Hitz bitan
Artola: "Bizitza oso serioa da, baina marrazkiekin egiteak ez dio seriotasunik kentzen"
Pentsamendu bisualak enpresen eta norberaren konplexutasuna ulertzeko duten indarra nabarmendu du Muxote potolo bat enpresako arduradunak
Mundua aldatzeko bere betiko nahiari eutsiz, Miryam Artola Dendaluceren bideak Muxote potolo bat enpresa sortu eta martxan jartzera eraman zuen duela urte batzuk. Hala bihurtu zen erraztzaile bisual. Muxote bere irudi bitartezko alter egoak hamaika urte inguru bete dituen urte honetan, bete-betean murgilduta dabil datorren astean Bilbon egingo den Visual Thinking Global Summit delakoa antolatzen. Lau eguneko ekitaldia aitzaki hartuta, EnpresaBIDEArekin bildu da pentsamendu bisualaz, bere ibilbideaz, enpresez eta abarrez hitz egiteko.
Zer da visual thinkinga?
Hitzak berak esan nahi duena da pentsamendu bisuala. Nik pixka bat harago eramaten dut, eta hizkuntza bisuala bezala jorratzen dut. Funtsean, hizkuntza bat da, non marrazkiak eta hitzak erabiliz lortzen den irudi bakar baten behin betiko sintesia, izan ideia batena, proiektu batena, momentu batena, elkarrizketa batena edo bilera batena. Oso argi esanda: egitura eta sintesia ematen du; bidea egiten du, hitzen eta irudien bitartez. Baina azken baten hizkuntza bat da, bestelakoa, jendeak gauzak esateko eta kontatzeko. Era berean, irudiak hori garatzen duten pertsonen arteko konexioak ere ematen dizkigu. Komunikazioa ere bada, barrura eta kanpora. Eta, nire hurbilpenetik, hizkuntza honek egiten duena da mugiarazi. Nire buruarekin konexioa badut, errazagoa da norabide bat hartzea denok elkarrekin, enpresa edo talde gisa. Horregatik hizkuntza oso-oso indartsua da.
Non du sorrera berez?
Diziplina nahiko gaztea da. Psikologia mundutik dator. Ondoren enpresa munduan izan du garapen gehiago, batez ere AEBtako California aldean. Guk geure buruari visual practitioners izena jarri diogu, euskaraz erraztzaile bisualak-edo litzatekeena. Sektore oso zabala da: zenbaitek ikuspuntu ilustratzaileagoa dute; besteok, berriz, aholkularitzako ikuspuntu nabariagoa dugu. Eta nire kasuan, nire ibilbide profesionalagatik, talde, enpresa eta pertsonekin lan egiteko hizkuntza bihurtu dut.
"Pentsamendu bisualak egitura eta sintesia ematen du; bidea egiten du, hitzen eta irudien bitartez. Baina azken baten hizkuntza bat da, bestelakoa, jendeak gauzak esateko eta kontatzeko"
Nola iristen zara zu mundu honetara?
Ikastaroetan-eta, sei puntu azaldu ohi ditut ulertzeko zergatik bideratu dudan nire ibilbide profesionala hortik. Lehenengoak, haurtzaroarekin du zerikusia. Ni Tolosan (Gipuzkoan) jaioa naiz, emakumea, etxeko txikiena. Txiki-txikitatik oso isila nintzen, eta sentitzen nituenak eta pasatzen zitzaizkidanak kontatzeko poesia idazten nuen, marrazkiak egiten nituen... Nire burua espresatzeko modu bezala ulertzen nituen. Hor dago hasiera.
Bigarrena, enpresaritza ikasi nuen, eta garai hartan marrazteari utzi nion. Ni ez nator arte ederren mundutik; ez naiz diseinatzailea edo ilustratzailea. Enpresaritza ikasteak egitura eman dit. Visual thinkingean zatirik zailena thinkinga edo pentsamenduaren arlo hori da. Eta karrera hori ikasteak eman zidan sintesia, egitura, ordena, plangintza. Excel hemisferioa, edo hemisferio arrazionalago hori garatzea. Honetan guztian, visual thinkingaz ez nuen ideiarik ere.
Hortik lan mundura egin zenuen salto.
Nik txiki-txikitatik mundua aldatu nahi nuen. Horregatik, enpresaritza ikasita ere, GKEn bidetik ekin nion. Karrera amaituta, Mexikora joan nintzen. Han unibertsitatean egiten nuen lan, baina batez ere kaleko umeekin aritzen nintzen, giza baliabidetako arduradun gisa, erakunde baten. Kalekume horiek erakundeko langile ere baziren, eta oro har liskarrak izaten zituzten lan munduan, euren egoera zela eta. Niri egokitzen zitzaidan askotan hori nolabait kudeatzea. Horretarako, ez dakit zergatik, beti orriak izaten nituen —eta izan ditut— mahai gainean, ideiak idazteko. Beraiek asko erabiltzen zuten beraien haserre eta agresibitatea adierazteko. Hortik elkarrizketa sortzen genuen. Mexikotik, gainera, kolorea ere ekarri nuen. Eta pentsamendu bisualean koloreak garrantzia handia du, ez bakarrik estetika aldetik; koloreak fokua edo testura ematen dizu.
Zergatik diozu Mexikotik ekarri zenuela kolorea?
Tolosarra izanik, kolore grisagoak, ilunagoak... erabiltzeko ohitura nuen. Baina Mexiko da koloreen mundua. Ikusi Coco. Egia da nire ibilbidearen inguruko narratiba sortu dudala, eta nire bidetik eramaten dudala. Baina azken baten nik historiak kontatzen ditut, begiz ikus daitezkeenak. Enpresekin ere narratiba bisualak sortzen ditut, plan estrategiko batean, edo lan gatazka batean.
"Egia da nire ibilbidearen inguruko narratiba sortu dudala, eta nire bidetik eramaten dudala. Baina azken baten nik historiak kontatzen ditut, begiz ikus daitezkeenak"
Mexiko ondoren, zer?
Hori laugarren puntua da. Alboan gobernuz kanpoko erakundean lan egiten aritu nintzen 12 urtez, nazioarteko elkarlaneko proiektuen koordinatzaile, munduko toki askotan. Proiektu hauetan pentsatu behar duzu zein den egoera —AMIA—, zer lortu nahi duzun definitu, eta bidea egin —plangintza—. Baina garrantzitsua da tokian-tokian pentsatzea, tokian tokiko eragileekin. Nire lanetako bat zen laguntzea nire taldekideei prozesu zailenetan, eta horretarako paperetan islatzen nituen ideiak.
Beraz, galdetzen didatenean noiz hasi nintzen visual thinkingarekin, ofizialki beranduago hasi nintzen. Baina berez betidanik egin dut. Gainera, kontuan izan behar da Indiako jendearekin edo Kongoko jendearekin lan egiten duzunean, kulturalki desberdintasun handiak daudela, baita hizkuntza aldetik ere. Inork ez du lan egiten bere hizkuntzan proiektu hauetan, normalean ingelesa erabiltzen baita. Aldiz, modu bisualean lan egiten duzunean, bestelako elkar ulertzea izaten duzu, oso argia. Sinplea egiteak, argitasuna ematen dizu, baina sakontasuna ere.
Zer esan nahi duzu sinple egiteak sakontasuna ere ematen dizula diozunean?
Hizkuntza bisualak duen bertuteetako bat da burua egituratzen laguntzen digula, oso modu naturalean eta figura geometriko errazekin, errotulagailu bitartez. Eskemak dira, azken batean. Hori nola egiten da? Nire bizitzan korapilo bat badut barnean, eta plano fisiko batera eramaten badut, gai naiz identifikatzeko non dauden korapilo lodienak, horiek askatzen joateko. Hori egiten badut soilik burua erabiliz, korapiloa ez da hain erraz askatzen, ezta hitz bitartez ere. Hizkuntza bisualarekin, ordea, oso modu sinplean ikus dezakegu non gauden eta non egon daitezkeen hurrengo puntuak.
Esan ohi da memorian geratzen zaigula entzuten dugunaren % 10, irakurtzen dugunaren % 20 eta ikusten dugunaren % 80. Ni enpresa bat banaiz, eta hiru mezu oso argi utzi nahi badizkiet nire langileei edo merkatuari edo nire buruari datorren bilerarako, begiz ikusteko moduan jartzen baditut askoz ere aukera gehiago dauzkat taldeak edo inguruak hori gogoratu dezan. Horrek ere konplexutasuna jaisten du. Horregatik diot bi puntu edo lau bola jartzeak ez duela esan nahi horren atzean konplexutasunik ez dagoenik. Eta aldi berean konplexutasun hori ulertzeko bide bat zabaltzen dugu.
Horri, gainera, nik emozioen arloa gehitzen diot. Modu bisualean adieraztean, konexio emozionala dago (batzuen kasuan, behintzat). Ez da neutroa. Ni enpresa batekin lanean ari naizenean, hor konexio asko dago.
Nola jaio zen Muxote?
Nire urtebetetzea urtarrilaren 26a da, eta niri asko gustatzen zait nire urtebetetzea —urteekin are gehiago—. 2011an, Alboan lanean ari nintzela, Perun nengoen bidaia baten egun horretan, eta jendeari eskertu nahi nion nitaz gogoratu izana, baina ez nuen denbora askorik. Egun horretan, paperean, nire burua marraztu nuen, oso modu sinplean. Hor sortu zen Muxoteren irudia, eta bat-batean, nire burua marraztuta ikusi nuen. Egun horretatik aurrera hasi nintzen erabiltzen marrazki hori kontatzeko non eta nola nengoen. Hor hasi zen Muxote. Horrek hartu zuen indar pixka bat, eta enpresa sortu nuen.
"Galdetzen didatenean noiz hasi nintzen visual thinkingarekin, ofizialki beranduago hasi nintzen. Baina berez betidanik egin dut"
Lana utzi zenuen segituan?
Hasiera baten Alboanen jarraitu nuen, baina enpresaren dinamikan pertsona bat kontratatu nuen, eta hori indarra hartzen hasi zen, diseinuak eta abar egiteko. Azkenean erre egin nintzen, eta urte sabatikoa hartu nuen Alboanen. Bostonera joan nintzen, eta pertsona zoragarri batzuk topatu nituen. Hor hasi nintzen bilatzen zein konexio zegoen Muxoteren eguneroko marrazkiarekin, eta Alboanen egiten nuen lanarekin, ordura arte nire bi narratibak separatuak nituelako. Hala, artikulu bat lantzen hasi nintzen, ondoren liburu bilakatuko zena. Eta hor deskubritu nuen diziplina bat zela, visual thinking izenekoa. Hori guztia 2013an izan zen. 40 urte nituen. Nik beti diot nire bokazioa 40 urterekin topatu nuela. Ez dakit berandu den edo ez.
Topatu zenuen, behintzat.
Topatu ondoren, Alboanen jarraitu nuen apur baten, baina nire aita hil zen —ama lehenago hila zen—, eta bizitzak hortik eraman ninduen. 2016an enpresan hasi nintzen jardunaldi osoz, galerak zituen enpresa baten, nire lan finkoa utzita. Hala hasi nintzen nire burua visual thinker bezala ikusten. Bestela esanda, konturatu nintzen hori zela nik munduari eskaini niezaiokeen ekarpena. Hizkuntza bat erabili, argitasuna irabazteko eta jendea hobeto egon dadin.
Hala ere, formatu behar izan zenuen.
Bai. Baina bi minutu besterik ez. Ez dago pentsamendu bisualari lotutako formakuntza arauturik munduan. Zenbait pertsona daude zerbait proposatzen dutenak, eta nik ikastaro txikiak egin ditut haiekin. Edozein kasutan, sektorea ezagutzeko kanpora jo nuen. Eta formakuntza etorri zitzaidan enpresaritzan eta esperientzian. Ondoren, horrekin nire proposamena eskaini nion sektoreari.
"Nik beti diot nire bokazioa 40 urterekin topatu nuela. Ez dakit berandu den edo ez"
Hasi zinenean, segur aski Euskal Herrian ez zegoen sektore honetan ari zen jende asko. Nola egin behar izan zenion aurre horri?
Nik zorte handia izan dut. Ez dut aterik jo oraindik; jendeak deitu egin nau, eta oro har ondo joan zait. Egia da lehenengotarikoa naizela. Baina visual thinkingaren munduan denetarik dago, eta nik nire proposamena dut. Zenbaitetan jotzen da asko ilustrazioaren aldera; nire proposamena da gehiago ordenatzea eta pentsatzea. Edozein kasutan, kontratatzen nauten enpresak zabalik daude eta soft skills deritzonak garatuagoak dituzte, orokorrean. Eta normalean ondoren ikusten dute balioa.
Esan duzu nolabaiteko eskema dela azken baten irudia. Horrek profil askok onartu dezakete. Baina aipatu duzun alderdi emozionala mahai-gainean jartzea, enpresa motaren edo profil motaren arabera, zailagoa izan daiteke. Mesfidantzarekin egin duzu topo?
Oso zabalduta dago “lanean, emozioak kanpo” esaldia. Hori ezinezkoa da. Enpresak pertsonek sortzen ditugu, eta pertsonak emozioz josita gaude. Eutsitako emozioa ere, emozioa da. Hizkuntza bisualak badu zerbait konektatzen gaituena marrazkiarekin, eta haur gineneko garaiarekin. Eta marrazteari uzten diogunean —gehienok uzten diogulako marrazteari—, egiten dugu lotsagatik, edo ez delako serioa. Eskolan ere seriotzat jotzen dira irakurketa, matematika... Bestea, plastikaren munduan geratzen da, alde batera bezala.
Pentsa: enpresetara noanean, zuzendaritza batzordearekin egin ohi dut lanketa askotan, plan estrategikoan laguntzeko, esaterako. Nire maletatxoarekin iritsi ohi naiz, errotulagailuekin, eta gainera nire enpresak izena du Muxote potolo bat, eta ni emakumea naiz. Alegia, osagai guztiak ditut jendeak arraro begiratzeko, batez ere euren burua seriotzat duten pertsonek. Hori da topatu ohi dudan oztopo nagusia. Baina lanean hasten naizenean, hizkuntza ikusita, barrerak jaisten dira nolabait. Bizitza oso serio hartu behar dugu, baina marrazkiekin egiteak ez dio seriotasunik kentzen.
Plangintza estrategikoa egitea ondo dago, baina nola erakartzen duzu jendea balio edo estrategia horrekin? Pertsonak erakarrita sentitzeko ideia argiak behar ditugu, baina era berean gure emozioen alderdian eta gu garen horretan zerbait sentitu behar dugu. Hizkuntza bisualak hori ahalbidetzen du. Honetan irmoki sinesten dut. Eta ez da oso ortodoxoa.
"Oso zabalduta dago “lanean, emozioak kanpo” esaldia. Hori ezinezkoa da. Enpresak pertsonek sortzen ditugu, eta pertsonak emozioz josita gaude"
Lan finkoa alde batera utzi, eta zure enpresan hastea ere ez zen erraza izango.
Eraldaketak arriskuak hartzea eskatu zuen. Azken baten, galerak zituen enpresak eta nik soldata jaso behar nuen, autonomoa izanda ere. Baina konfiantza dut egiten dudan horretan, eta ikusten dut zein baliagarria den. Sektore berri bat da, barrera asko ditu, baina era berean zentzua du, enpresari eta munduari zerbait eskaintzen diolako. Orduan, gai naiz konfiantzari eusteko, nahiz eta garai zailak izan. Ondoren oso ondo joan zitzaidan, eta pandemiarekin berriro gauzak ez dira ondo joan. Bestalde, zergatik doaz enpresa batzuk ondo eta beste batzuk ez? Loturak eta konexioak ezinbestekoak dira. Bestalde, nik egon behar dut ikusten zein izan daitekeen egin dezakegun ekarpena gure proposamenetik. Eta ikara alde batera utzi.
Aipatu duzun konfiantza hori izan zen faktore bat zure negoziora salto egiteko?
Bai. Urte batzuk pasa dira, baina esango nuke banuela konfiantza nigan, eta bizitzan ere. Esango dudan hau sakona da, baina mundua zure aurrean duzu une batean, eta dagoeneko ez duzu inor eusten dizunik. Nire kasuan, aitaren heriotzak, umezurtz utzi ninduen, nahiz eta heldua izan. Une horretan izan zen: “egin nahi baduzu, egin ezazu”. Eta nolabait posizioa hartzen duzu. Gogoratu: isila nintzen, eta nire laugarren abizena Segurola da, eta halakoa izan naiz. Baina askotan da askatzea eta aurrera egitea. Dena itxia izan nahi bada, ez ezazu enpresa bat sortu, ezta ikara duen pertsona bazara edo kostatzen bazaizu galerak eta ez jakintasuna jasateko.
Zer da egun Muxote potolo bat?
Enpresa bat, saiatzen dena konexioak sortzen eta sortarazten, komunikazio hizkuntza garatzen eta pertsonengana eta enpresetara eramaten. Eta hori guztia mugimendua sortzeko, gauzak aldatzeko, jendeak bat egiteko. Gainera, badu espazioak zaintzeari lotutako alderdia, zaindu egin behar baitira. Zaintza hori ez da ortodoxoa enpresa munduan. Eta zaintzaz ari naizenean, ari naiz bezeroekin harremanaz eta ni naizenaz.
Gogoratzen dut enpresaritza ikasten ari ginenean esaten zigutela norberaren harremantzeko moduak ezin zuela berdina izan lehendakariarekin, zuzendariarekin edo langileekin. Agian ez, baina nik pertsona bera izaten jarraitzen dut testuinguru horietan guztietan. Eta hori ere garrantzitsua izan da niretzat.
"Enpresaritza ikasten ari ginenean esaten ziguten norberaren harremantzeko moduak ezin zuela berdina izan lehendakariarekin, zuzendariarekin edo langileekin. Agian ez, baina nik pertsona bera izaten jarraitzen dut"
Muxote sortzeak zer ekarri dio Miryam profesionalari eta pertsonalari?
Integrazioa, eta koherentzia. Beti diot: enpresa itxiko balitz, Muxoteren eguneroko marrazki hori da nirekin eta munduarekin konexioa egiten duen zerbait. Marrazki horrek zentzua du per se. Eguneroko marrazki horrek ez dit dirurik ematen.
Era berean, egin dut horretatik nire ibilbide profesionala. Enpresaritza ikasi nuenean, inoiz ez zitzaidan burutik pasa enpresa bat sortzea. Iruditzen zitzaidan zaila zela, eta hori ez zela niretzat. Aldiz, hau sortuta, lehen esan bezala, topatu dut munduarekiko egiten dudan ekarpena. Edozein kasutan, kasu honetan ere ezin banandu pertsonala edo profesionala. Ni bezero batekin nagoenean, bezeroarekin nago. Eta idazten didanean Muxoteren marrazkiengatik norbaitek, berarekin nago.
Zein erronka ditu egun enpresak?
Denak. Ni oso kontziente naiz gure sektorea egoera ekonomikoaren gainean surfean ari dela. Eskaintzen dudana ez dira lehengaiak edo premia-premiazko elementuak. Izan beharko lukete. Baina aurrekontu bat murrizten denean, kentzen dituzten lehenengo gauzak horrelakoak dira. Nire bezero guztiak daude berrasmatze prozesu baten murgilduta. Eta hori niri ere gertatzen zait, baina abantaila batekin: dena egiteke dagoela. Erronka da gai izatea entzuteko zer gertatzen ari den, eta egokitzeko. Erronka da nire enpresaren fluxu eta muskulu ekonomikoak mantentzeko.
Egoera dagoen bezala ikusita, bi jarrera posible daude: ikararekin jokatzea eta lerroak estutzea; edo ezjakintasuna izanik ere, prestatzeko jarrera hartzea, minimoak bermatuz. Nire enpresa oso txikia da, onerako eta txarrerako. Oso malgua da, eta zerbait gertatuko balitz, nik estaldura dut langileekin betebeharrak betetzeko —hiru dira une honetan, eta hainbat kolaboratzaile—. Eta era berean, txikia denez, ez dut kapital fluxu handirik ere. Eta berriro konfiantza hitza ateratzen zait. Esaten dute historiako atzeraldi ekonomikorik okerrena datorrela. Baina nik asko sinesten dut jendearengan eta jendearen sormenarengan. Egingo dugu zerbait. .
Aurreko galderan esan duzu hizkuntza bisuala ez dela premia-premiazkoa, baina izan beharko lukeela. Zergatik uste duzu?
Ez da premiazkoa azken baten enpresa mugitzen duten hazkundea produkzioarekin lotua delako, eta hau ez dago zuzenki horrekin lotuta. Hau dago lotua talde giroarekin, argitasunarekin, identitatearekin. Ez da eskua, baina besoko artikulazio bat da. Une honetan eskuak behar dituzu, piezak ateratzeko. Eta diru gutxi badago, ez duzu eskutik kenduko, artikulazioa apur bat motelagoa izatea lehenetsiko duzu. Baina kontuz ibili behar zara, artikulazioa gehiegi jartzen baduzu kolokan, eskua berdin-berdin eroriko zaizulako seguru asko. Egia da premiazkoa benetan dela produkzioa ateratzea, balantza bat etortzea, saltzea. Baina berriro diot, kontuz: enpresak pertsonek egiten ditugu.
Datozen urteak oso zailak izango dira, eta jendearen ikarak-eta enpresak kontuan hartu behar ditu. Komunikazioa horretan oso garrantzitsua da. Enpresaren ongizate mentala edo muskulua landu behar da. Eta horrelako proposamenek hori mantentzen laguntzen dute. Agian, berrikuntzaz eta sormenaz asko hitz egiten dugun honetan, industria munduan fokua beti jartzen dugu produktuaren berrikuntzan. Agian, iristen dira beste garai batzuk zeinetan beste formula batzuk sortzen diren. Baina horretarako elkarrekin egin, pentsatu, irudikatu beharko dugu. Eta horretan, esan dizudan guztiagatik, hizkuntza bisuala, ezinbestekoa da.
"Datozen urteak oso zailak izango dira, eta jendearen ikarak-eta enpresak kontuan hartu behar ditu. Komunikazioa horretan oso garrantzitsua da. Enpresaren muskulua landu behar da"
Testuinguru horretan, Visual Thinking Global Summita egingo duzue Bilbon, datorren astean. Zergatik egingo duzue?
Segur aski esan dizudan azken honengatik. Lehen konferentziak egiten ziren, baina orain goi bilera egitera pasa gara. Urtero egiten ziren, nazioarteko elkarte batekin. Baina gure artean egiten genuen, honetan ari garen erraztzaile bisualak; alegia, bilkura bat zen. Halako bilkura izateak ahalbidetzen du beste sektoreetara zabaltzea, erantzunak elkarrekin eman behar ditugulako. Gure ekarpena da visual thinkinga ekartzea, baina elkarrekin ikusi behar dugu zeintzuk diren etorkizuneko eszenatoki horiek, erantzun partekatuak eman behar ditugulako. Hausnarketok geroz eta gehiago zabaldu, erantzunak geroz eta hobeagoak izango dira.
Eta zergatik Bilbon?
Beti egin izan dira AEBtan, 2014koa eta 2018an izan ezik. 2019an egin zen azkeneko aurrez aurrekoa, New Yorken, eta post-it batekin proposatu zidaten hurrengoa —2021ekoa— Bilbon izan zedin. Niri halako gauzak gustatzen zaizkit, eta aurrera egin genuen. Urtebete baino pixka bat gehiago daramagu lanean. Epikoa izan da muntaketa, bizi dugun testuinguruan. Erresilientziak, talde lanak, sormenak lagundu digu aurrera egiten. Sekulako proposamen polita egiten ari gara. Hizkuntza bisuala dago, baina tokia ere erakutsi nahi dugu, euskaldunok eskaintzen duguna, asko dagoelako. Espresio artistikoak ere izango dira. Eta Zorrotzaurreko La Terminalean egingo dugu.
Nola dago antolatuta?
Hizlariak pentsamendu bisualaren mundutik kanpokoak izango dira. Shake it to shape it da leloa, alegia, astindu forma emateko. Mundua eta gu geu astinduak gaude, eta horri erantzunak eman behar dizkiogu. Horretarako lehenengo eguna izango da lurreratzea, eta euskal sukaldari bat izango dugu. Bigarren eguna izango da konektatu, eta hizpide izango dugu nola lan egin ekosistema interkulturaletan. Hirugarren egunean fokua izango da eraldaketa, eta etorkizun digitalez hitz egingo dugu. Eta azkeneko egunean hitz egingo dugu ekonomia sortzaileez, jasangarritasunaz, enpresa proposamen jakin batzuetatik abiatuz. Arratsaldeetan, egunero, metodologia zabalak izango ditugu. Eta espazio irekiak ere izango ditugu, jendeak euren proposamenak egin ditzan, ura erabilita, hiritik ibilita eta natura baliatuta. Horrekin batera, euskal jaiak izango dira.