BCCek eta Eroskik elikaduraren sektorea jasangarriagoa egiteko konpromisoa berretsi dute
Datozen lau urteetan hiru ardatz nagusiren baitan egingo dute lan: prestakuntza, hedapena eta berrikuntza
Basque Culinary Centerrek eta Eroskik bidea batera egiten jarraituko dute. Beste lau urterako hitzarmena berritu dute gaurkoan, eta honela, gastronomiaren berrikuntza, prestakuntza eta hedapena sustatzen jarraituko dute, fokua osasunean eta jasangarritasunean jarriz. Hitzarmenaren ekitaldian izan dira BCCeko zuzendari nagusia, Joxe Mari Aizega, eta Eroskiko idazkari nagusia, Mikel Larrea.
Larrearen esanetan, gastronomiaren arloan BCCrekin duten hitzarmena "eztabaidaezina" da, eta azaldu du akordioa berrituta erabat konprometituta daudela kontsumitzaileak heztearen eta ohitura osasungarriak bultzatzearen garrantziarekin. Lankidetzaren inguruan, aipatu du aukera ematen diela tokiko produktuen balioa sustatu eta sukaldaritzatik kanpo ere garrantzia aitortzeko.
Aizega ere pozik agertu da konpromisoa berritu delako: "Plazera da Basque Culinary Centerrentzat Eroski bidelagun izatea, izan ere balio eta ikuspegi berdinak ditugu elikaduraren eta gastronomiaren sektorean". Proiektu estrategiko honetan, gastronomiaren gaineko prestakuntza ematea nahi dutela gaineratu du, berrikuntza sortuz eta ezagutza hori gizartean hedatuz.
Hamarkada bat batera
Beste lau urtetarako berritu dute lankidetza hitzarmena, eta jada hamar urte daramatzate elkarrekin lanean BCCek eta Eroskik. Urte hauetan hainbat proiektu egin dituzte, besteak beste, produktuen kalitatea ebaluatzeko hainbat modu eta ohitura osasungarrietan lotutako hezkuntza. Orain, datozen lau urtetarako hiru ardatz nagusi zehaztu dituzte: prestakuntza, hedapena eta berrikuntza.
Prestakuntzari dagokionez, elikadura orekatuaren eta ohitura osasungarrien baitan sentsibilizazio lana egin dute urte hauetan bi erakundeek, eta horren erakusle da BCCek emandako Ikasgelako chef-a izeneko programa. Horrez gain, gazteentzako udaleku gastronomikoak ere antolatu dituzte, eta horrek guztiak gastronomia hedatzen lagundu du.
Hedapen proiektuak egiten dituzte elkarrekin, tartean tailerrak eta ikastaro trinkoen programak gastronomiazaleentzat. Berrikuntzaren alorrean, bi erakundeek Eroski-BCC Onenak deituriko ekimena antolatzen dute, jasangarritasunaren, tokiko produktuaren, berrikuntzaren eta osasunaren alorrean profesionalek proiektu ekintzaileak aurkezteko.