Enpresak gaur
Aintzane Marauri: "Azpiegitura industrial bat egitean ekoizpen prozesu bera ezagutzen duzu azkenean"
Krean momentu on baten dagoela uste du proiektu arduradunak
Azpiegitura industrialetan pentsatzean kubo formako eraikin grisa etorriko zaio askori burura. Baina azpiegitura horien eraikuntzak baditu bere berezitasunak ohiko eraikinekin konparatuta. Horretan dihardu lanean Aintzane Maraurik, Kreaneko proiektuen arduradunak. Trantsizio handien garaian, baina, bestelako proiektuek ere garrantzia hartzen dute, eta parke fotovoltaikoen eta datuak prozesatzeko zentroen eraikuntza proiektuak ere zuzendu ditu Maraurik.
Zein puntura arte aldatu da azkeneko urteetan Kreanek azpiegiturez eta eraikuntzez zuen ikuspegia garai berrietara egokitzeko?
Betiko bezeroak ditugu, inguruko kooperatibak, adibidez. Baina pixkanaka bezero berriak ere erakartzen ari gara. Lehen nolabait esatearren ingeniaritza txikiagoa ginen, inguruko kooperatibetan eta bestelako bezeroekin lan egiten zuena. Azkeneko urteetan nazioarteko bezeroak, eta oro har handiagoak ere sartu dira. Noski, betikoei zerbitzua ematen jarraitzen dugu. Baina pixkanaka bezero handiagoengana heltzeko asmoari heldu nahi diogu, eta baita lortu ere. Azken urteetan merkatu globalean indar handia duten etxe eta marka batzuekin lanean gabiltzala esan dezakegu. Eta horrek derrigortu gaitu hedatzera, gehiago bidaiatzera... Duela hogei urte, ni sartu nintzenean, proiektu guztiak euskaraz edo gazteleraz ziren. Orain ingelesa ezinbestekoa da.
Trantsizioen garaian murgilduta gaude. Nola eragin du digitalizazioak lan egiteko garaian?
Trantsizio digitalari dagokionez, aldaketa garrantzitsua izan da BIMa eraikuntza informazioa modelatzeko sistemara egindako saltoa. Lehen proiektuak bi dimentsiotan egiten ziren, Autocaden. Orain geroz eta gehiago eskatzen digute proiektuak BIMen izatea, eta lan egiteko modu horretara egokitu behar zara. Jende gaztea dagoeneko ezagutza horrekin ateratzen da, baina dagoeneko lanean ari ginenak horri loturiko formakuntza egin behar izan dugu.
"Betikoei zerbitzua ematen jarraitzen dugu. Baina pixkanaka bezero handiagoengana heltzeko asmoari heldu nahi diogu"
Eta trantsizio-ekologiko eta -energetikoek?
Ingurumenari dagokionez, garrantzia ematen ari dira eraikinak ahalik eta jasangarrien izateari: ahalik eta elektrizitate gutxien kontsumitzea, ahalik eta ur gutxien... Eta horrek bi parte ditu. Batetik, horri loturiko erronka eta xehetasunen azken ordukoak ezagutzen dituzten profilak behar ditugula —ingeniari mekanikoak, elektrikoak...—. Bestetik, ziurtagiri energetikoak lortzeko geroz eta saiakera handiagoak egiten ari direla enpresak. Zabalduenak LEED (amerikarra) eta BREEAM (ingelesa) dira. Bezero asko ziurtagiri bat edo beste lortzen saiatzen ari dira. Merkatu amerikarragoa dutenek LEEDa, eta europarragoa dutenek BREEAMa.
Datu berezi bat ematearren: bankuek, inbertsio berriak egingo dituzten enpresei finantzazioa eskaintzerakoan, zenbat eta eraiki jasangarriagoa eraiki, orduan eta kondizio hobeak eskainiko dizkiete maileguan. Ziurtagiria lortzeaz harago —ziurtagiriaren pegatina izatek kostu bat baitauka—, enpresa gehienek txip aldaketa eginda dute.
Industria-arloko azpiegitura proiektuak kudeatzen dituzu nagusiki, non funtzionalitateak berebiziko garrantzia duen. Baina nola uztartu sormenarekin?
Egia da normalean eraikin politenak izaten direla kiroldegietakoak-eta. Baina azkeneko urteetan geroz eta gehiago ikusten ari gara bezero industrialek, eraikinaren funtzionalitateari ez ezik, garrantzia ematen diotela eraikinaren beraren estetikari. Halako eraikinen adibide bat da Irizarrena, Adunan (Gipuzkoa). Kasu horretan egia da bulegoen eraikina dela, enpresa industriala izanik ere. Beste kasu bat: Orona Ideo (Hernanin, Gipuzkoan). Enpresa industrialak dira, baina bilatzen dute euren eraikinak zerbait berezia izan dezan.
Hori bai: industria eraikitzen dugunean azken baten garrantzitsuena izaten da gauzek funtzionatzea eta ekoizpena ahalik eta handiena izatea.
"Azkeneko urteetan geroz eta gehiago ikusten ari gara bezero industrialek, eraikinaren funtzionalitateari ez ezik, garrantzia ematen diotela eraikinaren beraren estetikari"
Joera aldaketa sumatzen duzue, beraz?
Bai. Nik ingeniaria naizenez beti bilatzen dut gehiago funtzionalitatea. Baina bezeroren batek esan ohi dit: “Ez egin beste kubo bat” [barrez]. Hor arkitektoen laguntza behar dugu, normalean ingeniariek baino sormen handiagoa baitute. Egin behar zenuen horri txapazko estalkia jartzen badiozu, eraikinak beste grazia bat du. Industrialek beti lehenetsiko dute produkzioa, baina koloreekin jokatzen baduzu, eraikinak beste ukitu bat izango du.
Azpiegitura industrialen arloan aritu zara, baita parke fotovoltaikoenean ere. Zein antzekotasun dituzte?
Parke fotovoltaikoak ez du zerikusirik eraikin industrial batekin. Baina adibidez, izapidetzeari dagokionez, antzekotasun handiak daude parke fotovoltaikoa eta azpiegitura industriala egiterako garaian.
Eta zein bereizgarri dituzte azpiegitura industrialek beste eraikin batzuekiko?
Bulegoz beteriko eraikin baten gako dira arkitektura, instalazioak eta abar. Baina eraikin industrial baten ekoizpenak berebiziko garrantzia du. Horregatik, halako eraikin bat egitean ekoizpen prozesu bera ezagutzen duzu azkenean, oinarrizko alderdiak behintzat, batez ere gauzen zergatia ulertzeko. Hori da alderdi politenetako bat. Gaur fundizio bat egiten duzu, bihar makina-erremintako eraikin bat eta abar. Eta denetatik apur bat ikasten duzu.
"Bulegoz beteriko eraikin baten gako dira arkitektura, instalazioak eta abar. Baina eraikin industrial baten ekoizpenak berebiziko garrantzia du"
Datuak prozesatzeko hainbat zentro eraikitzeko proiektuen zuzendaritza ere eraman duzu. Kasu horietan ere funtzionamendua ezagutzea ezinbestekoa da. Ingeniaritza ikuspegitik, zein erronka topatu dituzue halako zentroak eraikitzerakoan?
Datuak prozesatzeko zentroak booma dira Espainian, logistika duela urte batzuk izan bezala. Bi parte dituzte. Batetik, eraikina bera, nolabait beste batzuekiko berdina dena. Bestetik, datuak prozesatzeko zentroaren parte elektrikoa aldatu egin daitekeela bezero batetik bestera. Horrek eskatzen du zentro eta bezero bakoitzaren teknologia bera ezagutzea, eta horretan dabiltza ingeniari elektrikoak, ikasten. Etxe handi baten zentro bat egin nuen Aragoien, lankide batzuk oso garrantzitsua egiten ari dira Arasurren (Araban), eta Garaia Poloan (Arrasate, Gipuzkoa) ere egingo dugu beste bat. Eta Aragoikoan ikasi genuen, Araban ikasten ari gara eta Polo Garaian ere ikasiko dugu, seguru.
Modu zuzenean ez bada ere, profilen integrazioak duen garrantzia azpimarratu duzu behin eta berriroan: ingeniari industrialena, elektrikoena, arkitektoena...
Enkargu bat iristen zaigunean, ez du pertsona bakar batek egiten, ez. Eta diziplina anitzeko taldeak sortzen ditugu, proiektuaren tamainaren eta beharren arabera. Datuak prozesatzeko zentro baten, adibidez, proiektuaren zuzendariaz gain (arkitektoa edo ingeniaria izan ohi dena), azpitik duen taldea dugu, bere gehientasunean arkitektoez osatutakoa, baina baita ingeniari elektrikoez, mekanikoez, egituretan aditu diren pertsonez, obrako teknikariez eta delineatzaileez ere. Halako proiektu handi batek jende eta profil asko behar ditu.
Zein momentutan dago orain Krean?
Une on baten gaude. Lana badugu, bezero askok deitzen gaituzte eta EAEn puntan gabiltza ingeniaritza eta arkitektura sektorean. Espainiar estatuan ere Krean erreferentziazko ingeniaritza dela esango nizuke. Eta orain gure gain hartu beharreko erronka berriekin gabiltza.
"Datuak prozesatzeko zentro baten, adibidez, proiektuaren zuzendariaz gain, azpitik duen taldea dugu, bere gehientasunean arkitektoez osatutakoa, baina baita ingeniari elektrikoez, mekanikoez, egituretan aditu diren pertsonez, obrako teknikariez eta delineatzaileez ere"
Inflazioa eta prezioen gorakada nola ari zarete bizitzen?
Eraikuntza esparruan izugarri igo dira prezioak, %25 edo %30. Horrek esan nahi du duela lau urte inbertsio bat egin nahi zuen bezero batentzat obrak orain %25 edo %30eko kostu gehigarria izango duela. Zuk izan duzun kostu igoerari aurre egiteko normalean bezeroari prezioa igo behar diozu, nahiz eta ahalik eta gehien doitu. Esango nuke, hala ere, zorionez gutxik eten dituztela inbertsioak. Eta interes-tasen igoerak ere eragin digu: nabe bat egin nahi duen bezero batek hura finantzatu behar izaten du gehienetan, eta zenbaitek pentsatu egiten dute.
Etorkizuneko hirietara begira, geroz eta mugimendu gehiagok defendatzen dute bizitzeko espazioa eta lan egiteko espazioa ahalik eta gertuen izan beharko liratekeela, besteak beste, 15 minutuko hiria delakoak. Zein puntura arte lan egiteko modu horrek eragin dezake Kreanek duen lan egiteko moduan?
Madrilen zaila da halako zerbait planteatzea; gure lankideek ordubete behar duten etxetik lanera iristeko. Gipuzkoan baliteke nahiko erraza izatea: Bergarako industria baten lan egiten duen jendearen %80 segur aski Bergarakoa edo ingurukoa izango da. Horrekin batera, Gipuzkoan ez dugu hainbesteko tarterik industria askoz gehiago haz dadin; poligono berriak egiten ari badira ere —Eskuzaitzeta—, ez dago askoz toki gehiago halakoetarako. Lekuz aldatu nahi duten zenbait bezerorekin pasa zaigu gehienezko lekualdatze eremu bat ezartzen digutela. Adibidez, dauden tokitik 30 kilometrora asko jota. Eta hori zaila izaten ari da.