Kideren eraikina Berriatuan| Argazkia: Kide

ENPRESAK GAUR

50 urte beteko ditu aurten Kidek eta urteurreneko egitaraua aurkeztu du

Hotz-kamerak, panelak eta ekipoak fabrikatzen ditu kooperatiba bizkaitarrak eta urriaren 3an egingo dute ekitaldi nagusia

Berriatuako Kide kooperatibak 50 urte beteko ditu aurten, eta mugarri hori ospatzeko egitaraua aurkeztu berri dute. Hotz-kamerak, panelak, ateak, hozteko ekipo eta lehortzeko eta heltzeko ekipoak fabrikatzatzen dituen konpainiak 180 lagunetik gorako lantaldea du egun.

Ohar bidez azaldu dutenez, apirilean ekingo diote urteurrena ospatzeko egitarauari, izan ere, Kideren laguntzarekin, Ondarroako BOGA Mendi Martxaren edizio berri bat antolatuko da. Edizio honetan parte-hartzaileek kamiseta berezi bat jaso eta jantziko dute, mendi martxarako Kidek diseinatua.

Maiatzean Berriatuko Felix Aldazabal Zesta Punta Txapelketa babestuko du Kidek, eta ekainean Ondarroako Antiguako Ama traineruaren 2025 denboraldiaren aurkezpen ofiziala egingo da kooperatibaren instalazioetan.

Irailean Ondarroako haur arrantza txapelketa eta Ondarroa-Lekeitio lasterketa babestuko ditu Mondragon taldeko kooperatibak.

Urrian egingo dituzte berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusiak. Enpresaren instalazioetan egingo da ekitaldi instituzionala, urriaren 3an, eta Bizkaiko zein EAEko erakundeetako ordezkariak izango dira bertan. Hurrengo egunean ate irekien jardunaldia antolatu dute: “Urriaren 4koa aitortza-ekitaldia izango da, langile eta familientzat, guztiei esker ona adierazteko eguna. Haurrentzako jolasak, puzgarriak, bertako gastronomiaren dastaketa, dantzarien emanaldiak eta askotariko musika ez dira faltako”, azaldu du Kidek oharrean.

Halaber, 50. urteurreneko logoa ere prestatu dute, lehiaketa bidez. Guztira 83 proposamen jaso dituzte, lanen %60 30 urtetik beherako gazteenak direlarik. Irabazlea Rocio Escribano izan da eta bere logoa ikusgai izango da Kidek aurten egingo dituen komunikazio ekintza orotan.