AFMk Manufaktura Aurreratuko Iberoamerikako Federazioa sortu du beste hainbat elkarterekin batera
Iberoamerikako manufaktura sektoreari bultzada eman nahi diote
AFM klusterrek, makina-erremintako ekoizleen elkarteak, bat egin du Iberoamerikako manufaktura aurreratuko beste zenbait erakunderekin. Zehazki, FIM Manufaktura Aurreratuko Iberoamerikako Federazioa eratu dute eskualdeko garapen industriala bultzatzeko asmoz.
Elkarte enpresarialen eta enpresen arteko elkarlana erraztu nahi du FIMek, eta ordezkaritza lanak egin nazioarteko zein estatu eta nazioetako erakundeekin araudiei, muga-zergei eta inbertsioa sustatzeko neurriei dagokienez. Enpresen nazioartekotzean eta komertzializazioan ere lagundu nahi du, eta berrikuntza teknologikoari bultzada eman enpresen arteko proiektuen bitartez. Formakuntza eta dibulgazio lanek ere rol gakoa izango dute, baita komunikazioak ere, azken hori manufaktura aurreratuaren garrantzia helarazi asmoz.
Chicagon egunotan egiten ari den a IMTS azokan izenpetu dute federazio berria eratzeko hitzarmena. Izan ere, makina-erremintari loturik nazioartean egin ohi den azoka garrantzitsuenetakoa da AEBkoa, eta ekoizle, banatzaile eta profesionalen elkargune.
Federazioa sortzeko hitzarmenarekin batera adostu dira haren estatutuak, atxikitzeko eta kide izateko betebeharrekin. Halaber, Zuzendaritza Batzordea izango du, elkarteko hainbat ordezkarirekin, baita asanblea ere.
Momentuz, AFMtik ez dute zehaztu nor izango den batzorde horretan. Bai, ordea, Argentina, Brasil, Colombia, Mexico eta Portugaleko elkarteetako ordezkariek bat egin dutela federazioarekin.