Eraikin berria argi naturalari ahalik eta etekin handiena ateratzeko diseinatu da | Argazkia: Alki

ENPRESAK GAUR

Alki kooperatibak lantegi berria ireki du Larresoron

Itsasuko lantegia utzi eta atzo inauguratu zuten Larresoroko espazio berria. 20.000 metro karratu inguru ditu eta Lapurdi barnealdean lanpostu berriak sortu nahi dituzte

Altzariak ekoizten dituen Alki kooperatibak orain arte Itsasun (Lapurdi) zuen lantegia utzi eta Larresoron ireki du egoitza berria. Atzo egin zuten espazio berriaren inaugurazioa. Itsasuko fabrika txiki geratu zaio Lapurdiko kooperatibari eta 2020an lursail berria erosi ostean, 2022an ekin zioten Larresoroko lantegi berria eraikitzeari, Leibar&Seigneurin arkitekto estudioaren eskutik.

Larresoroko Pelen Borda jarduera gunean aurki daiteke ia 20.000 metro karratu dituen espazio berria. 40 urte baino gehiagoko kooperatibak 47 langile ditu egun, eta bere jarduera hedatu nahi du lantegi berriarekin. Azaldu dutenez, Lapurdi barnealdean lanpostu berriak sortzea ere dute helburu.

Halaber, eraikin berria argi naturalari ahalik eta etekin handiena ateratzeko diseinatu da, argi artifiziala noizean behin bakarrik erabiliz, eguzkiaren norabidea eta eraikinaren fatxadetako bao handiak aprobetxatuz.