truke alokatzen ditu lurrak, eta hektareako 25.000 euroren truke erosten ditu. Konpainiak hiru lantegi fotovoltaiko egin nahi ditu Araban, eta horien elektrizitatea Zierbenara (Bizkaia) eramango litzateke 100 kilometrotik gorako goi-tentsioko linea baten bidez.
Proiektuaren aurka azaldu dira Arabako hainbat sindikatu eta elkarte. Alegazioak aurkeztu dituzte Araba Bizirik, Arabako Mendiak Aske, AHTrik ez eta UAGA sindikatuek, eta manifestazioa iragarri dute Gasteizen, urriaren 26an, gertatzen ari dena “astakeria” bat dela argudiatuz. Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, erakunde horietako ordezkariek, ehun bat lagunen babesarekin, komunikatu bat irakurri dute, eta “lurraldea lapurtzen” ez dutela utziko aldarrikatu dute.
Datozen hilabeteetan beste 3.000 akordio itxi nahi ditu Solariak. "Gure jokabide-kodeak betez, planta fotovoltaikoek okupatuko dituzten lurrak erabiltzeko, nekazariekin edo jabeekin adostasunez jokatzen dugu beti", adierazi du Aitor Uriarte Solariako EAEko Harreman Instituzionalen koordinatzaileak.