"Zergatik aldatu garraioa erregaia aldatu ahal badugu?"
Erregai berriztagarrien oraina eta etorkizuna izan dute hizpide Energy Inteligence Centerren. Petronorrek eta Orkestrak antolatu dute jardunaldia
"Zergatik aldatu garraioa erregaia aldatu ahal badugu?". Titularra eskatuta, halaxe laburbildu zuen Jose Ignacio Zudaire Hidrogenoaren Euskal Korridoreko lehendakariak atzo Energy Inteligence Centerrek hartutako jardunaldia, Erregai berriztagarriak: mugikortasunaren jasangarritasunari ekarpena egiten dion soluzioa izenburu zuena. Ivan Marten Orkestrako lehendakariak, berriz, hiru ideia azpimarratu nahi izan zituen. Lehenengoa, emisioak gutxitzea ekidinezina, baina konplexua dela. Bigarrena, ez dagoela soluzio bakar bat, beharrezkoa baita hainbat aukera nahastea erregai berriztagarriek ahalbidetzen duten soluzio optimoa bilatzeko. Eta hirugarrena, dagoeneko operatibo daudenez, berehalako aurrerapausoak eman daitezkeela aipaturiko esparruan.
Izan ere, Petronorrek eta Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak antolaturiko ekitaldiko protagonista izan ziren erregai berriztagarrien aukerak eta erronkak. Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak, Mikel Amundarain Leibar Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak eta Ainara Basurko Urkiri Sustapen Ekonomikoko diputatuak egin zuten sarrera.
Hidrogenoa izan zuten hizketagai mahai-inguru baten. Horri buruz aritu ziren Zudaire bera, Imanol Iturrioz Villalba CAFeko I+Gko zuzendaria, Raquel González Sánchez Talgoko produktuaren berrikuntzarako diseinu industrialerako ingeniari seniorra, eta Francisco de Asís Maza Luque Repsoleko hidrogeno berriztagarriko zuzendaria, Iñigo Ansola Kareaga EEEko zuzendaria moderatzaile izanda. Besteak beste, hidrogenoaren hedapen adimenduna egiteko beharraz hitz egin zuten, baita erabakiak orain hartzeko beharraz 2030ean helburuak betetzeko ere.
Erregai berriztagarri guztien beharra
Hidrogenoaz harago, jardunaldiko beste mahai-inguruak erregai berriztagarriak eta mugikortasuna bere osotasunean izan zituen hizpide, Jorge Fernandez Gomez Orkestrako Energia eta Ingurumen Labeko koordinatzaileak moderatuta. "Ohiko erregaien jarrera fisiko-kimiko antzekoa dute erregai berriztagarriek, baina jatorri edo lehengai berriztagarria dute. Bestela esanda, askotariko jatorria duten hondakinak erabiltzen dira horiek sortzeko", azaldu zuen Berta Cabello Calvo Repsoleko Erregai Berriztagarrien zuzendariak.
Bioerregai esaten zaie, besteak beste, erabilitako oliotik, edo elikadura, abeltzaintza edo basogintza industriako hondakinetik eratorritakoei. Erregai sintetikoak dira, aldiz, CO2tik sortutakoak. "Ezaugarri horiekin ahalbidetzen dute oso erabilera efiziente eta erraza egitea dagoeneko existitzen diren azpiegituretan. Eta aldi berean emisioetan neutroak dira, beraz, hidrogenoarekin edo elektrifikazioarekin osagarri izan daitezke garraioan", plazaratu du Cabellok. "Alternatiba guztiak erabili behar ditugu: ezin dugu bat bera ere alboratu. Horrela modu azkarrago baten iritsiko gara helburu klimatikoetara", gaineratu du.
Berta Cabello: "Elektrifikazioarekin, hidrogenoarekin eta bestelako erregaiekin osatzen badugu, ez gara kanpoko lehengaien menpe izango"
Bestalde, ekonomia zirkularra sustatzen dutela gogorarazi du Repsolekoak, "hondakinen kudeaketa efizientea" egitea ahalbidetzen dutenak. Hornidura segurtasunetik ere egiten duten ekarpena jarri du balioan, lehengaiak bertan sortzen baitira. "Elektrifikazioarekin, hidrogenoarekin eta bestelako erregaiekin osatzen badugu, ez gara kanpoko lehengaien menpe izango".
Deskarbonizazioa eta efizientzia
Erregai berriztagarrien inplementaziorako, gako da enpresentzat deskarbonizazio estrategia. "Gure helburuetarako beharrezkoa da trantsizioa efizienteagoa izatea", nabarmendu zuen Víctor del Barrio Núñez Alsako ingeniaritza eta Europako Funtsen bulegoko arduradunak. Gainera, euren kasuan autobus elektrikoak ezin dira alternatiba bakarra izan, euren flotaren bi heren ibilbide ertain-luzekoak baitira. "Pentsatu behar dugu bide alternatiboak behar ditugula", gehitu zuen.
Pedro Cotera Usua Scaniako Espainiako Hiriko Autobusetako Negozioko zuzendariak beste bi alderdi nabarmendu nahi izan zituen. Batetik, efizientzia energetikoa: "azkenaldian ahaztu xamar dagoela dirudi. Ni konbentzituta nago garraio publikoa izango dela mundua salbatuko duena. Soluzioa ez da norberak bere ibilgailu elektriko propioa izatea, baizik eta energiaren erabilera efizientea egin dezagun, motor egokiekin-eta". Bestetik, garraiorako sare adimenduna, "desplazamenduak optimizatzeko". Euren kasuan, HVOaren —diesel berriztagarri gisa ezagutzen dena— ezartzeaz aritu da. "Nolabait esatearren merkatuan dauden ibilgailu onak ditugu. Industria garraio batek 12-16 urte bitarteko iraupena izan behar du. Eta software zoragarri hori dugu, bioerregai hori, hor sartu dezakeguna", adierazi du.
Araudia traba?
Mahai-inguruan Europako araudi-esparruari, eta berriztagarrien zuzentarau berriari buruz ere hausnartu zuten. "Araudia beti atzean doa, baina kasu honetan izugarria da". Hidrogenoaren eta biometanoaren kasua ipini nahi izan du. "Hidrogenoa etorkizun oparoko teknologia izanik ere, garapena falta zaio oraindik, erronka teknologikoak baititu aurretik; biometanoa hemen dago, errealitatea da. Eta lehenengoaren araudia askoz garatuagoa dago bigarrenarena baino", azpimarratu du Coterak.
Hori gutxi balitz, araudiak "ingeniari eta teknologoei ez die uzten ari lan egiten", kexatu da Cabello. "Marko zabala behar dugu, eta ez teknologiak debekatuko dituena. Bestela aukerak galtzen ari gara beste herrialde batzuekiko —AEBak kasu—", nabarmendu du. "Araudiak epe luzeko bermea izan behar du inbertsioak egiteko. Eta era berean, garapen teknologikorako pizgarriak ere irits daitezen behar dugu. Next generation, esaterako, ez direnak iritsi bioerregaietara. Lehia egiteko beharrezko babesa dira", azpimarratu du Repsolekoak.
Victor del Barrio: "Zero emisio garbien kontua lehiaketetan sartu behar da. Soluzio hibrido bat topatu behar da"
Era berean, administrazioak lehiaketen bitartez izan dezakeen papera izan zen beste alderdi garrantzitsua. "Zero emisio garbien kontua lehiaketetan sartu behar da. Soluzio hibrido bat topatu behar da", adierazi du Del Barriok. Haren ustez, gainera, "prezioak egungo baliokideeki —dieselarekin, adibidez— bateratu behar dira". Eta fiskalitatea ere "garrantzitsua" da euren ustez, "baina motel doa".
Beste bi alderdi gako dira digitalizazioa eta ekoizpena eskalatzea, azken hori kostuak gutxitzeko. Lehenengoari dagokionez, harrezkero erregaien jatorria "neurtu daitekeela" gogorarazi zuen Scaniakoak, "egungo ibilgailuek datuak emititzen baitituzte. Datuen kanal horregatik, zerbitzuak eskaintzen dituen hornitzaile baten bihurtzen ari gara. Geroz eta gehiago integratzen ari da datu horiek nola kudeatu sisteman".
Cotera: "Hidrogenoa etorkizun oparoko teknologia izanik ere, garapena falta zaio oraindik, erronka teknologikoak baititu aurretik; biometanoa hemen dago, errealitatea da. Eta lehenengoaren araudia askoz garatuagoa dago bigarrenarena baino"
Eskalatzeari dagokionez, erronkatzat jo du Cabellok: "eskalatze hori egin ohi dugun horretatik desberdina izan behar da. Ikasi behar dugu planta eredu efizienteak egiten. Eta guretzat ezinbestekoa da hondakinaren eraldaketa jatorrizko tokian egitea, behin eraldaketa hori eginda molekula modu errazago baten garraiatzeko. Findegira iritsita, bezeroek bilatzen duten horretan bilakatu dezakegu. Balio katearen efizientziaz, edo prozesuen garapenaz ari gara, besteak beste".