Kortazar, DEKen bulegoetako baten | Argazkia: utzitakoa

ENPRESAK GAUR

Aitor Kortazar: "Durangaldeako Enpresa Ekimenaren erronka bada ikusgarritasuna lortzea eskualdean"

Elkarteak bi urte bete ditu, eta eskualdeko enpresen lehiakortasuna sustatzeko helburuarekin lanean jarraitzen dute, koordinatzaileak azaldu duenaren arabera

Zornotza, Durango, Iurreta, Abadiño, Berriz, Mañaria, Garai, Izurtza, Atxondo, Otxandio, Elorrio eta Zaldibarrek osatzen dute Durangaldea. Eskualdean enpresa jarduerak tradizioz indarra izan du, baina DEK Durangaldeako Enpresa Ekimenak beste bultzada bat eman nahi dio. 2022an sortua, hainbat eragile sozioekonomikok sorturiko egitasmoa da enpresekin lan egiteko, eta Bizkaia Orekan Sakonduz programaren laguntza jasotzen du. Koordinatzailea da Aitor Kortazar. Guztira zortzi lagunek osatzen duten taldea.

Zein errealitate enpresarial bizi du Durangaldeak egun?

Sektore industrialak pisu handia du. Enpleguaren %35 gutxi gorabehera industriatik dator. Alderatzen badugu Euskal Herriko eta Bizkaiko tasekin, nahiko altua da. Horregatik uste dugu ezinbestekoa dela sustapeneko agentzia bat izatea industria hori dinamizatzeko.

Errealitate industrial eta ekonomiko hori bultzatzean zein rol jokatzen du DEKek?

DEK enpresentzako erreferentzia da sustapen ekonomikoari dagokionez. Hori bultzatzen gainera eskualdeko eragile garrantzitsuak daude: Durangaldeako Mankomunitatea, Zornotzako Udala, Azterlan Ikerketa Zentroa eta Durangaldeko Enpresa Elkartea. Horiekin batera hiru formazio-zentro ere badira: Maristak, Iurreta eta Zornotzako LH zentroak. Horregatik uste dugu DEKen koordinazio lana garrantzitsua dela eskualdeko garapen ekonomikoa sustatzeko kolaborazioan, enpresen beharrizanak ezagutu eta beharrizan horiek asetzeko helburuarekin.

Zein momentutan dago DEK?

Duela gutxi sortu zen, 2022an. Orain ibilbide luzea dugu aurretik. Hala ere, hainbat ekintza lantzen ari gara, eta proiektu pila bat dauzkagu martxan jartzeko epe labur eta ertainean. Duela bi urte sortu izanagatik ere, uste dugu enpresen arazoei buruz badugula hausnarketa. Horrek ez du esan nahi enpresekin kohesio hori oraindik gehiago landu behar ez dugunik. Harreman hori gehiago sakondu behar dugu.

"Duela bi urte sortu izanagatik ere, uste dugu enpresen arazoei buruz badugula hausnarketa. Horrek ez du esan nahi enpresekin kohesio hori oraindik gehiago landu behar ez dugunik. Harreman hori gehiago sakondu behar dugu"

DEK sortu arte, ez al zegoen eskualdean halako rola jokatzen zuen eragilerik?

Durangaldeako Mankomunitatearen barruan, Behargintzatik bai egiten ziren hainbat ekintza enpresa eta sustapen ekonomikoko alorrean. Baina ez zegoen eskualdeko erreferentziazko entitaterik.

Zuen lanaren parte bat da enpresei euren digitalizazioan laguntzea. Zein puntutan ikusi dituzue Durangaldeako enpresak digitalizazioari dagokionez?  

Digitalizazioaren inguruan ikusi dugu enpresek beharrizana dutela, eta badakitela digitalizatu behar dutela. Aldiz, ez dakite nondik bideratu edo zein ekintza bultzatu digitalizazioa txertatzeko. Horretarako proiektu bat dugu Bizkaia Oreka Sakonduz programaren barruan —Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako programa, hain zuzen—. Suspertze Digitala izena du, eta proiektu horren bidez digitalizazioa bultzatzen da enpresetan: jardunaldiak egiten ditugu, enpresetara bisitak... Horrekin batera, digitalizazio-planak egiten ditugu enpresentzat. Horren bidez enpresek edukiko dituzte ekintza zehatzak euren eraldaketa digitalean jarraitzeko.

"[Suspertze digitala] proiektuaren bidez digitalizazioa bultzatzen da enpresetan: jardunaldiak egiten ditugu, enpresetara bisitak... Horrekin batera, digitalizazio-planak egiten ditugu enpresentzat"

2024an garatzen ari zarete proiektuetako bat da hiri behatokia. Zergatik jo duzue garrantzitsutzat?

Uste dugu garrantzitsua dela behatokia edukitzea eskualdeko errealitatea hobeto ezagutzeko eta ikusteko zeintzuk diren gaur egungo tendentzia sektorialak, eskualdeko egoera sozioekonomikoa eta enpresen berriak. Era berean, eskualdeko aldagai sozioekonomikoak aztertzeak eta horiei buruzko ezagutza izateak erraztu egiten du erabakiak hartzea. Gainera enpresen berri izatea ere ahalbidetzen du.

Horretarako hainbat informazio iturri aztertzen ditugu —horietako bat EnpresaBIDEA bera izan daiteke—, gure behatokian informazio eguneratua jartzeko.

DEK Durangaldea ekimenaren logoa

Kanpo iturriak aipatu dituzu nagusiki. Eskualdeko eragile sozioekonomikoei —udalei, enpresei...— eginiko inkestekin ere osatzen al duzue behatokia, jakiteko nola ikusten duten Durangaldeako egoera?

Momentuz ez dugu galdetegi bat zehatza behatokia elikatzeko. Baina bai egiten dizkiegula enpresei bisitak euren beharrizanak identifikatzeko eta lan horretatik ere ateratzen dugu informazioa hiri behatokian jartzeko.

Zein erronka ditu Durangaldeak une honetan?

Ditugun erronkak gure helburuekin daude lotuta: enpresen lehiakortasuna hobetzea, eta eskualdean proiektu berriak bideratzea lehiakortasun hori hobetzeko; bertako talentua balioan jartzea talentua eskualdeko enpresetan gera dadin, merkatuaren kohesioa lortzeko eta enpresek behar dituzten profilak betetzeko eskualdeko pertsonen bitartez. Era berean, ekintzailetza sustatzatzeko proiektuak kudeatzeko ere lanean ari gara.

"Ekogarapen gunea etorkizunerako funtsezko proiektua da eskualdeko formazio eta sustapen ekonomikorako. Eraikin horretan jarriko litzateke lanbide heziketa eta formazio unibertsitarioa, eta DEKen instalazioa ere"

Eta DEKek, zehazki?

DEKen erronka bat bada ikusgarritasuna lortzea eskualdean, posizionamendua edukitzea eta hura hobetzea, eta orokorrean, aurreko puntuan aipatu den bera: eskualdeko lehiakortasuna hobetzea.

Bestalde, enpresa eta administrazio publikoaren arteko kolaborazioa sustatzea, diru laguntza eta subentzio programak erabiltzea inbertsioak edo proiektuak bideratzeko eta DEK - Durangaldea Enpresa Ekimena zonaldeko enpresentzat erreferentziazko entitate bat izatea promozio ekonomikoan dira beste erronka batzuk.

Ekogarapen gunea proiektu estrategikotzat lantzen ari zarete. Zein puntutan dago?

Uste dugu etorkizunerako funtsezko proiektua dela eskualdeko formazio eta sustapen ekonomikorako. Proiektua Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta DEK bidez bultzatu da. Eta printzipioz Durangoko gune baten eraikiko da, une honetan deskontaminazio prozesu baten dagoena. Eraikin horretan jarriko litzateke lanbide heziketa eta formazio unibertsitarioa, eta DEKen instalazioa ere, sustapen ekonomikorako. Bertatik hainbat zerbitzu eskaini nahi dira enpresentzat: zerbitzu eta aholkularitza, proiektuen sustapena, coworking espazioa, auditorioa, etab. Une honetan pausoak ematen ari gara aldundiarekin batera. Egin dugu txosten bat eskualdeko formazio beharrizanekin. Eta ari gara txosten hori prestatzen Eusko Jaurlaritzan aurkezteko. Beraz, hainbat pauso ematen ari gara, baina epe luzerako proiektua da.