Harago Aholkularitzaren sortzaileetako bat da Erasun | Argazkia: Idoia Telleria Maritxalar

ENPRESAK GAUR

Aran Erasun: "Eredu parte-hartzaileagoak elikatu nahi dituzten horiei laguntzen gabiltza"

Harago Aholkularitzan proiektu, pertsona eta inguruarentzat onuragarriagoak diren kultura organizatiboak garatzen dabiltzatenei bidea errazten diete, pertsonak zein lantaldeak gaituz

Enara Izagirre Arrizabalagak eta Aran Erasun Urtzelaietak eskualde beretik ezagutzen zuten elkar, hainbat mugimendu sozialetatik, alegia. Coaching ikasketek eraldaketa pertsonalaren bidean murgildu zituzten, biak amatasun fasean zeuden, eta eraldaketa soziala eta pertsonala lotzen dituen leku horretan topatu dute berriro ere elkar. Lehenik, askotariko proiektuetan kolaboratzen (enpresen bidelaguntzan eta formakuntzan) hasi ziren, eta gero lankide egin eta orain bazkide gisa aritzen dira. Enpresak, antolakundeak eta ingurua eraldatzeko duten nahiak eta bizitza bizigarriagoak indartzeko desioak elkartzen ditu.

Horrela, ingurua eraldatu nahi duen irabazi asmorik gabeko kooperatiba sortu dute: Harago Aholkularitza. Horretarako, enpresa eta antolakunde parekideak laguntzeko ekarpena egiten dute, kultura organizatibo bizigarri eta lidergo osoagoak lagunduz, bidelaguntza, formakuntza eta garapenerako coachingaren bidez.

Nola garatu duzue barne eraldaketa prozesua?

Fase honetan, gure eraldaketa hartu dugun forma juridikoa da, besteak beste. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba gisa eratu gara, hain zuzen ere, gure misioaren, zereginaren ikuspegi sozial horrekin lotuago ikusten dugulako, eta gure lanaren jabe izatea berak ere zentzua duelako. Gure lanaren jabe garen emakume ekintzaileak gara. Ikasi dugunetik, bizi izan dugunetik, esperientzia horretatik egiten dugu lan.

Badira laguntza ekonomikoak horrelako kooperatiba edo proiektu bat aurrera eramateko?

Guk Elkarlanetik laguntza izan dugu kooperatiba sortzeko, oso zehatza eta pauso bakoitza segurtasun gehiagoz egitea erraztu diguna. Era berean, OlatuKoopen baitan biltzen diren ekonomia sozial eraldatzaileko eragileen aldetik ere erabakiak hartzeko baliabide eta laguntzak izan ditugu. Guretzat oso garrantzitsua da interkooperazio ekosistema hau, ikuspegi feministan dihardugun emakume kooperatiba eta elkarteak ere Larrutik sarea gabiltza garatzen.

Erasun, Enara Izagirre Arrizabalaga bazkidearekin | Argazkia: Oihana Marco (slwphotography)

Zein da zuen balio-proposamena?

Kultura organizatibo bizigarriak bilatzen dituzten enpresa eta arduradunei lidergo ereduetan gogoeta egiteko prozesuak eskaintzen dizkiegu; pertsona eta lantaldeekin komunikazio eta talde lan eraginkorrerako formakuntzak errazten ditugu, eta talde osasuntsuetarako gakoak eta emakumeen ahalduntzea laguntzen duten espazioak eskaini. Boterea modu onuragarrian erabiltzeko trebakuntza eta banakako garapen prozesuak ere eskaintzen ditugu.

Zertan ari zarete orain?

Oraintxe gure ekarpena (aholkularitzatik, bidelaguntzatik eta trebakuntzatik) zein modutan den eraginkor bilatzen gabiltza. Elkarrekin lanean dihardugun zazpi urteotan izan dugun esperientzia enpresetan, harremanaren eremuan, lantaldeetako gatazkekin lotuta, emakumeen ahalduntzea edota pertsonen garapenaren ikasketa izan da guretzat, eskoletan erakutsi ez digutena. Beraz, esperientzia hori ekarpen bilakatzeko lanean gabiltza.

Aran Erasun: "Kultura organizatibo bizigarriak bilatzen dituzten enpresa eta arduradunei lidergo ereduak gogoeta egiteko prozesuak eskaintzen dizkiegu"

Beraz, nolakoa da egunerokotasuna Haragon?

Elkarrizketa da gure pentsatzeko modua, eta galdera asko egiten dizkiogu geure buruari. Fokua enpresa eta antolakunde desberdinetan jarrita dugu, eta Hernaniko bulegoan egiten ditugun aholkularitza eta trebakuntza saioez gain, hainbat enpresetan aritzen gara, batzuetan banaka, besteetan elkarrekin.

Bizitzarekin konektatuago dauden ereduak aipatzen dituzue. Bada gizartearen aldarrikapena, baina nola uztartu hori lehiakortasunarekin?

Zeregina pertsonaren aurretik jartzen duen eredutik bestelako oreka baten bilaketan gabiltza egungo abagunean. Enpresetan eta antolakundeetan ez du denak balio jada, eta gazte talentua ere ez dute erakartzen iraungitako ereduek. Mondragon Unibertsitateko Bateratzen proiektuko ikerketak, esate baterako, pertsonen ongizatea eta erakundeen errendimendua nola lotzen diren aztertzen du, eta adierazten du pertsonak berari dagozkion lanekin loturiko erabakiak hartzeak eragin zuzena duela bere konpromiso eta motibazio mailan. Faktoreak dira, ez bakarrak noski, eta horrek emaitzetan, lehiakortasunean eta eraginkortasunean eragin zuzena du.

Argazkia: Oihana Marco (slwphotography)

Zein beste erronka dituzte kultura organizatiboek?

Kontuan hartu behar dugu nola lotzen diren pertsonak bere lanera, aldaketa iraunkor eta ziurgabetasun testuinguru honetan bereziki, eta honi erantzuteko ezinbestekoa da, batetik, berrikuntza ikuspegia eta praktika, eta, bestetik, lantalde eta antolakundeetan pertsonen arteko harremanei arreta jartzea, lan ekosistema onuragarriagoak indartuz.

Alde horretatik, gure ekarpena bereziki lotuta dago honek guztiak eskatzen duen lidergoaren inguruko gogoetan laguntzen (zein dagoen orain, zer sinismen dauden enpresa-kulturan jada berritzea behar dutenak, etab.) eta, hain zuzen ere, berritu edo aldatu nahi den horretarako pertsonak eta lantaldeak prestatzea da gure zeregina, bai formakuntzaren bidez, bai garapenerako bidelaguntzaren bidez. Gure antolakundeak aldatu behar ditugu, pertsonak ere aldatzen bagara. Eta aldaketak emateko ez da nahikoa organigramak edo antolaketa ereduak berrizendatzea, inurri lana egin behar da.

"Zeregina pertsonaren aurretik jartzen duen eredutik bestelako oreka baten bilaketan gabiltza. Enpresetan ez du denak balio jada, eta gazte talentua ere ez dute erakartzen iraungitako ereduek"

Zer eskatzen du lidergo eredu berriak?

Indarrean egon diren lidergo moduek garai batzuetako erronkei heldu diete, maskulinitate hegemonikoekin loturiko ezaugarriei erantzun diete neurri handi batean, eta balio batzuk edo ezaugarri batzuk galdu dira, ez zaie baliorik eman izan; hala nola pertsonekin aritzeko trebeziak. Iraungi dira jada soilik ekintzailetasun, erabakikortasun edo aginterako gaitasunean indartu diren ereduak, eta garaiotako enpresa eta antolakundeen erronkek lidergo gaitasun hauek osatzea eskatzen dute, elkar eragina ikustetik lantaldeen potentzialtasuna askatzen dakiten begiradekin. Guk kultura organizatiboen alde horiek lantzen ditugu, pertsonak ikuspegi horretan gaituz.

Argazkia: Oihana Marcorena

Erakundeetako talde lanari dagokionez, nola eraldatu da?

Orain arte nagusitu izan diren ereduetan ez da talde lanik egon. Bilerak egiteari talde lana deitzen diogu, baina horrek ez du lana bermatzen. Potentzial asko dago askatzeko, eta horri baldintzak jarri behar zaizkio. Talde eraginkor batean aritu denak badaki zertaz ari garen; elkarrekin egiten duguna batuketa baino askoz gehiago dela sumatzen dugunean, zer giro, zer elkar laguntza, zer espero dezakegun besteez, zer asebetetze sentsazio ditugun, zailtasunei aurre egiteko babes eta sostengua, erronkei soluzio berriak topatzeko grina, bat izatearen sentimendua… Orduan dakigu zer den talde lan potente bat.

Gu eredu parte-hartzaileagoak elikatu nahi dituzten horiei laguntzen gabiltza; hau da, autogestiorantz doazen kultura organizatiboak, kooperatibak, pertsonak eta talde lana, ideiaz harago praktika bilakatu nahi dituztenak.

Genero begiradak hitz egindako guztiak zein ekarpen egin dezake?

Berdintasun planek eta nazioarte mailan parekidetasun politikek egiturazko aldagai batzuei erantzun diete; kuotak, erantzunkidetasuna, besteak beste. Ezinbestekoak dira, oraindik behar ditugu errealitate baztertzaile hauek eraldatzeko, baina agerikoak ez diren alde anitzei erantzun behar diegu oraindik, kulturalak direnak; hala nola, zer ekarpen eta talenturi ematen zaien balioa eta prestigioa, zer testuinguruk laguntzen duen emakumeen parte-hartzea, zer komunikazio molde erabiltzen diren (sexismo sotilak eta ez hain sotilak), gatazkei zer leku ematen zaien, boterea nola erabiltzen den... Horiek guztiek eragina dute emakumeon ekarpenari ongietorria ematerako orduan. Eta ez dugu ahantzi behar jasan dugun sozializazio bortitz honek ere zer eragin psikologiko eta emozional izan dituen emakumeongan; adibidez, segurtasun falta, ez nahiko izatearen sentimenduarekin lotzen diren sindrome horiek, ezikusiak izatea, gehiago “emateko” beharra… Ahalduntzea oraindik bide dugu, eta honek testuinguru seguruak eskatzen ditu, hortik ere eraldatzen ditugu botere harremanak.