Ereduak
Anbiolab, teknika molekular berrien laborategia
Biologia molekularra, entsegu genetikoak eta bioinformatika lantzen dituen enpresa bizkaitarra da Anbiolab
Genetika arloan zein ingurumeneko azterketa biomolekularren berrikuntza eta garapenaren aplikazioan Espainiar estatuko lehen enpresa da Anbiolab. 2018an, BIC Bizkaia enpresa inkubagailuan sortutako proiektuak Mikel Aguirre du zuzendari tekniko gisa eta bere esanetan, start-upa baino, aurreko enpresa baten spin offa da Anbiolab. “Anbiotek 30 urte baina gehiago aritu da Euskal Herriko ibai eta urtegietan ingurumen arloko jarraipenak egiten. 2017an, PCR, QPCR eta sekuentziazio masiboa bezalako teknika molekular berriak ingurumen arloan eta uren kalitatea neurtzeko jarraipen metodoetan erabiltzen hasi zirela ikusita, metodo horiek aplikatzen hastea planteatu zuten”, azaldu du.
Anbiotekek, ordea, ez zuen teknika berri horiek aplikatzeko lantalde teknikorik, ezta laborategirik ere. “Badago aldea metodologia klasikoko enpresa izatetik, genetika arloko enpresa izatera”, dio Aguirrek. 2018an, beraz, Joana Hevia-Oruberen eskutik, proiektu berriaren ideia garatzen hasi ziren. Hark Aguirreren unibertsitate berean egin zuen doktoretza. Aguirrek bere tesia bukatu eta hurrengo egunean hasi zen proiektuan lanean.
Anbiolabek teknika genetiko eta bioinformatikaren bidez, ingurumenean ematen diren joerak aztertzen ditu, eta egindako ikerketetan erregistratutako datuekin aurreikuspenak egiten dituzte
Egun, Anbiolabek hainbat teknika genetiko eta bioinformatikaren bidez, ingurumenean ematen diren joerak aztertzen ditu, eta garatutako ikerketetan erregistratutako datuekin aurreikuspenak egiten dituzte. Halaber, bezeroei aholkularitza eskaintzen die azterketa tekniko-zientifikoaren fase guztietan, hau da, laginak jasotzetik, datuen prozesatze, analisi eta interpretazioraino. “Sekuentziazio masiboaren bidez, kutsatutako lursail bat aztertzen dugu. Lur horri zer tratamendu eman behar zaion eta zer modutara bioestimulatu daitekeen aztertzen dugu, hau da, bakteria komunitate batean, biorremediazioa aplikatzen saiatzen gara”. Bioerremediazioa, finean, lursail bateko kutsagarri eta toxinak kanporatzean datza.
COVID-19 birusaren jarraipena hondakin-uretan
Beste hainbat proiekturen artean, nabarmentzekoa da Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoarekin elkarlanean gauzatutakoa. COVID-19aren birusa detektatzeko hondakin-uren laginak aztertzen dituzte. “Pandemia, krisia baino, sekulako aukera izan da guretzat”, azaldu du Aguirrek. Bere hitzetan, proiektu horrek eman zuen ezagutzera Anbiolab. “Galindoko hondakin-uren araztegian hasi ginen, eta gerora, beste zenbait lekuetara hedatzen joan gara, hala nola, Gernika edo Galdakaora. Enpresaren ibilbidean inflexio puntua izan zen proiektu hori”.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako ingurumen sailarekin batera, espezie inbaditzaile zein desagertzeko arriskuan daudenak babesteko zenbait proiektu ere jarri dituzte abian. “Biodibertsitate arloko proiektuak dira. Ur eta ibaien kalitatea bermatzeko oinarrizkoak diren zenbait espezie desagertzen ari dira kutsadura dela eta, hemengo karramarroa, adibidez. Europatik espezie horiek babesteko jarraipen zorrotzagoak egiteko eskatzen hasi dira”, nabarmendu du Aguirrek.
Eusko Jaurlaritzako ingurumen sailarekin batera, espezie inbaditzaile zein desagertzeko arriskuan daudenak babesteko zenbait proiektu ere jarri dituzte abian
“Makro-ornogabeen inguruko proiektuak ere gauzatu ditugu”, azpimarratu du zuzendari teknikoak. “Zomorro taldeak dira makro-ornogabeak. Komunitate jakin batean baldin badaude, bertako ura osasuntsu dagoen edo, zehazki, zer egoeratan aurkitzen den jakin dezakezu”.
Bioinformatika aplikatuz
Bioinformatika ere jorratzen dute Anbiolaben. “Urteak pasa ahala, biologiako datu baseetan datu metaketa handiegia egon da, eta egun, ezin da garai bateko metodo tradizionalekin lan egin. Informatika aplikatu beharra dago datu baseetan interesatzen zaizun informazioa eskuratzeko”, azaldu du Aguirrek. Hein berean, egun programa informatikoak erabili edota zure propioa sortu behar dela iritzi dio. Finean, bioinformatika biologiarekin lotutako datu masiboekin lan egitea dela dio.
Mikel Aguirre: Gaur egun, ezin da garai bateko metodo tradizionalekin lan egin. Informatika aplikatu beharra dago datu baseetan interesatzen zaizun informazioa eskuratzeko”
Ildo horretan, Neotec izeneko proiektuan dihardute lanean Anbiolabeko langileak. Bakteria komunitateak aztertzeko programa informatiko bat sortzea du helburu proiektuak, hala, lursail baten egoera aztertu eta bertako kutsadura eta toxinak desagerrarazteko. Bestalde, Europar Batasuneko Life programaren bidez, urtegietan edota kontsumitzen den uretan bakteria toxikoak detektatzeko alerta goiztiarreko sistema bat ezarri nahi dute.