Argazkia: iStock

ENPRESAK GAUR

AEBko Batzorde Federalak ontzat jo du Iberdrolak Avangrid erostea

Eragiketak bi enpresen arteko fusioa ekarriko luke. Batzorde Federalak adierazi du ez duela arriskurik ikusten etorkizuneko energiaren prezioei dagokienez

Iberdrola eta Avangriden arteko fusioa geroz eta gertuago dago. AEBko Balore Merkatuaren oniritziaren ostean, FERC herrialdeko Energiaren Erregulaziorako Batzorde Federalak onartu egin du Iberdrolaren eskakizuna Avangriden %18,4 erosteko. FERCek adierazi du eragiketak ez duela kontrako eraginik izango kontsumitzaileek eta enpresek ordaindu beharreko prezioei dagokienez.

%18,4ko portzentaje horrekin, Sanchez Galanek zuzentzen duen konpainiak konpainia estatubatuarraren guztizkoa bereganatuko luke. Iberdrolak 35,75 dolar inguru ordainduko ditu tituluko, hasieran eginiko 34,25 dolareko eskaintza hobetuz. Denera, beraz, 2.551 milioi dolar ordainduko lituzke —2.348 milioi euro inguru—. Behin Avangrid eskuratuta, Iberdrolak eskatuko du albo batera uztea lehendik bereganatutako filialaren akzioak, New Yorkeko Burtsan daudenak.

Connecticuten du egoitza nagusia Avangridek. 8.000 langile eta 44.000 milioi dolar ditu aktiboetan, eta herrialdeko 24 estatuetan lan egiten du.

Edozein kasutan, fusioa gauzatu ahal izateko, eragiketak Maineko zein New Yorkeko zerbitzu publikoko enpresa batzordeen oniritzia beharko du.