AJL Ophthalmic eta Zayer enpresa arabarrek esportazioari loturiko sari bana jaso dute
Lehenengoak esportazioaren DHL Atlas Sari Nagusia jaso du; bigarrenak, berriz, esportazio berritzaileenarena
Bi enpresa arabar saritu dituzte DHL Atlas esportazioari loturiko sarietan. Begien osasunari loturiko AJL Ophthalmicek, Miñaoko parke teknologikoan kokatua, Sari Nagusia irabazi du, "euren produktuetan eginiko berrikuntza apustuagatik, eta I+Gari loturiko errekurtso ekonomiko eta giza errekurtsoak lehenesteagatik, medikuntza sektorean erreferente gisa sendotzeko". Bestalde, Gasteizen egoitza duen Zayerrek esportazio berritzaileenaren garaikurra jaso du. Fresatzeko makinak eta mekanizatu zentroak egiten ditu enpresak.
Arabarrekin batera, Toledoko Aceites García De La Cruz eta Madrilgo Futbol Emociones enpresak ere saritu dituzte, esportazio jasangarrienagatik eta ecommerceari lotutakoagatik, hurrenez hurren. Guztira 99 enpresa aurkeztu dira, 194 soluziorekin. Konpainiak esandakoaren arabera, hainbat irizpide hartu dira kontuan irabazleak izendatzeko, hala nola hazkundea, inbertsioa, berrikuntza, jasangarritasuna, edo eredu inklusiboak. Sari honen helburua da Espainiako enpresa txiki eta ertainei aitortzea nazioarte mailan euren produktu eta zerbitzuak esportatzeko egindako esfortzua. 2022ko eta 2023ko esportazioei begira, baikor azaldu da Miguel Borras DHL Expresseko Espainiako arduraduna, eta aurreko hamarkadarekin erkatuz hazkundea "azkarra izango dela aurreikusi du.